a) Taldera moldatzea: Aschen esperimentua
Solomon Asch
Norberaren jokabidea moldatzea jarrerak edo iritziak egokitzea da, taldearenak bezalakoak izan daitezen. Solomon Asch psikologoak jokabidea moldatzeari buruzko esperimentu ospetsu bat egin zuen, 1950eko hamarkadan.
Subjektuak engainatuta zeuden, uste zutelako pertzepzioari buruzko proba bat egingo zutela. Marra bat erakusten zieten, eta beste hiru marraren artean haren luzera berekoa zein zen erabaki behar zuten. Hamazortzi item zituen probak.
Bakarka, bete-betean asmatu zituzten kontrol-taldeko subjektuek, inolako zailtasunik gabe. Baina Aschek pertzepzioa baino gehiago taldearen eragina nahi zuen aztertu. Horregatik, subjektua beste zazpi pertsonarekin batera jarri zuen; horiek Aschen kolaboratzaileak ziren, erantzun oker bat aho batez emateko trebatuak. Subjektuak, noski, ez zekien antzezleak zirela; uste zuen zintzo ari zirela jokatzen, eta bera bezala esperimentuan parte hartzen ari zirela.
Hasieran, antzezleek erantzun zuzena aukeratzen zuten, baina, itemetan aurrera egin ahala, erantzun okerrak aukeratzen hasi ziren; guztiek erantzun oker bera aukeratu zuten. Zer egin zuen subjektuak? Deseroso sentitu zen, beste erantzun bat emateagatik? Moldatu egin zuen iritzia, eta taldearen erantzuna eman, edo lehengoa erantzuten segitu zuen?
Emaitzen arabera, subjektuen % 76k gutxienez behin moldatu zuten erantzuna, taldearen erantzun okerrarekin bat etor zedin. Egia da haietako batzuek saioa gutxitan egin zutela bakarka. Oro har, saioen heren batean erantzun okerra nagusitu zen. Horren garrantziaz jabetzeko, kontuan izan behar dugu subjektuak ez zuela izan harreman iraunkorrik esperimentu-kideekin, ez baitzituen lehendik ezagutzen. Pentsa dezakegu eguneroko bizitzan adiskide taldearen presioak askoz handiagoa izan behar duela.
Goiko lerroak kontrol-taldearen emaitzak dira, hau da, subjektuak bakarrik daudenean emandako erantzunak. Argi ikusten da egoera horretan ia beti asmatzen dutela. Beheko lerroan, subjektua sei edo zortzi antzezleren artean badago zer gertatzen den ikus daiteke. Lehen lau itemetan, erantzun zuzenen kopurua jaitsi egiten da.
Erantzuna moldatu zuten subjektuei elkarrizketak egin zizkien Aschek, eta bi jarrera nagusi aurkitu zituen haien artean: batzuek, jakin bazekiten ematen zuten erantzuna okerra zela, baina ez zuten gehiengoaren kontra jo nahi; besteek, aldiz, gehiengoaren erantzuna zuzena zela ere sinetsi zuten.
https://youtu.be/tAivP2xzrn
Esperimentu hau ikusirik, konturatzen al zara taldeak gure jokabidean zer indar handia duen?
Eguneroko bizitzan, norberaren nortasunaren gainetik, zer egoeratan izan daiteke indartsua presio soziala?
Jakin al dezakegu nola jokatuko genukeen guk esperimentu horretan? Fidagarria al da gure iritzia?