Eskubaloia

1. JOKO EREMUA.

Joko eremua 40 m luze eta 20 m zabaleko laukizuzen bat da;

  • alde luzeenei “alboko marra” deitzen zaie
  • eta motzenei “ateko marra”.

Joko eremua bi zatitan banatuta dago ateko marren paraleloan dagoen erdiko marra baten bidez, eta 2 ateko area daude.

Oinarrizko seinalizazioa.

  • Jaurtiketa librearen marra: marra eten baten bidez markatzen da, atetik 9 metrora.
  • Penalti puntua: metro bateko luzera duen marra batez adierazten da eta atetik 7 metrora.
  • Ateko arearen marra: 3 metroko marra zuzen baten bidez markatzen da ateko marratik 6 metrora, mutur bakoitza 6 metroko erradioa duen zirkulu laurden batez osatzen da.

Ateak:

  • Ate bakoitza ateko marran erdiratuta kokatu behar da. . Barruko neurriak 2 m altu eta 3 m zabal dira.

2. TALDEAK ETA IRAUPENA

Iraupena:

Partidak 2 denbora ditu (30`+ 30`) eta denboren artean 10 minutuko atsedenaldia egiten da.

Jokalariak:

6 jokalari + atezain 1.

Joko eremuan, eta aldi berean, talde bakoitzeko gehienez ere 7 jokalari egongo dira (jokalekuko 6 jokalari eta atezaina). Gainerako jokalariak ordezkoak dira.

Talde bakoitzak nahitaez atezain batekin jokatu behar du. Atezain lanetan aritu den jokalaria jokalekuko jokalari gisa aritu daiteke elastikoa aldatu ondoren, era berean jokalekuko jokalari bat atezain gisa aritu daiteke elastikoa aldatu ostean.

Aldaketak:

Baloiaren jabetza duen taldeak soilik egin ahal izango ditu aldaketak, lesioren bat edo istripuren bat gertatzen denean izan ezik, orduan edozein unetan egin ahal izango baitira.

Puntuazioa:

Gol bakoitzaren balioa batekoa da. Talde bakoitzak partidan zehar sartzen dituen gol guztiak kontuan hartzen dira. Azken emaitza bi taldeen arteko golen aldeak erabakiko du.

3. ARAUAK

Ateko area.

Atezaina bakarrik egon daiteke ateko arean. Jokalekuko jokalariren batek gorputzeko edozein atalekin ateko area ukituz gero, baita ateko arearen marra ere, area barruan sartu dela ulertuko da eta zigortu egingo da.

Nola jokatu daitekeen baloia.

Onartzen da:

  1. Baloia jaurti, kolpatu, bultzatu, ukabilez jo eta gelditzea edo esku, beso, buru, soin, izter eta belaunen laguntzaz baloia hartzea.
  2. Baloia 3 segundoz gehienez edukitzea, nahiz eskuetan nahiz lurrean dagoela.
  3. 3 urrats egitea gehienez , baloia eskuetan dela. Urratsa izango da honakoetan:
    1. Bi oinak lurrean dituela, jokalari batek oin bat jaso eta berriz lurrean jartzen duenean edota oina jaso edo mugitzen duenean.
    2. Oin bat lurrean duela, jokalari batek baloia hartu eta jarraian beste oinarekin lurra ukitzen duenean.
    3. Jauzi-gailurrean dagoen jokalari batek oin bakarrarekin lurra ukitu eta oin beraren gainean berriz jauzi egiten duenean , edo beste oinarekin lurra ukitzen duenean.
    4. Jauzi-gailurrean dagoen jokalari batek bi oinak batera lurrean jarri eta oin bat jaso eta berriz ere lurrean jartzen duenean edo oina mugitzen duenean.
  4. Dobleak, bikoitzak edo bi ukituko falta: Jaurtiketa libre batekin zigortzen den falta; jokalari batek, nahita, baloia bi aldiz jarraian ukitzen duelako ezartzen da, hau da, ukitu batetik bestera baloiak lurrik, aterik, beste jokalariren bat edo arbitroa jotzen ez duelako.

Aurkariarekiko portaera.

Onartzen da:

  1. Baloia eskuratzeko besoak eta eskuak erabiltzea.
  2. Aurkariari baloia kentzea ahurraz eta edozein aldetatik.
  3. Aurkariari bidea oztopatzea soinarekin, baloia ez eduki arren.

Jaurtiketa librea.

