Orientazioa

ORIENTAZIO KIROLA

Mapa eta iparrorratz batez baliatuz, egin nahi dugun bidea aurkitu eta jarraitzea, aspaldidanik egiten den ekintza bat da. Hasiera batean, itsasgizonek edo/eta mendizaleek erabiltzen bazuten, gaur egun kirol bihurtu da.

Kirol honen gakoa, mapa eta iparrorratz baten laguntzaz mendian kokatuta dauden kontrolgune batzuk aurkitzean datza, ahal den denbora laburrenean.

Froga hauetarako erabiltzen diren mapak espresuki diseinaturik egoten dira. Eta zehaztasun handiz irudikatzen dituzte errealitateko detaile txikienak.

Mapan zirkuluen bidez igaro beharreko puntuak seinalatzen dizkigute. Puntu hauetan baliza batzuk dauzkagu. Baliza horiek txuri eta laranja dira. Balizaren ondotik eta bertatik pasa garela ziurtatzeko pintza zulagailu bat egoten da.

Korrikalari bakoitzak erabakiko du baliza batetik bestera joateko biderik azkarrena eta egokiena.

Irteera puntua triangelu batez adierazten da mapan eta helmuga bi zirkuluen bidez.

Baliza bakoitzetik igarotzerakoan “kontrol txartela” zulatu behar da. Kontrol txartel bakoitza zenbatutako laukitxo ezberdinez osatua dago eta baliza bakoitzean dagokion laukitxoan markatu beharko da.

Normalean, korrikalariak banaka irteten dira eta erlojuaren kontra korritzen dute.

MAPAREN INGURUKO TEORIA

Mapa

Iparra

Mapetan behetik goranzko marra batzuk irudikatzen dira. Marra horiei “Meridianoak" deitzen zaie. Meridianoek Ipar-Hego lerroa irudikatzen dute.

Hau da, mapa baten goiko aldea iparra izango da eta, beheko aldea, hegoa.

Eskala

Mapa guztiek eskala bat erabiltzen dute. Horrek, zatiki baten bidez errealitatea eta maparen arteko erlazioa adierazten digu.

Honela, mapan neurtutako distantzia bat errealitatean zenbat bider handiagoa den adierazten digu.

Adibidez, 1:10.000 mapa batean, zentimetro bat errealitateko 10.000 zentimetro izango dira.

Hala ere, mapan zentimetroak erabiltzen ditugun moduan, errealitatean metroak erabiliko ditugu. Hau kalkulatzeko nahikoa dugu eskalak adierazten digun zenbakiari azkeneko bi zeroak kentzea.

Honela, 1:10.000 mapa batean, mapako zentimetro bat errealitateko 100 metro izango dira.

Ikurrak

Errealitatean agertzen diren elementu gehienak (etxeak, basoak, ibaiak, bideak, eta abar), mapan ikur berezi batekin adierazten dira. Ikur bakoitzaren esanahia, normalean, maparen azpialdean agertzen da.

Orientazio kirolean erabiltzen diren mapa guztiak ikur berdinak erabiltzen dituzte IOFaren (Nazioarteko Orientazio Elkargoa) zehaztapenak jarraituz.

Ikur horiek kolore ezberdinaren arabera sailkatzen dira:


  • Marroi kolorea: Sestra kurbak eta, oro har, lurrak hartzen dituen formak adierazteko.

  • Margo beltza: Haitz eta harrientzat, baita gizakiak egindako eraikuntzentzat ere.

  • Margo urdina: Ibai, erreka, aintzira eta, oro har, ura adierazten duten elementuentzat.

  • Margo berdea: Landaretza adierazten du. Zenbat eta argiagoa, orduan eta esparru garbiagoa.

  • Margo zuria: Basoa adierazteko erabiltzen da.

  • Margo horia: Belardi eta soroetarako erabiltzen da.

  • Margo purpura: Ibilbidea eta baliza puntuak seinalatzeko.

Ikus ditzagun ikur oikoenak:

Sestra kurbak

Sestra kurbak mapetan, paisaiaren erliebea edo altuera aldaketa adierazteko erabiltzen ditugun marrak dira.

Altuera berdina duten puntuak lotzen dituzten lerro irudikariak dira.

Sestra kurbek paisaiaren aldapak adieraziko dizkigute; bat bestearen ondoan agertzen badira, paisaia aldapatsua dela esan nahiko du. Aldiz, banatuta baleude, paisaia laua izango da.


Bi sestra kurben arteko altuera diferentzia beti berdina izango da.

Hori ekidistantzia deritzo eta mapa guztietan adierazita agertzen da.

Hobeto ulertzeko ikus dezagun nola marrazten diren mapa batean paisaiaren zenbait forma.


IPARRORRATZAREN TORIA

Iparrorratza

Iparrorratzak beti iparra seinalatzen digun tresna bat da. Iparra erreferentzi bezala harturik, edozein puntu topa dezakegu: Iparrarekiko sortzen duen angelua eta puntuarekiko banatzen gaituen distantzia erabiliaz.

