UNIBERTSOA ESKUEKIN EZAGUTZEN


2. SAIOA

Ikas-egoeran zehar zer jarduera landuko diren azalduko da saio honetan: 



"Printze Txikia" Antoine de Saint-Exupéryk idatzitako liburu klasikoa da. Istorioak asteroide bakarti batean bizi den printze txiki baten abenturak kontatzen ditu. Egun batean, printzeak bere etxea utzi eta beste planeta batzuk arakatzea erabakiko du. Bere bidaian, pertsonaia interesgarriak ezagutuko ditu, besteak beste, azeri bat eta hegazkin pilotu bat. Pertsonaia horiekin izango dituen elkarrizketen ondorioz, printzeak adiskidetasunari, maitasunari eta bizitzari buruzko alderdi garrantzitsuak ikasiko ditu. Haurrentzako liburua den arren, "Printze Txikia"-k mezu sakonak ditu adin guztietako irakurleentzat. 


Liburu hau ardatz hartuta, ikasleek beren bidaia propioa egingo dute. Euskararen erabilera neurtzeko lasterketa bat izango da. Printze txikiaren aurpegian ume bakoitzaren argazkia itsatsiko da eta euskaraz hitz egiten badute, hurrengo planetara pasako dira. Helburua etxera itzultzea izango da, liburuan gertatzen den bezala. 


Planeta bakoitza material desberdinekin eginda egongo da, eta, gainera, ikasle bakoitzaren abatarrean euren izena alfabeto arruntarekin eta braillez idatzita egongo da; beraz, ikasle guztiak gai izango dira haien abatarra non dagoen identifikatzeko. 


Dinamika hori saio honetan azalduko den arren,  ikas-egoerak irauten duen bitartean egongo da martxan. Hau da, saio bakoitzaren bukaeran, ume bakoitzaren euskararen erabilera aztertuko da eta ikasleek planetetan aurrera egiteko aukera izango dute. 




Printze txikia (1).pdf

2. jarduera: astronauta naizela amestea.

Unibertsoari buruz gehiago ikasteko, ikasleek bertako elementu bati buruzko ahozko aurkezpena egingo dute. Azalpenaren argitasuna, aurkezpenaren koherentzia eta gaiari buruzko ezagutza maila ebaluatuko dira. Horrez gain, ikasleek aurkezpenean zehar galderei erantzuteko eta ikusleen arreta mantentzeko duten gaitasuna ere kontuan hartuko da. Jarduera horien bitartez, unibertsoa ezagutzeaz gain, komunikaziorako eta jendaurrean hitz egiteko gaitasuna ere landuko da. 


Aurkezpen hori etxean prestatu beharko dute haien familiaren laguntzarekin. Ondoren, irakasleak adierazitako egunean, ikaskideen aurrean aurkeztu beharko dute. Aurkezpen horretarako nahi duten euskarria erabili ahal izango dute. 


Fitxa honekin jardueraren aurkezpena nola egin behar den bideratzen da. Aurkezpena egin ondoren, bigarren fitxa bat bete beharko dute eta, hirugarrena, euren ikaskideen aurkezpena entzun ondoren. 




ASTRONAUTA NAIZ (1).pdf

Saio horretan aurkeztuko dira txokoak. Saio bakoitzean tarte bat egongo da ikasleak txoko horietatik libreki mugitzeko. 


1. Ukimen-txokoa: Haurrak ukitu eta esploratu ditzakeen unibertsoarekin lotutako hainbat objektu egingo dira txoko horietan. Eguzki-sistemaren maketak eta hainbat tamaina eta egituratako astroak aurkituko dira bertan. 


2. Entzumen-txokoa: Unibertsoari buruzko kontzeptuak deskribatzen dituzten grabazioak eta audioliburuak ere eskainiko zaizkie ikasleei. Izarrei, planetei eta konstelazioei buruzko ipuinak entzungo dira bertan. 


3. Eskulan-txokoa: planeten ereduak sortzeko espazioa da hau; buztina edo plastilina erabiltzeko aukera izango da. 


4. Ukimenezko irakurketa-txokoa: Unibertsoaren gaiari buruzko braillezko liburuak egongo dira bertan. Horri esker, ikasleek hainbat kontzeptu haien kabuz irakurri eta aztertuko dituzte, ukimenaren zentzua erabiliz.


5. Lankidetza-txokoa: ikasleen arteko interakzioa sustatu nahi da txoko honetan. Haurrek eguzki-sistemaren irudikapen fisiko bat sortuko dute eta, horretarako,  krepe-papera, kartoi meheak, kola eta purpurina erabiliko dituzte. Ikusmen-urritasuna duen ikasleak, haren ikaskideen laguntzarekin hartuko du parte jarduera horretan. 


Txoko bakoitza ikasleen beharretara egokituko da, eta beharrezkoak diren baliabideak eskainiko dira.