b) Obedientzia: Milgramen esperimentua
Contents
1 Stantley Milgram
2 Esperimentua
3 Esperimentuaren emaitzak
4 Esperimentuaren testuingurua
5 Esperimentuaren interpretazioa
6 Esperimentua bera onargarria al da?
Mundua astindu zuen gizona (The man who shocked the world) Stanley Milgram psikologoaren biografiaren izenburua da. Ospea elektroshockekin egindako esperimentu batetik datorkio. Mundua zur eta lur gelditu zen harekin. Gertaera horren arrazoia ulertzeko, esperimentua ikuspegi subjektibotik kontatuko dugu.
Egunkarian iragarki bat ikusi duzu: Yale Unibertsitatean, boluntarioak eskatzen dituzte, oroimenari buruzko ikerketa batean parte hartzeko. Zertxobait ordaintzen dute, baina ez asko (gaurko 50 euro inguru). Inprimakia bidali duzu, eta hitzordua eman dizute.
Yale Unibertsitatean, bulegari batek itxarongela batera sartzeko eskatu dizu. Bertan, beste pertsona bat dago. Jatorra dirudi, eta zertxobait kontatzen diozue elkarri: zu bezala, prest dago esperimentuan parte hartzeko. Minutu batzuen ostean, esperimentatzailea sartu da gelan. Bata zuria du jantzita, eta seguru ageri da.
Elkar agurtu ondoren, esperimentuaren nondik norakoak azaldu dizkizue. Ikasteko prozesuari buruzkoa da esperimentua, zigorrak oroitzeko gaitasunean duen eraginari buruzkoa, hain zuzen. Bata irakaslea izango da; bestea, berriz, ikaslea. Zozketak erabakiko du zuetako nor izango den irakaslea eta nor ikaslea. Zenbait aldiz, irakasleak hitz-pareak irakurriko dizkio ikasleari (“mahaia eta zuhaitza”, ”liburua eta ohea”...). Gero, hitz-bikoteetako hitz bakarrak esango dizkio (“liburua”, adibidez), eta ikasleak haiei lotutako hitzak esan beharko ditu (“ohea”, kasu honetan). Ondo erantzuten ez duenetan, irakasleak deskarga elektrikoak emango dizkio ikasleari; zenbat eta gehiagotan huts egin, orduan eta deskarga gogorragoak jasan beharko ditu.
Zozketan, zuri irakaslearen rola jokatzea egokitu zaizu. Laborategiaren ondoko beste gela batera abiatu zarete. Han, ikaslea aulki batean lotu dute, eta elektrodoa jarri, eskumuturrean. Deskarga txiki bat eman zaio, elektrodoak funtzionatzen duela egiaztatzeko. Zu eta esperimentatzailea laborategian egongo zarete. Ikaslearekin bozgorailuen bidez hitz egingo duzue.
Laborategian eseri zara, deskarga-sortzailearen aurrean. Hogeita hamar etengailu ditu makinak, 15 V-etik 450 V-era artekoak. Etengailuen azpian, honelako etiketak daude: “deskarga arina”, “deskarga gogorra”, “deskarga oso gogorra” eta “arriskua: deskarga bortitza”. Azkenengo etengailuen azpian (435 eta 450 volt), “XXX” etiketa ageri da.
Proba hasita, etengailuak jaitsi dituzun heinean, argitxoak piztu dira eta makinak zarata atera du. Ikasleak, deskargak jasotzean, honela erantzun du:
75 V, 90 V eta 105 V-eko deskarga hartuta, ikaslea kexaka hasi da.
120 voltekoa jasota, ikasleak deskarga mingarria dela esan du.
150 voltekoa jasota, oihuka hasi da: “Aizu, atera nazazu hemendik! Ez dut jarraitu nahi! Ez dut nahi!”. Gainera, bihotzeko gaixotasuna duela aipatu du.
270 volteko deskarga ezarri zaionean, garrasika hasi da, askatzeko eskatuz behin eta berriro.
300 eta 315 voltekoa ezarrita, minaren minez alarauka hasi da, ez duela gehiago erantzungo esanez.
330 volteko deskarga ezarrita, ez da egon erantzunik. Orduan, esperimentatzaileak argitu dizu erantzunik eza erantzun okertzat hartu behar dela eta, hortaz, zigorrak ezartzen jarraitu behar duzula.
“XXX” volteko etengailuari eragin arteko tartean ez da ezer gehiago entzun.
Bidean, zalantzak izan dituzu, baina esperimentatzaileak honela erantzun dizu:
1. esaldia: “Aurrera, mesedez” edo “Jarrai ezazu, arren”.
