Herri Kirolak

TRADIZIOZKO HERRI-KIROLAK

Euskal Herriko herri-kirolek hainbat kirol-diziplina biltzen dituzte, Euskal Herri osoan praktikatzen direnak. Kirol horiek guztiak landa-inguruneko lanak dira, gerora kirol-jarduera bihurtuak: jarduera bakoitzean nor den trebeagoa jakin nahian, pertsonen arteko lehian oinarritutako kirolak dira.

​Bi hitzetan laburbil daiteke bilakaera hori: “Ezetz egin!”.

​Hala, adibidez, aizkolaritza egurra eskuratzearren enborrak mozteko jardueratik sortu zen; harri-jasotzea, berriz, eraikuntzarako harri handiak mugitzeko jardueratik…

​Ohartuko zinenez, herri-kirol guztietarako indar fisiko handia behar da, baita erresistentzia ere. Bai, halaxe da: astakilo samarrak gara, baina zer egingo diogu... ;)

​Hala ere, kirol hauek parte-hartzaile eta ikusleen apustuek eta erronkek egin dituzte ospetsu.

Euskal Herriko ia herri gehienetan egiten dira txapelketak, herriko jaietan edo azoka garrantzitsuren bat dagoenean. Izan zaitez tradizio horren parte eta bizi bertatik bertara kirol hauen inguruan sortzen den giroa.

​Zorte apur batekin aizkolariren batek aizkora utziko dizu: ikusiko duzu enborrak mozte hori ez dela batere erraza...

https://flickr.com/photos/53477761@N08/20000204471

Txinga erutea

Burdinarekin egin ohi zen lanean du jatorria.

Txinga erutea, pertsona batek plaza batean leku batetik bestera txinga bana eskuekin eramatean datzan kirola da. Normalean 28 metroko plaza batean jokatzen da. Distantzia horrek plaza edo untze izena jasotzen du. Ez dago denbora mugarik eta txingak ez du lurra ukitu behar, bestela epaileak amaitutzat ematen baitu saioa. Txingak distantziarik luzeenean eramaten dituenak irabazten du.

Sokatira probak

Kirol honen jatorriari buruz iritzi ezberdinak daude. Denbora askoan euskal jatorria duen kirola dela esaten zen, baina Egiptoko tenplu batean aurkitutako margo batzuetan 3 gizonezko bi talde ageri dira soktiran. Txinan ere orain mende asko bazituzten soka joko batzuk. Beraz oso zaila da jatorri zehatza zein den jakitea.

1900 eta 1920. urteen bitartean Olinpiar Jokoetako kirola izan zen.

Sokatiran, partaide ezberdinek osatutako bi taldek soka baten alde bietan jarrita, bakoitzak bere aldera tira egin behar du.

Kirolaren helburua adierazitako leku edo marka jakin batetik beste taldea pasaraztea da. Talde bakoitzean 8 pertsona izaten dira, euretariko batek taldea zuzentzen duelarik. Badira 4 pertsonaz osatutako taldeekin egiten diren lehiaketak ere.

Pisuaren arabera proba ezberdinak egoten dira, talde bakoitzeko partaideen pisuaren gehiketa kontuan hartuta. 560, 600, 640, 680 eta 720 kilogramotako kategoriak alde batetik, eta pisu librekoa bestetik.

Gaur egun mundu osoan praktikatzen den kirola dugu eta Nazioarteko Sokatira Federazioak Lur Gaineko eta Goma Gaineko munduko txapelketak antolatzen ditu bi urterik behin. Euskal Selekzioak ofizialtasuna du lehiaketa hauetan parte hartzeko.

Lokotx Biltzea

Joko hau Hegoaldean egiten zen batik bat, baina gaur egun Iparraldean ere ohikoa da Herri Kirol lehiaketetan modalitate honen praktika ikustea. Baserri giroan du jatorria eta batik bat gazteek egiten zuten.