Jaurtiketa librea txilibitua jo gabe eta, nagusiki, falta gertatu den lekutik egiten da. Falta ateko arearen marra eta jaurtiketa librearen marra artean gertatu bada, erasoan ari den taldearen aldeko jaurtiketa librea jaurtiketa libreko marratik egingo da, falta puntutik gertuen dagoen lekutik, eta sakea egiten den bitartean erasoan ari diren jokalariek ezingo dute marren arteko eremuan egon.

7m-ko marrako jaurtiketa.

7m-ko marrako jaurtiketa zuzenean ate aldera egin behar da, arbitroak txilibitua jo eta ondorengo 3 segundotan. Jaurtiketa egiten den bitartean, jaurtitzailea bakarrik egon daiteke ateko arearen eta jaurtiketa librearen marren artean. Jokalari horrek ez du 7 metroko marra ukitu edo gainditu behar baloia bere eskutik atera aurretik. 7m-ko marrako jaurtiketaren ondoren ezingo da baloia berriz jokatu ez badu atezaina edo atea ukitzen.

Jaurtiketak.

Erdiko eta alboko sakea, jaurtiketa librea edo 7ko marrako jaurtiketa egiten denean, jaurtitzaileak lurretik altxa gabe eduki behar du oinetako bat, bestea, berriz, altxa edo lurrean jarri dezake zenbaitetan. Baliozko gola lortu daiteke zuzenean jaurtiz edozein sake edo jaurtiketatik.

Geldotasuna.

Talde batek, denbora galtzeagatik, baloia jokatu gabe edota erasotzeko nahiz jaurtitzeko inolako asmo garbirik erakutsi gabe, baloia bere eskuetan edukitzea.





4. ERASO ETA DEFENTSARAKO KONTZEPTU OROKORRAK

ERASOA

BALOIA HELDU

Hau izango da erasoko elementu guztien oinarria; hau gabe ezin izango baitugu beste elementu teknikoen erabilera egokia egin. Baloia eskuetara moldatu eta era berean baloia ezagutzea eta menperatzea izango dira lortu beharrekoak.

  • Baloia mantentzearen segurtasuna.
  • Hurrengo ekintzetarako aurre-disposizio egokia.
  • Edozein mugimendurako naturaltasuna.

KONTUAN HARTU BEHARREKOAK

  1. Baloia eskuan gogor eutsi behar da (jabetza mantentzeko) baina ez du zurruntasunik egon behar (erabilera errazteko).
  2. Baloia erabiltzerakoan garrantzitsua da denbora guztian baloiari ez begiratzea.
  3. Beharrezkoa da baloi erabileraren ikaskuntzan bi eskuak erabiltzen jakitea.
  4. Jabetzaren segurtasuna handitzeko baloiak ez du esku-ahurra ukitu behar.

OHIKO AKATSAK

  1. Baloia esku-ahurraz ukitzea.
  2. Behatzen zurruntasuna edo ukipen eskasa izatea.
  3. Baloiari denbora guztian begiratzea.

BALOIAREN HARRERA

Baloiaren harrera, pasearen antzera, oso elementu garrantzitsua izango da gure taldekideekin harremanetan jartzeko. Elementu hau ez menperatzeak hurrengo ekintzen zailtasuna handituko du. Beraz, elementu honen garapenak onurak ekarriko ditu bai jokoaren jarraipenean, bai segurtasunean, abiaduran...

KONTUAN HARTU BEHARREKOAK

  1. Baloiaren bila joan behar da, eraso egin behar da. Besoak baloirantz luzatu, esku-ahurra eta behatzak baloirantz bideratuz.
  2. Behin harrera egin eta gero, baloia kontrolpean eduki beharko da (aurkarietatik urrun).
  3. Garrantzitsua da ahalik eta ikus eremu handiena mantentzea (baloia etortzen zaigun unean, begirada baloian finkatu).
  4. Harrera mugimenduan egiten saiatu behar da, jokoaren jarraipena ekintzara zuzendu behar da (besohanken bereiztea, banantzea (disoziazioa).

OHIKO AKATSAK

  1. Zurruntasuna beso, esku edo/eta behatzetan (amortiguazio falta).
  2. Eskuak gehiegi aldendu beraien artean (baloia esku tartetik pasatzen da).
  3. Harrera geldirik egitea (jarraipena apurtu).
  4. Hanken orientazio desegokia (joko erritmoa apurtu).
  5. Baloiaren ukipen unea:
    1. Aurreratua (besoak guztiz luzatuak).
    2. Atzeratua (besoak guztiz atzeratuak).

