c) Standfordeko kartzelako esperimentua
Philip Zimbardo
https://youtu.be/sOYx02bAxXQ
Philip Zimbardo psikologoak egin zuen esperimentu ezagun hau, 1971 urtean, sei egunez.
Zimbardoren taldeak fikziozko kartzela bat antolatu zuen Stanfordeko unibertsitateko sotoetan. Kartzela horretako zaindariak eta presoak hogeita lau mutil izan ziren, klase ertainekoak, zuriak eta gazteak. Hautatzean, arazo psikologikoak zein jokabide-arazoak zituztenak baztertu egin zituzten.
Hamabi preso eta hamabi zaindari izan ziren guztira, zozketa baten bidez hautatuak. Lehenak etengabe egon ziren kartzelan, bi astean; bigarrenak, berriz, txandak egin zituzten, eta denbora librean etxera itzuli ziren. Eguneko 15 dolar ordaindu zieten (gaurko 60 euro inguru). Zimbardok berak hartu zuen kartzelako superintendentearen rola; erabaki hori, berak beranduago onartu zuenez, guztiz okerra izan zen ikuspegi zientifikotik.
Asmakizun horrekin guztiarekin, Zimbardok norberaren rolaren (ingurune jakin batean guregandik espero den portaera) eta nortasunaren arteko erlazioa ikertu nahi izan zuen. Hain zuzen ere, hauxe: ingurune gaizto batean murgilduta, pertsona on eta zintzoek jokabidea zein puntutaraino aldatzen duten. Benetako kartzeletako krudelkeria, umiliazioa, abusuak eta gaiztakeria sortu ziren fikziozko kartzela horretan?
Hainbat teknika baliatu zituen esperimentatzaileak aldez aurreko nortasunen indarra txikitzeko: zaindariei uniformea eman, betaurreko ilunak jantzarazi eta antzekoak; presoei, berriz, zenbaki bat ezarri (izenik ezin zuten erabili), uniformea eman (prakarik ez), buruan sare bat ipini (ilea mozturik edukiko balute bezala) eta antzekoak. Esperimentatzaileak hori guztia preso zeudenak despertsonalizatzeko egin zuen.
Esperimentuaren diseinua eta haren garapenean izandako gorabeherak gune honetan daude ikusgai, hizkuntza batzuetan azaldurik, argazki eta bideoekin. Hor irakur daitekeenez, bi asteko esperimentua zen izatekoa, baina seigarren egunean gelditu egin behar izan zuten. Izan ere, zaindariak zein presoak guztiz murgildu ziren egokitu zitzaien rolean; hori dela-eta, zaindarien abusuak, umiliazioak eta krudelkeriak oso larriak izan ziren, eta, ondorioz, presoen egonkortasun psikologikoa guztiz desorekatu zen.
Zimbardok seguruenik jakingo zuen esperimentua muga guztiak gainditzen ari zela, baina hura ere, konturatu gabe, kartzelako superintendentearen rolean murgilduta zebilen. Kanpoko behatzaile objektibo baten laguntza behar izan zuen Zimbardok esperimentua amaitzeko. Psikologo baten bisita izan zuen, eta elkarrizketa batzuk egin zizkion; psikologoa izateaz gain, Zimbardoren beraren neska-laguna izan zen horretan aritu zena. Han gertatzen ari zena ikustean, “Ikaragarria da mutil hauei egiten diezuna. Zeu zara honen guztiaren erantzulea” leporatu omen zion. Hura baino lehenago, beste berrogei pertsona inguruk bisitatu zuten esperimentuaren tokia, eta ez zuten halako oharpenik egin.
Azken urteotan, Zimbardoren esperimentuak eta teoriak sona handia izan dute berriro. Abu Ghraib kartzelako soldadu amerikarren gehiegikeriak gogoratu besterik ez dago. Harrigarriak dira Standfordeko kartzelan egindako esperimentuarekiko antzekotasunak.
Berriro ere, Milgramen esperimentuan bezala, egoeraren beraren indarra sumatzen dugu. Indar hori bereziki da gogorra egoera gaiztoetan. Zimbardok Luzifer efektua esaten dio, hau da, pertsona onek ere gaizki joka dezaketela erakusten duen efektua. Haren ustez, gaiztakeria nortasunari leporatzen diogu: sagar ustel gutxi batzuek ontzi berean dauden gainerako guztiak kutsatuko dituzte. Baina planteamendu hori ez da zuzena. Ontzia dago kutsaturik (kasu horretan, kartzela), eta bertan jartzen dugun edozein sagar usteldu egingo da. Ontziak duen ustelkeriaren gakoa kontrolik gabeko boterea da, Zimbardoren ustez. Are gehiago, ontzi hori zergatik usteltzen den jakiteko, urrunago jo behar da: ontziaren egileak eta diseinatzaileak aztertu behar dira, hau da, sistema politikoa, ekonomikoa eta legala.
Pertsona gutxi batzuk dira gai egoeraren aurka altxatzeko. Zimbardok heroiak direla esaten du. Heroia sortu ala hezi egiten da? Azken urteotan, hori ikertzen dabil Zimbardo.
Gehiago jakiteko:
Bilatu esperimentuari buruzko informazioa, eta erantzun honako galdera hauei:
Zer prozedura erabiltzen dute presoak atxilotzeko? Gizatasuna galtzen al dute presoek? Nahasmendurik edo beldurrik sortzen al die?
Hiru zaindari mota zeuden esperimentuan. Zu zeu zein motatakoa izango zinateke? Nola egon zaitezke horren ziur?
Zergatik ez zituzten zaindari onek besteen krudelkeriak geldiarazi?
Zertan datza norberaren nortasuna? Badugu izaera egonkor bat ala gure izaera besteek gutaz duten iritziaren menpe dago?
Nola uste duzu sentitu zirela zaindariak eta presoak esperimentua amaitu eta jantzi arruntekin berriro elkar ikustean?
Etikoa al da halako esperimentuak egitea? Gizakiari buruzko gauza berriak jakiteko, onargarria al da parte-hartzaileek halako sufrikarioa jasan behar izatea? Hobe litzateke esperimentu hau eta Milgramena inoiz gertatu ez balira?
Esperimentu honen emaitzak ikusita, eraldatu beharko al genituzke benetako kartzelen diseinua eta funtzionamendua? Nola?
Pertsonak birgizarteratzeko tresna egokia al da kartzela?
Zimbardoren hitzaldia TEDen (23 minutuko bideoa): “Gaiztakeriaren psikologia”. Luzifer efektuaz gain, heroismoari buruz ere hitz egiten du.