Lokotx Biltzeak tarteka eta ilara batean jarritako lokotx edo egurrezko zatiak banan banan hartu eta ilararen mutur batean dagoen saski batera ahalik eta denbora laburrenean sartzea du helburu. Jokoa banaka nahiz taldeka joka daiteke, azken kasu honetan taldekide adina ilara eta saskiak jartzen direlarik.

Segalari proba

Baserri giroan du jatorria, belarra segarekin nork gehien moztuko zuen ikusteko desafioak egiten ziren.

Kirol hau Alemania, Suitza, Eslobenia edo Tirol bezalako herrialdeetan ere oso ezaguna da.

Segalaritza sega erabiliz denbora jakin batean (normalean ordu bete) ahalik eta belar gehien moztean oinarritzen den kirola da.

Aizkolari probak

Herri Kirol guztietan gertatzen den bezala, aizkora proben jatorria langileen arteko desafioetan dago, basoko langileetan hain zuzen. Lehenbiziko apustuak basoan jokatzen zirela esaten da baina denborarekin herrira jaitsi ziren. Ahots batzuek ordea, kirol honen jatorria sutarako egurra moztetik datorrela diote.

Aizkora proben gaineko lehenbiziko erreferentzia idatzia Hernaniko (Gipuzkoa) plazan jokatutako apustu bat da, 1802ko ekainaren 7an hain zuzen.

XIX. mendean Euskal abertzaletasunaren hedapena mesedegarri izan zen Herri Kirolentzat orokorrean eta aizkolaritzarentzat bereziki, izan ere Euskal Jai guztietan aizkolarien arteko desafio eta erakustaldiak izaten ziren.

Helburua enbor bat edo gehiago aizkoraz ahalik eta denbora gutxienean moztea da, eta banaka, binaka edo taldeka lehiatu daiteke. Enborra zutik edo etzanda egon daiteke.

Trontzalari probak

Euskal Herrian gehienbat pirineo inguruko herrietan egiten zen kirol hau, baina gaur egun gainontzeko lurraldeetan hedaturik dagoen modalitatea dugu.

Europan Alemanian, Austrian, Txekiar Errepublikan, Frantziako Alpeetan, Herbereetan, Erresuma Batuan, Norbegian eta Suitzan egiten da. Amerika eta Ozeanian ere hedaturik dagoen kirola dugu.

Trontza bi helduleku dituen trontza izeneko zerra motarekin egiten den kirola da. Egurra etzanda edo bertikalean ebakitzen da. Bi kirolari jarduten direnez, bien artean koordinatu behar dira trontzaren alde batetik edo bestetik tira egiteko. Trontzan diharduenari Trontzalari deitzen zaio.

Harrijasotzaile

probak

XX. mendearen hasieran harrien pisuen arautegia egiten hasi zen, lau forma geometriko nabarmenduz: zilindrikoa, kubikoa, esferikoa eta angeluzuzen paralelepipedoa.

Harri-Jasotzea, harri bat lurretik hartu eta sorbaldaraino jasotzean datza. Jarduera honetan dabilen kirolariari harrijasotzaile deritzo.

Zaku eramatea

Jokoak garai bateko mugalarien lana irudikatzen du, non maiz zakua bizkarrean zutelarik poliziarengandik ihesi joan behar izaten zuten.

Zaku Eramatea, zaku bat bizkar gainean distantzia mugatuan ahalik eta azkarren eramatea helburu duen kirola da. Lasterketa banaka nahiz taldeka, erreleboetan, egin daiteke. Gehienetan jokalari bakoitzak zeharkatu behar duen distantzia 120 metrokoa da eta zakuak 80 eta 40 kilokoak izaten dira gizonezko eta emakumezkoen lasterketetarako, hurrenik hurren.

Harrizulatzaile probak

Kirol honek meategietan du jatorria, izan ere harrietan lehergailuak sartu ahal izateko horrela egiten baitzituzten zuloak.