2. esaldia: “Esperimentuak jarraitzea eskatzen du”.
3. esaldia: “Guztiz beharrezkoa da zuk aurrera egitea”.
4. esaldia: “Ez duzu beste irtenbiderik. Jarraitu beharra duzu”.
Nola da posible honelako esperimentu bat egitea, ikasleari horrenbesteko kaltea eragiten bazaio? Erantzuna argi dago: “Ikasleak ez du kalterik pairatu, deskargak ez zirelako benetakoak; izan ere, ikaslearena kontrataturiko aktore batek egin du, eta haren oihuak aldez aurretik grabaturikoak izan dira”. Lasai egon zaitezke, beraz, ez baituzu pertsona hori hil.
Argi dago zer pentsatzen ari zaren: zuk ez zenuke etengailuen bide osoa egingo, ezta gutxiago ere; gehienez ere, 105 edo 150 volteko deskargak ezarriko zenituzke.
https://youtu.be/8rocRcUOwFw
Milgramek esperimentua nolakoa izango zen deskribatu zien hainbat psikiatra, ikasle eta klase ertaineko pertsonari. Haiek uste zuten gai izango zirela batez beste 135 volteko deskargak emateko eta jasotzeko. Inork ez zuen pentsatzen 300 volteko deskarga jasan beharko zuenik, ezta norbaitek “XXX” volteko etengailua jaitsiko zuenik ere. Psikiatrek esan zuten agian milioi bat pertsonatik batek egin zezakeela halakorik.
Ezustekoa hartu zuten: pertsonen % 63k deskargarik handiena ematen zuen etengailuari eragin zioten; are gehiago, behar baino bi aldiz gehiagotan aktibatu zuten. Esperimentuan parte hartu zutenak ez ziren sadikoak edo psikopatak, pertsona arruntak baizik. Horrela, Milgramek gutako bi heren pertsona bat heriotzaraino torturatzeko gai garela erakutsi zigun. Krudelak al gara? Gaiztoak al gara? Ez, ez gara, ez krudelak, ez gaiztoak, esanekoak baizik.
Zer jokabide izango dugun aurresateko, nolakoak garen baino gehiago zer egoeratan gauden aztertu behar dugu. Psikologo sozialen ustez, ingurune sozialaren indarra zeharo gutxietsi dugu. Hori guztia hobeto ulertzeko, ikus dezagun esperimentuaren testuingurua.
https://youtu.be/iUFN1eX2s6Q
Nola bururatu zitzaion Milgrami halako esperimentu bat egitea? Alde batetik, garai hartan Bigarren Mundu Gerraren trauma bizi-bizirik zegoen: 50 milioi pertsona hil ziren.
Kontzentrazio-eremuetan, naziek 6 milioi judu hil zituzten gas-kameretan. Sei milioi pertsona hiltzeko, oso lan sistematikoa behar da: ondo antolatuta egon behar du, pertsonak toki batetik bestera eraman behar dira, paper asko bete behar dira... Azken finean, milaka pertsonaren laguntza behar da halako ankerkeria bat egin ahal izateko. Denak al ziren psikopatak?
Genozidioaren logistikaren antolatzailea nazien buruzagi Adolf Eichmann izan zen. Gerra ostean, ihes egin eta Argentinan bizi izan zen. Han aurkitu zuen Israelgo Mosadek, 1960an, eta Israelera eraman zuen. Israelen, epaitu eta exekutatu egin zuten, 1962an. Epaiketan, Eichmannek -ofizial askok berdintsu jokatu zuten Nurembergeko judizioetan- argudiatu zuen auzi hartan ez zuela erantzukizunik, aginduak bete besterik ez zuela egin: "Befehl ist Befehl". Eichmann aztertu zutenek pertsona arrunta zela ondorioztatu zuten, ez zuela inolako psikopatia arrastorik.
Milgram psikologo sozialarentzat erronka zen Eichmannen antzeko pertsonen jokabidea aztertzea; are gehiago, bera judua zelako eta genozidioaz benetan kezkatuta zegoelako. Horixe erakusten du hark gutun batean idatzitakoak:
I should have been born into the German-speaking Jewish community of Prague in 1922 and died in a gas chamber some 20 years later. How I came to be born in the Bronx Hospital, I'll never quite understand.
Alemanez mintzo zen Pragako komunitate juduan jaio behar nuen, 1922an, ama-hizkuntza alemana nuela, eta, hogei urte geroago, gas-kamera batean hil. Ez dut inoiz ondo ulertuko zer dela-eta jaio nintzen Bronxeko ospitale batean.
