e) Toki gaixo batean, osasuntsu
Rosenhan
Psikiatrarekin izan behar zuten elkarrizketan, gezur bakarra esango zuten: ahots bat entzuten zutela, “danba” (thud) zioena. Hori izango zen gezur bakarra. Zortziei egin zieten diagnostikoa, ospitalean ingresatu, eta botikak agindu ere bai. Diagnostikoa hau izan zen: eskizofrenia paranoidea edo psikosi maniako-depresiboa (egungo nahasmendu bipolarra).
Behin barruan zeudela, bizitza eta jokabide normala izan zuten; ahotsik ez zutela entzuten esan zieten arduradunei. Hala ere, medikuek zein gainerako langileek gaixotasunaren sintomatzat hartzen zuten sasigaixoek egiten zuten guztia. Esaterako, haietako batek ohar moduan koaderno batean idazten zuen guztia konpultsiotzat hartu zuten medikuek. Handik hogei egunera, guztiak askatu zituzten. Askatzerakoan, gaixotasuna gutxitzen zihoala adierazi zuten txostenetan; ez zuten esan sendaturik zeudenik, ezta inoiz gaixo egon ez zirenik ere.
Rosenhanek ikerketaren gaineko “Toki gaixoetan osasuntsu egotea” artikulua argitaratu zuenean, sekulako iskanbila eta haserrealdia izan zen psikiatren artean. Artikuluak orduko psikiatria kolokan jartzen zuen, ez baitzen gai gaixo eta osasuntsu nor zegoen bereizteko. Sekulako kritikak eta haserrealdiak izan ziren, eta ikerketaren prozedurak zituen gabeziak azpimarratu zituzten.
Ospitale bateko psikiatrek desafio egin zioten Rosenhani: gai izango omen ziren gaixo faltsuak detektatzeko. Rosenhanek erronka onartu egin zuen: hiru hilabetean zehar, hainbat pseudopaziente (kopurua zehaztu gabe) bidaliko zuela esan zien. Denbora horretan, 193 paziente ospitaleratu zituzten. Horietatik, 23 susmagarriak izan ziren, ospitaleko psikiatren ustez. Egiatan, Rosenhanek ez zuen pseudopaziente bat ere bidali.
Rosenhanen esperimentuak psikiatriaren joerak aldatu zituen. Diagnostikorako tresnak (DSM) birmoldatu egin zituzten, zehatzagoak izateko, eta gaixoen tratamendua desinstituzionalizatu egin zen, hau da, indartu egin zen pazienteak beren ingurune sozial hurbiletik (familia) banandu gabe tratatzea.
https://youtu.be/WC_j8nmt-IU
Gehiago jakiteko:
Rosenhanen esperimentua, komiki formatuan. Helbide honetan: http://goo.gl/CpKuc7. Euskara ezazu.
Rosenhan antipsikiatriaren jarraitzailea da. Bilatu mugimendu horren inguruko informazioa, eta idatzi 100-200 hitzeko txosten bat.
"Toki gaixo bat"?
Hotel California, psikiatriko bat? (abestiaren letra)
Alguien voló sobre el nido del Cuco, pelikula