Gaur egun, kirola hedatuta dago batez ere Bizkaiko mendebaldean, bereziki Meatzaldean baina baita Ezkerraldean ere. Azken urteotan Bizkaiko beste eskualde batzutara hedatu da, Txorierri edo Busturialdera adibidez. Azken honetan gaur egun herri kirol modalitate hau praktikatzen duten bi talde daude

Harri Zulaketa denbora jakin baten harri batzuei zuloak egitean datzan Herri Kirola da. Kirol hau egiten dutenei harrizulatzaile deitzen zaie.

Irabazlea zulo gehien egiten duen taldea edo norbanakoa izaten da. Kirolari batek zuloa egiten diharduen bitartean bigarren batek hauspoa erabiltzen du garbitzeko edota ura botatzen du errazago zulatzeko, beste hirugarren bat atsedenean dagoelarik.

Ingude altxatzea

Ingudea, ohiko lan tresna da errementaritzan. Errementariek beraien lana egiteko leku batetik bestera joan behar zutenean ingudea aldamenean eramaten zuten, adibidez zaldiak xakitzeko orduan. Aizkora edota sega bezalako tresnekin gertatu bezala, ingudea ere lehiakideen arteko indarra neurtzeko apustu eta desafioetan erabilzen hasi zen.

Iparraldean errementarien eta nekazarien artean indarra neurtzeko erabiltzen zen ingudea.

Aintzina egiten ziren desafioetan ingude handi eta pisutsuak erabili ohi ziren, baina gaur egun prakrtika hori ez da egiten.

Kirol hau Iparraldean sortu zen, eta hortik Hegoaldera pasa zen, Iparraldeko Jokoak izenarekin ezagutzen ditugun beste jokoekin gertatu zen bezala.

Burdinezko ingude bat minutu eta erdi batean altuera jakin batera ahalik eta aldi gehienetan altxatzean datza.

Lasto altxatzea

Herri kirol honen jatorria baserrietako sabaietara lastoa igotzeko egiten zen lanean dago. Zenbait baserritan gaur egun ere mantentzen dira puila deituriko errotila batzuk.

Lasto Altxatzea lasto fardel bat denbora mugatuan eta garaiera jakin batera ahal den gehienetan jasotzean datza.

Frogaren iraupena normalean bi minututakoa izaten da. Fardelak 45 kg ditu gizonezkoentzat eta 30 kg, emakumezkoentzat. Garaiera, berriz, gizonezkoentzat, 7 metrokoa eta emakumezkoentzat, 5 metroko da. Altxaldia ontzat emateko fardela lotzen duen korapiloak txirrikan jo behar du.

Lehenengo altxaldia sokatik indarrez tiratuz egiten da, ondorengoetan berriz gorputzaren pisua erabili ohi da kontrapisu moduan. Fardela erortzerakoan lurra ukitu baino metro batzuk aurretik soka heldu eta fardelaren erortze indarra erabiltzen da kirolaria gorantz eramateko. Lortutako garaieratik eta bere pisuaz baliatuz errazago suertatuko da fardela berriz altxatzea.

Lasto botatzea

Kirol honen jatorria zelaietan batzen zen lastoa orga gainera botatzean dagoela esaten da. Kirol hau Iparraldean praktikatzen zen gehien bat baina gaur egun gainontzeko lurraldeetan oso hedaturik dago. Altura jauziaren moduan, hiru saiakera dituzte barra gainditzeko eta gero eta altuago kokatzen dute barra kanporaketa bakoitzean.

Euskal Herrian ez ezik Irlandan, Eskozian eta Australian hedatuta dagoen kirola dugu. Herrialde haueterariko bakoitzak bere arauak erabiltzen ditu baina kirolaren funtsa berdina da denetan.

Lasto Botatzea sarde bat erabiliz jaurtitzailea baino altuagoa den barra baten gainetik lasto fardo bat botatzean datza.

Orga Jokoa

Iparraldean du jatorria kirol modalitate honek. Errepideetako zuloetan orga sartzen zenean beharrezkoa zen gizakiaren indarra bertatik ateratzeko.

Lehen txapelketa Donapaleun (Nafarroa Behera) antolatu zela esaten da orain 50 urte inguru.