BOTEA

  • Baloiarekin mugitu nahi dugunean ezin ditugu hiru pauso baino gehiago eman, gehiago eman nahi izanez gero baloia botatu egin behar da. Beraz, botea izango da baloiarekin aurrera egiteko erabiliko den elementua.

KONTUAN HARTU BEHARREKOAK

  1. Botatzen den bitartean baloiari ez zaio denbora guztian begiratu behar (ikus eremua mantendu).
  2. Botatzeko garaian era guztietako desplazamendu, abiadura, mugimenduak... landu behar dira, botea egoera desberdinetan menperatu ahal izateko.
  3. Botatu baino lehen, pauso zikloa erabiltzea gomendagarria da (hiru pauso-bote-hiru pauso).
  4. Botea bai ezkerrarekin bai eskuinarekin menperatu behar da.
  5. Botatzerakoan baloia aurkaritik ahalik eta urrutien mantendu behar da.

OHIKO AKATSAK

  1. Botatzean baloiari begiratzea etengabe (guk kontrolatu behar dugu baloia eta ez baloiak gu).
  2. Botea abiadurarekin bat ez egotea.
  3. Bikoitzak egitea (baloia jo egin behar da).
  4. Baloia defenditu gabe botatzea.
  5. Baloia jaso eta berehala botatzea.
  6. Aurreratzeko botea erabiltzea taldekideak egoera onean direnean.
  7. Besoa edota eskumuturra zurrunegi izatea, baloiaren norabidea kontrolatzea oztopatuko digu.

PASEA

Harrerarekin batera taldekideekin erlazionatzeko elementua da. Oso elementu garrantzitsua da eskubaloiaren jokoan, zelaian zehar aurrera egiteko erarik azkarrena baita. Era berean, jaurtiketa egokia lortzeko erabiltzen den elementu nagusia da pasea.

Baloi harrerarekin harreman estua dauka eta batera landu behar dira (pasea paretaren aurka lantzeak ez du zentzurik).

Pase mota:

  • Hanka bermatuzko pase, hanka-geldian egindako pase: Oin bat gutxienez, edo baita biak ere, lurraren gainean daudela egindako pasea.
  • Pase zuzendu: Beso jaurtitzailearen kontrako alderantz egindako pasea; gorputz-enborra beso egilearen kontrako aldera tolesten da, eta beso jaurtitzaileak keinua burutik ahalik eta gertuen egiten du.
  • Jauzi-gailurreko pase, esekidurazko pase: Jokalari batek gora jauzi egin eta jauziaren gorenean dagoenean egindako pasea.

KONTUAN HARTU BEHARREKOAK

  1. Paseak zehatzak izan behar dira: norabide egokiaz gain, altuera ere neurtu behar da. Horrez gain, taldekideen abiadura kontuan hartu beharko dugu baloiari norabide eta indar egokia emanez, hau da, gure taldekidea korrika ari denean aurrerantz egin behar zaio pasea bere abiadura gal ez dezan.
  2. Hobekien kokatuta dagoen taldekideari pasa behar zaio (markaketa gertua ez daukaten jokalarien artean aurkarien atetik gertuen dagoenari).
  3. Pasea egitean aurkariak ez du nori pasatuko zaion jakin behar (hartzaile izango denari denbora guztian ez begiratu). Era berean, ahalik eta ikus eremu zabalena eduki behar dugu.
  4. Pasea egiten dugun besoaren aurkako hanka aurreratu behar da; honela mugimendu orekatua lortuko dugu. Era berean goiko eta beheko atala bereiztu behar da. Adibidez, hankak atera begira eta gorputza eskuinera, pasea egiteko.
  5. Pasearen zehaztasuna eskumuturrak definitzen du. Beraz, eskumuturraren mugimenduak landu behar dira.
  6. Pasearen irakaskuntzan urratsak ere landu behar dira.
  7. Paseak eskuinez eta ezkerrez menperatu behar dira.
  8. Lehen aipatu bezala, paseak harrerarekin batera landu behar dira, paretaren aurka egiteak ez duelako ezertarako balio.

OHIKO AKATSAK

  1. Urratsak goiko atalarekin ez koordinatzea. Pasea egingo dugun hanka bera aurreratzea.
  2. Zehaztasun falta (distantzia, indarra.. gaizki kalkulatuak).
  3. Gorputza ez erabiltzea (besoa bakarrik erabiliz).
  4. Ukondoa oso baju eramatea pasea egiterako orduan, mugimendua oztopatuko du zehaztasuna eta indarra galduz.
  5. Zurruntasuna mugimenduan.
  6. Etengabe hartzaileari begiratzea.
  7. Hobekien kokatua dagoenari ez pasatzea.
  8. Ikus eremu zabala ez mantentzea pasea egitean.