Iparrorratzaren zatiak

Hiru zati nagusi dauzka:


  1. Ohinarria:

  2. Linboa:

  3. Orratz imantatua:


1. Ohinarria:

  • Norabide gezia: Joan nahi dugun norabidea seinalatuko digu.

  • Zuzenkia: Mapetako distantziak neurtzeko erabili dezakegu. Neurriak milimetrotan agertzen dira.

  • Zuzenki egokitua: Alboetan gehien erabiltzen diren eskalara egokitutako bi zuzenki agertzen dira (1:25.000 eta 1:50.000)

2. Linboa:

  • Iparreko gezia: Norabideak lortzeko beti Iparralderantz bideratuko dugu.

  • Iparreko gezi lagungarriak: Aurrekoarekiko paraleloak dira.

  • Angelu graduazio gurpila: 360º-tan banatua. Marra bakoitzak 2º adierazten ditu.

3. Orratz imantatua:

  • Gezi gorriak Ipar aldera seinalatzen du beti.

MAPA ONDO ORIENTATZEN

Mapa erabiltzerakoan komeni zaigu beti ondo orientatua eramatea. Hau da: mapa errealitatearekin bat etortzea. Modu honetan, gauden lekutik ikusten ditugun paisaiako elementuak eta mapan agertzen direnak parekatuak izango ditugu. Hau lortzeko bi aukera dauzkagu:

Errealitateko erreferentziaz baliatzea

Errealitateko erreferentziaz baliatzea: Adibidez, paisaian ezkerrean zuhaitz bat ikusten badugu, ibai bat eskuinean eta etxe bat aurrean, mapa eta paisaiako elementu hauek zentzu berdinean jarriko ditugu.

Iparrorratza erabiltzea

Badago mapa orientatzeko beste modu azkarrago bat: Iparrorratza erabiltzea. Horretarako iparrorratza maparen gainean jarriko dugu eta mapa jiratuz, orratz imantatua meridiano lerroekiko paralelo jarriko dugu; mapako iparra orratz imantatuak adierazten digunarekin parekatuz.

NORABIDEAK MAPAN KALKULATZEN.

Puntu batetik beste batera heltzeko, jarraitu beharreko norabidea bilatzen lagunduko digu. Norabide bat jarraitzeko iparretik zenbat gradu desbideratu behar garen adierazten du.

Norabide bat bilatzeko iparrorratza erabiliko dugu eta hiru pausu baino ez ditugu jarraitu beharko:

Lehenik, iparrorratzaren alde luzearekin gu gauden lekua eta iritsi nahi duguna lotuko dugu. Norabide geziak nahi dugun norabidea seinalatzen du.

Ondoren iparrorratzaren linboa mugituko dugu eta iparreko gezia edo lagungarriak maparen meridianoekiko paralelo jarriko dugu.

Azkenik, norabidea irakurtzea baino ez zaigu geratzen. Horretarako, norabide geziak linboko zein gradu seinalatzen duen ikusi beharko dugu.

NORABIDEAK ERREALITATEAN ADIERAZI.

Kalkulatu dugun norabidea jarraitu nahi badugu (iparretik zenbat gradu desbideratu behar gara), gradu horiek linboan “idatziko” ditugu. Horretarako, linboa mugitu eta dagozkigun graduak "norabide geziaren" gainean jarriko ditugu.

Ondoren iparrorratz guzia mugituz, orratz imantatua (zati gorria) linboko iparreko geziaren gainean jarriko dugu. Orduan norabide geziak seinalatzen digun norabidea izango da jarraitu behar duguna.


Norabide bat jarraitzerakoan ez diogu iparrorratzari begiratuko. Norabide geziak seinalatzen digun norabidean erreferentzi bat hartuko dugu (zuhaitz bat adibidez) eta bertaraino joango gara iparrorratza zertan begiratu gabe. Iristen garenean erreferentzi berri bat bilatuko dugu.

1. Orientación. Cómo usar la brújula.wmv

DISTANTZIAN KALKULUA (ORPOKATZE TEKNIKA)

Bi puntuen arteko distantzia neurtzeko pausoen zenbaketa erabiltzen da. Sistema horri talonamendua edo orpokatzea deritzo.

Modu horretan ibili beharreko distantzia mapa gainean eskalaren bidez neurtu dezakegu eta errealitatean gure pausuen bidez zenbatuko dugu.

Aldez aurretik gure pausu arrunt batek zenbat neurtzen duen kalkulatu beharko dugu.

Horretarako distantzi finko bat (100 metro adibidez) burutzeko zenbat pausu bete behar ditugun kalkulatuko dugu. Hori jakinik, edozein distantzia nahiko zehaztasunez neurtu ahal izango dugu.

AZTARNA ETA ARRASTOEN BIDEZKO ORIENTAZIOA

EGUZKIA

Eguzkia ekialdetik (E) ateratzen da eta mendebaldetik (W) ezkutatzen da. Eskumako eskua eguzkia ateratzen den aldera, eta, ezkerra ezkutatzen den aldera jartzen baditugu, iparra (N) gure aurrean izango dugu eta hegoa (S) gure atzean.