Orga Jokoa orga bati ahalik eta bira gehien emanaraztean datza. Orga lurrari lotuta dago mutur batean. Kirolariak orgari atzeko aldetik heldu behar dio eta birak eman behar dizkio, orgaren gurpilak lurra ukitu gabe.

Arraunketa

Arraunketa kirol gisa Euskal Herrian nola sortu zen aztertzeko, gizakiak bizirauteko erabili izan duen eguneroko jarduerari, lanbideari, erreparatu behar diogu. Arrantza izan zen, batetik, arrauna lehiaketen aurrekaria euskal uretan. Harrapatutako arraina portuan saltzeko zeinek lehenago ekarri lehian aritzen ziren arrantzaleak.

Arrantza jarduerarekin batera, ordea, arraunketa lehiaketek beste aurrekari bat ere izan zuten: itsas portu handietan, Bilbaon eta Pasaian, batik bat, belaontzi handiak atoian portura garraiatzeko, traineruak erabiltzen ziren, eta horrek ere lehiak eragin zituen. Traineruek talaiatik begiztatutako ontziak porturatzeko ibilbide luzeak egin behar izaten zituzten, norgehiagokan, nor lehenago iritsi, lan horren truke ematen zen diru saria eskuratzeko.

Arrantzan edota atoian zebiltzan gizonen arteko erronka haiek herrien arteko desafioak ere sortu zituzten, eta, ondorioz, aurreneko estropaden antolaketa. Dena den, traineruen artean izandako aurreneko lehia antolatua ez zen apostu hutsala izan. Bermeo eta Mundaka herrien artean dagoen Izaro uhartearen jabetza izan zen norgehiagokaren arrazoia.

Giza probak

Erreka harri borobilez egindako plazetan lehiatzen da normalean harriak ondo irrista dezan. Gerria ahalik eta tinkoen mantentzea eta lan gehiena hankekin egitea ezinbestekoak dira.

Nabarmentzekoa da Nabarnizen dagoen zaletasuna, probaleku hartan hainbat desafio eta txapelketa ospatu dira.

Giza Probak harri pisutsu bat denbora mugatu batean ahalik eta distantzia luzeenean garraiatzean datzan proba da. Taldeka nahiz banaka jokatu daiteke eta harritik tiratzeko kirolariak kate batez harria lotzen duen gerriko bat jartzen du eta atzerantz tiratzen du. Bidea plazan eta joan etorrian egiten da.

Idi probak

Idi Proben jatorria antzinean euskal baserritarrek lurra lantzeko eta garraiorako erabiltzen zuten idietan dago. Lan horietatik erronka eta apusturako jokoa sortu zen.

Idi Probak, idi pare batek (batzuetan idi kopurua handiagoa bada ere) 1.500 eta 4.500 kilogramo arteko probarria izeneko harria probaleku edo plaza batean zehar denbora mugatu batean ahalik eta distantzia luzeena (untze izeneko unitatetan neurtuta) egitea helburu duen herri kirola da. Idiak gidatzen dituenari idi-probalari edo akuilari deritzo.

Harria angeluzuzena izaten da, zertxobait estuagoa aurreko aldean, non katearentzako zulo landu bat duen. Pisua aldakorra izaten da herriaren arabera.

Asto probak

Asto Probetan 600 kilo inguruko harriak erabiltzen dira. Proba hauek Bizkaian dute ospe gehien, eta nabarmentzekoak dira Mendatan Errege egunean egiten diren probak.

Asto Probak asto batek probarri bat denbora jakin batean ahalik eta distantzia luzeenera eraman behar duen animalia proba da.

Zaldi probak

Zaldi Probetan 900 kilo inguruko harriak erabiltzen dira. Proba hauek Bizkaian dute ospe gehien, aipagarria da Lea Artibai eskualdean dagoen zaletasuna edota Berangon ospatzen den Jose Antonio Landa Memoriala. Gipuzkoan ere zaletasun handia dago.

Zaldi Probak zaldi batek probarri bat denbora jakin batean ahalik eta distantzia luzeenera eraman behar duen animalia proba da.

http://herrikirolakbizkaia.eus/