JAURTIKETA

Golak jaurtiketen bidez lortuko dira, beraz, aurretik azaldutako elementu guztiak erabiliko ditugu ahalik eta egoera hoberenean jaurtiketa lortzeko. Jokalari batek baloia kontrako aterantz zuzenduta botatzea, baloia belaunetik gorako edozein gorputz-atalekin bultzatuz, gola lortzeko asmoarekin.


  • Jaurtiketa mota. Ohikoenak:
    • Jaurtiketa klasiko: Erreferentzia gisa pase klasikoa hartuz, besoa armatzerakoan atzeranzko proiekzio handiagoa egiten da (enborraren tentsio handiagoa) eta gorputz-enborraren distortsio handiagoa eta bat-batekoagoa (abiadura handiagoa lortuz), jaurtiketa gauzatzeko unean.
    • Jauzi bidezko jaurtiketa: Luze jauzi eginez jaurtitzea, hau da, jokalariak bere burua aurrerantz ahalik eta sakonera gehien emanez eta ate aldera hurbilduz botatzea.
    • Jauzi-erorizko jaurtiketa: Baloia jaurti eta gero, jokalariak bere burua lurrera botatzen duenean.
    • Aldakako jaurtiketa: Aldaka paretik egiten den jaurtiketa, aurkaria ustekabean harrapatzeko asmoarekin.
    • Efektudun jaurtiketa, gurpildun jaurtiketa: Baliabidezko jaurtiketa-mota honetan, pronazio/supinazio mugimenduak ukondoaren toleste/luzatzearekin konbinatuta, efektu berezia ematen dio baloiari jaurtitzerakoan. Eskumuturrak, toleste/luzatzearen bidez, baloiaren mugimenduari laguntzen dio.


  • Beste batzuk:
    • Urruneko jaurtiketa: Urrutitik, hau da, oso atzetik, jaurtitzea; erasoko lehen lerroko jokalariek egindako jaurtiketak izaten dira normalean.
    • Oin aldatuzko jaurtiketa: Hanka bermatuzko jaurtiketa-mota berezia, beso jaurtitzailearen aldeko oina lurrean bermatuta dagoela egiten dena.
    • Angelu laburrera jaurtitze, hurbileko angelura jaurtitze: Jokalariaren besotik gertuen dagoen zutoinera egiten den jaurtiketa.
    • Angelu luzera jaurtitze, urruneko angelura jaurtitze: Jokalariaren besotik urrunen dagoen zutoinera egiten den jaurtiketa.
    • Jaurtiketa altu, buru gainetik jaurtitze: Buruaren gainetik egiten den jaurtiketa.
    • Jaurtiketa baxu, behetik jaurtitze: Baloia duen jokalariak, baloia gerria baino beheragotik botaz egiten duen jaurtiketa.
    • Bidezko jaurtiketa, bote-jaurtiketa: Baloiari atera iritsi aurretik lurrean bote bat emanaraziz botatzea.
    • 7 m-ko jaurtiketa: Defendatzen ari den taldeak jaso dezakeen zigor teknikoa. Jaurtitzaileak, 7 m-ko marratik, aurrean atezaina beste inor ez dagoela, atera jaurtitzen du baloia.
    • Zuzeneko jaurtiketa: Edozein jaurtiketa libre egin edota edozein sake (erdikoa, albokoa nahiz atekoa) ateratzeko unean, zuzenean atera jaurtitzea.
    • Hanka bermatuzko jaurtiketa, hanka-geldian egindako jaurtiketa: Jaurtiketa egiten den bitartean, gutxienez oin bat lurrean izatea.
    • Erorizko jaurtiketa: Aurkaria gertutik gainditu nahian, baloia eskutik ateratzen den unea ahalik eta gehien atzeratuz gertatzen den jaurtiketa.
    • Baselina: Baloia atezainaren gainetik pasatu nahirik egiten den jaurtiketa; baloiari ibilbide parabolikoa emanez egiten da, kontrako atezaina aurreratuta dagoela ikusten denean.
Balonmano Lanzamientos desde posiciones.mp4

