Nire Gaitasun Fisikoa Baloratzen

Europako gazteen gaitasun fisikoa baloratzeko “Eurofit” izeneko test edo probak erabiltzen dira. Proba hauek Europako eskola guztietan erabiltzen dira eta helburua dute Europako gazteen indarra, abiadura, malgutasuna eta erresistentzia baloratzea; adin bakoitzari egokitutako taula batzutan oinarriturik.

Hauek dira egingo ditugun test edo probak:

TAPPING TEST

Proba egiteko mahai baten gainean 20 cm-ko diametroa duten bi borobil eta 10 x 20 cm duen karratu bat erabiliko ditugu. Bi borobilen artean 60 cm distantzia egongo da eta bien erdian karratua ipiniko dugu.

Ikaslea mahai aurrean kokatzen da. Esku trebea borobil baten gainean kokatuko du, bestea erdiko karratuaren gainean.

Seinalean (“prest...... aurrera!”), esku trebearekin (karratu gaineko eskua ez da mugituko) borobil bakoitza 25 aldiz ukitu behar ditu, txandaka eta ahalik eta azkarren. Guztira 50 ukitu egin dituenean kronometroa gelditu eta lortutako denbora izango da kontutan hartuko dena.

Bi saiakera egingo dira, bitako onena kontutan hartuaz.

ENBORRAREN AURRE FLEXIOA

Irudian agertzen den kaxoi bat erabiliko dugu. Dena den banku suediar batekin ere konpondu gaitezke.

Ikaslea oinutsik kaxoi edo bankuaren aurrean eseriko da zangoak luzatuak dituela. Enborra flexionatuz eta besoak luzatuz, hatz puntaz erregela ahalik eta urrutien heltzen saiatuko da.

Bi saiakera egingo dira, bitako onena kontutan hartuaz.

10 x 5m JOAN ETORRIKO LASTERKETA

Lurrean 5 metroko distantziara bi marra paralelo marraztuko ditugu.

Ikasleak marraren atzetik irtenda joan etorriko lasterketa bost aldiz egin behar du (Guztira hamar aldiz joan hamar etorri). Itzuli bakoitzean marraren beste aldera bi oinekin pasa beharko da.

Bi saiakera egingo dira, bitako onena kontutan hartuaz.

BESO FLEXIO MANTENDUA

Ikaslea aulki baten gainean hatzak aurrealdera dauzkalarik, barra helduko du. proba aulkia utzi eta barratik zintzilikatzerakoan hasiko da. Kokotsa barraren gainetik eta hau ukitu gabe egongo da. Kronometroa begiak barraren azpitik jaisterakoan geldituko da.

Froga behin bakarrik egingo da.

LUZERA JAUZIA

Ikaslea zutik lurrean markatutako marra baten atzetik jarriko da. Bi oinak elkar dituelarik aurreranzko jauzia egin behar du. Urrutien heltzen ahaleginduko da, bi oinen gainean orekaturik eroriaz. Eskua edo gorputzaren beste atal bat oinen atzetik lurra ukitzen badute saltoa berriz errepikatu beharko da.

Bi saiakera egingo dira, bitako onena kontutan hartuaz.

ABDOMINALAK 30"tan

IIkaslea lastairatxo (koltxoneta) batean gorantz etzanda jarriko da, zangoak 90º flexionaturik, eta eskuak buru atzealdean elkarturik. Laguntzaileak oinak eutsiko dizkio. Seinalean (“prest...... aurrera!”) ukalondoekin belaunak ukitu eta ondoren bizkarrarekin lurra ukitu beharko du; 30” segundotan ahalik eta aldi gehienetan.

Proba behin bakarrik egingo da.

COURSE NAVETTE

Ikasleak kasete batek agintzen duen erritmo edo abiadura jarraituz 20 metrotako ibilbide bat, joan etorrian, ahalik eta denbora luzeenean korritzen ahaleginduko da. Lasterketaren erritmoa minututik minutura, progresiboki azkartzen joango da. Minutuko tarte hauek periodoak deitzen dira. Desplazamendu bakoitzean ertzeko marra zapaldu behar da, kaseteko seinalearekin batera. Kirolariak ez du bueltako bidea hasiko kasetearen seinalea entzun arte.

Markatutako erritmoa jarraitzea ezinezkoa gertatzen zaionean, hau da seinalearekin batera marra zapaltzera iristen ez bada; testa bukatutzat emango da eta lortutako azkeneko periodoa izango da bere emaitza.

Proba behin bakarrik egingo da.

TEST edo PROBEN BALORAPEN TAULA

1. mailako (13-14 urte)
2. mailako (12-13 urte)
3. mailako (14-15 urte)
4. mailako (15-16 urte)