UNIBERTSOA ESKUEKIN EZAGUTZEN

SARRERA

Esku artean duzun lan hau, irakurle, IRALE irakasleen prestakuntza-zerbitzuak eskainitako R400 ikastaroan egindakoaren emaitza da: ikastaroan zehar sortu den proiektu bat, hezkuntzako ikasmaterialetan ekarpena egin eta irakasleentzako gida izan nahi duena. 


Lan honen bitartez, unibertsoaren inguruko Lehen Hezkuntzako ikasleentzat hezkuntza-proiektu bateratu bat proposatu nahi da. Eskuekin Irakurtzen, hezkuntza inklusibo bat sustatu nahi da, batetik, eta bestetik, euskara bera lantzeko materiala sortu.


Aniztasunaren trataerak funtsezko garrantzia du gaur egungo hezkuntzan eta inklusioa sustatzea ezinbestekoa da, ikasle bakoitzak bere behar eta berezitasunak baititu. Horregatik, ikasle guztien ikaskuntza bermatzeko asmoz, ikasle bakoitzaren ezugarrietara egokitutako metodologia eta jarduerak diseinatu dira. Proiektu honetako jarduerak garatzeko proposatu diren materialak (bideoak, audioak, jolasak, etab.) ikas-egoera hauetarako sortu dira bereziki. Kontuan hartu da zenbait ikaslek ezagutzan sakontzeko izan dezaketen beharra eta baita gutxiengo helburuak lortzeko zenbait ikaslek izan ditzaketen zailtasunak ere, eta premia horiei erantzuteko berariazko jarduerak sortu dira. Horrez gain, euskara eta euskaraz  ikastearen garrantzia azpimarratu nahi izan da eta hori lortzeko sortu dira jarduera guztiak. 

 

Bi ikas-egoera desberdinek osatzen dute lana: 6. mailako ikasleei zuzendutako ikas-egoera, batetik, eta bigarren mailako haurrei zuzendutakoa, bestetik. Lehen Hezkuntzako etapa zabala den heinean, maila bakoitzaren berariazko berezitasunak kontuan hartu dira jarduera guztiak diseinatzeko. 

Bi ikas-egoerek helburu bateratu bat duten arren, unibertsoaren gaia lantzea, hain zuzen ere, haien garapena desberdina izango da: ikas-talde bakoitzeko ikasleen ezaugarrietara eta beharretara moldatuta egongo da ikas-egoera bakoitza. Proiektu honek ikusmen-urritasuna duten ikasleen beharrak kontuan hartuko ditu bereziki, eta haur guztien garapena sustatzeko beharrezkoak diren egokitzapenak egin dira.