KONTUAN HARTU BEHARREKOAK

  1. Indarra eta zehaztasunaren arteko oreka bilatu behar da: zenbat eta urrutiago orduan eta indartsuago, eta zenbat eta gertuago orduan eta zehatzago.
  2. Jaurtiketak ahalik eta azkarren izan behar du bai aurkariak eta bai atezaina ezustean hartzeko.
  3. Era ezberdinetan jaurtitzen ikasi behar da. Era berean, jaurtiketen norabideak era landuko dira.
  4. Jaurtiketak momentu egokian egin behar dira (distantzi eta angelu egokiak bilatuz).
  5. Pasean aipatu bezala, eskumuturrak garrantzia izango du norabide eta zehaztasuna emateko garaian.
  6. Kontrako hanka aurreratu behar da (jaurtiketa orekatua lortzeko).
  7. Ikus eremu zabala izan behar da.

OHIKO AKATSAK

  1. Zehaztasun falta (eskumuturraren zurruntasuna).
  2. Jaurtiketa desorekatua (jaurtitzeko besoaren aldibereko hanka aurreratu).
  3. Jaurtiketa saltoan bada, erorketan pentsatzen egotea jaurtitzen ari garenean.
  4. Indarra eta zehaztasuna gaizki kalkulatzea.
  5. Egoera desegokian jaurtitzea: aurkari eta atezainaren kokapena, kideen kokapena, distantzia eta angelua...

DEFENTSA

AURKARIAREN KONTROLA: MARKAKETA

Defenditzeko orduan kontuan hartu behar dira aurkarien eta baloiaren kokapena, eta ez aurkari zuzenarena bakarrik.

Kontrol mota ezberdinak erabiliko dira aurkariaren kokapenaren arabera:

  • Urrutiko markaketa:
    • Ikusmenaren bidez jarraituko da aurkaria.
    • Aurkariaren eta atearen artean egon beharko du.
    • Aurkariaren distantziaren arabera defentsa kideei laguntza gehiago edo gutxiago emango zaie.
  • Gertuko markaketa: bi aukera nagusi izango dira:
    • Aurkariari aurrerantz joaten ez uztea.
    • Aurkariari baloia hartzen ez uztea.

KONTUAN HARTU BEHARREKOAK

  1. Markaketarekin lortu nahi dena:
    1. Jaurtiketa galaraztea.
    2. Pasea oztopatzea.
    3. Aurkariari aurrera egitea eragoztea.
    4. Baloia berreskuratzea.
  2. Oinarrizko jarrera garrantzitsua izango da mugimendua momentu egokian egiteko.
  3. Baloidun jokalaria "eraso" egin behar da, ez da bere erreakzioen arabera defenditu behar (guk nahi duguna eginarazten saiatu behar dugu).
  4. Erasotzailearen mugimendua kontrolpean izan behar da momentu egokian defendatu ahal izateko.
  5. Honekin batera ikus eremu zabala mantendu behar da erasotzaile guztiak kontuan hartuz.

OHIKO AKATSAK

  1. Kontaktu momentura desorekatuta iristea (hankak paralelo, berandu gelditzea...).
  2. Besoekin bakarrik defendatzea (hankak eta gorputza erabili behar dira).
  3. Berandu iristea erasotzailea defendatzeko.

DEFENTSA MOTA:


  • Presio-defentsa, pressing defentsa : Erasotzaile-kopuru jakin bat beste jokalari-kopuru berdinarekin zorrotz markaraziz antolatzen den defentsako jokosistema.
  • Banan-banako defentsa, buruz buruko defentsa: Zonakakoa ez den defentsa-sistema; defendatzaile bakoitza erasotzaile batez arduratzen da, ez, ordea, eremu edo zona jakin batez.
  • Defentsa mistoa: Bi defentsa-sistema elkarrekin konbinatuz antolatzen den joko-sistema, hau da, beste taldeko jokalaririk arriskutsuenei banan-banako defentsa eginez eta gainerakoekin zonakako defentsa eginez eratzen dena.

ATEZAINA:

Puntu honetan aipamen bat egin nahi dugu hain garrantzitsua iruditzen zaigun postuan, hau da, postu espezifiko honen orokortasunak eta oinarriak azalduko ditugu.

Eskubaloi taldearen barruan atezainaren papera beste jokalariekiko ezberdina da, hau baita defentsaren azken pertsona eta bere rola golak ekiditea izango da.

Atea zaintzen egoten den jokalaria; besteek ez bezala, atezainak gorputzeko edozein atalekin uki dezake baloia, atearen eremuan baldin badago eta defendatzeko asmoa badu. Bera da ate-eremuaren barruan egoteko baimena duen jokalari bakarra