Goizeko lehen orduetan gerizpeak mendebaldea markatuko du, eta arratsaldeko azken orduetan, berriz, ekialdea. Eguerdian, eguzkia gorenen dagoenean, gerizpeak iparra markatzen du.

Zehaztasun gehiago behar izanez gero, metodo hauek erabili daitezke:

Luzeran metro bat inguru duten 2 makila hartu eta lotu biak. Makila bat lurrean sartu eta, bestearekin, konpas eran erabiliz, zirkulu bat markatu lurrean. Behin zirkulua markatuta, hamar minuturo marka bat jarri (harri bat adibidez) lurrean sartuta dagoen makilaren gerizpea bukatzen den lekuan. Harriek, lurrean markaturiko zirkulua bi lekutatik mozten dutenean, lotu 2 puntu horiek eta aurkitu bien tarteko puntua (marraren erdia). Zirkuluaren diametro marrak harrien aldera iparra markatuko du eta hegoa beste aldean izango da. Ekialdea eskuin aldean geratzen da eta mendebaldea ezker aldean.

Jarri makila bat lurrean (laua eta garbia bada, hobeto, bere gerizpea ondo ikusteko). Margotu gerizpea eta gerizpearen puntan jarri seinale bat (harritxo bat, adartxo bat…). Itxaron gerizpea mugitu arte (cm batzuk nahikoak dira). Makillak metro bat luzera badu, 15 minutu nahikoak dira. Zenbat eta luzeago, orduan eta arinago mugituko da gerizpea. Jarri berriro beste seinale bat makilaren gerizpearen puntan. Margotu lerro zuzen bat bi seinaleak lotuz, eta lerro horrek Ekialde-Mendebalde norabidea adierazten du. Lehenengo punta Mendebaldea izango da, eta bigarrena Ekialdea (edozein ordutan eta Lurreko edozein lekutan). Lerro horri margotuko diogu bere lerro perpendikularra, eta horrela lortuko dugu Iparralde-Hegoalde norabidea.

Zenbat argi gelditzen da?

Batzuetan komenigarria izaten da zenbat argiordu gelditzen zaizkigun jakitea. Horretarako besoa luzatu eta, hatz potoloa gora begira dagoela, esku ahurra guri begira jarriko dugu. Eguzkia hatz potoloa eta eskuaren artean sortzen den “L” itxurako angeluan jarriko dugu.

Ondoren, eguzkia eta berau desagertuko den lekuaren arteko distantzia bertikala “hatzetan” neurtuko dugu; hatz bakoitzak, gutxi gorabehera, 15 minutuko argi iraupena adieraziko du. Beraz, lau hatzak sartzen bazaizkigu ordu betez argia izango dugula adieraziko du.

Metodo honek eguzkia noiz irten den jakiteko ere balio du.

ERLOJUA: ORRAZDUN ERLOJUA

Hasteko, hemisferioak bereizi behar dira. Zein hemisferiotan gauden hartu behar dugu kontutan; eguzkiaren kokapena aldatu egiten da eta. Gu ipar hemisferioan bizi gara.

Erlojuak eguzkiaren benetako ordua adierazi behar du, beraz, kontuan izan behar dugu udan 2 ordu aurretik gabiltzala (EHkO 14.00etan errealitatean 12.00ak dira) eta neguan ordu bete aurretik (13.00an 12.00ak izango dira).

Hegoa aurkitzeko erlojuaren orratz txikia jarri eguzkira begira. Hegoa, 12 zenbakia eta orratzaren arteko erdikarian dago beti.

IZARRAK


Gaua argia bada, ipar hemisferioan Iparrizarrak lagunduko digu iparra aurkitzen eta hego hemisferioan “Hegoaldeko Gurutzea” delakoak.

Iparrizarra bilatzeko “Hartz Nagusia” aurkitu behar da lehenik. Honek, 4 izarrez osatutako “karroa” dauka, beste 3 izar karrotik tiraka dituena. Karroaren atzeko 2 izarren ardatza hartuta, zuzen hori bost aldiz luzatuz distira gehiago egiten duen izar bat aurkituko dugu: “Hartz Txikia” edo Iparrizarra da.

BESTE BATZUK

GOROLDIOA.

Zuhaitzetan, harrietan… iparrera ematen duen aldean goroldio gehiago egoten da.

ELURRA

Mendia elurrarekin badago orokorrean elur gutxiago duen aldea hegoa izango da. Eguzkiak perpendikularrago jotzen du eta bero gehiago egiten du, horregatik elurra gehiago urtzen da.

ZUHAITZAK:

Zuhaitzetan haizeak jotzen duenean antzigarra sortzen da. Puntak hegoa seinalatzen dute.

Zuhaitz bat moztuta dagoenean, motzondoan borobil batzuk ikusten dira, zuhaitzen hazkundea dira. Arretaz begiratuz gero marra batzuk besteak baino gehiago daudela aldenduta ikusiko dugu. Hego aldean eguzkiak gehiago jotzen du, horregatik hasten da gehiago alde horretatik; beraz, zirkuluak alde handiago duten lekua hegoa izango da eta gehiago elkartzen diren lekua iparra.

IÑURRIAK

Inurritegietako sarrerak hegoaldera begira egon ohi dira.