Edonola ere, herrialde oso baten portaera azaldu beharra zegoen, eta gaiztakeria, pertsonengan ez bazegoen, ingurunean bilatu behar zen (berriro, nature vs nurture). Erraz esaten zen hori, baina, egia izanez gero, ondorioa ikaragarria izan zitekeela uste zuten: gutako askok joka genezake Eichmannen antzera, egoera eta ingurune berdintsuak izanez gero.
Beste alde batetik, Aschen ikaslea izan zen Milgram, eta haren adosteari buruzko esperimentuak ondo ezagutzen zituen. Adostea talde-presioaren ondorioa da, agindu espliziturik gabe gertatzen dena. Zenbateraino obedituko luke jende arruntak autoritate jakin baten agindu esplizitua?
Askotan, Milgramen esperimentua aipatu da jendearen barne-gaiztakeria agerian uzteko. Baina interpretazio okerra da hori. Esperimentuaren subjektuak ez ziren gaiztoak edo krudelak. Tentsio emozional handia jasaten zuten. Horren erakusgarri ugari zegoen: izerditan hastea, dar-dar egitea, negar egitea, eta barre egitea ere bai. Azken hori askotan gertatzen zen, baina, argi esateko, tentsioak sortutako barrea zen, ez krudelkeriak sortutakoa. Bestaldetik, subjektuak esperimentatzailearekin negoziatzen saiatzen ziren; hartarako, ikasleek egoera penagarria bizi zutela gogorarazten zioten.
Hala eta guztiz ere, deskargak ematen jarraitzen zuten, beren sinesmen etiko guztien kontra. Zergatik? Milgramen erantzuna argi dago: obedientziagatik, autoritate jakin bati obeditzeko programaturik gaudelako. Bata zuridun aktorearen presiorik egon ez balitz, batek ere ez zukeen esperimentatzen jarraituko.
Obeditzean, hauxe sentitzen dugu: gure ekintzen erantzukizuna ez da gurea, agintzen duenarena baizik. Esperimentuan, subjektuek batzuetan esaten zuten ez zeudela prest aurrera jarraitzeko. Esperimentatzaileak presioa egiten zienean, erantzukizuna bere gain hartuko zuenetz galdetzen zioten. Hark baietz erantzutean, aurrera jarraitzen zuten, azken etengailuraino iritsi arte.
Esperimentuan, harrigarria izan daiteke obeditzeko joerak sinesmen moralak baino indar handiagoa izatea, baina ziur aski bizitza eta historiako beste egoera askotan ere ikusten dugu antzeko erreakzioa. Munduan izan diren tirania eta sarraski guztietan, parte-hartzaile gehienek obeditu baino ez zuten egiten, gaizki jokatzen ari zirela jakinda ere. Autoritate edo taldearen aurka altxatzea oso gogorra da banakoarentzat, eta nekez bilduko du horretarako behar duen ausardia.
Era berean, bitxia da hau ikustea: batzuetan, sinismen morala eta jarrera, ekintzaren beraren gidari izan beharrean, ekintzaren ondoren datoz. Disonantzia kognitiboaren erakusgarri, irakasle batzuek ikaslea mespretxatu eta gutxietsi egiten zuten, deskargak hartzea mereziko balu bezala; esaterako, honela: “Memelo horrek ez al du erantzunik asmatuko? Deskargak hartzea merezi du”.
Aipatzekoa da, bestalde, Milgramek atea oinarekin trabatzea baliatu zuela esperimentuaren diseinuan. Izan ere, hasierako 15 volteko deskarga txikia pixkanaka zihoan handitzen, mingarria eta hilgarria izan arte. Hasieratik bertatik “XXX” etiketadun palankari eragitea eskatu izan balitzaie, inork gutxik egingo zukeen. Horren antzera, gaur egungo politikari batzuen ustelkeria opari txiki batzuk onartzearekin batera hasten da.
Milgramek esperimentuaren emaitzak plazaratu zituenean, laster hasi ziren haren aurkako kritikak. Kezkak ageri ziren, prozesu osoan subjektuek gorriak ikusi zituztelako eta esperimentuaren egia jakin ondoren haien autokontzeptua eta egonkortasun emozionala oso kalteturik gelditu ahal zirelako. Parte-hartzaile baten emazteak Eichmann bezalakoa zela leporatu zion Milgrami.
Esperimentua egin eta urtebetera, Milgramek subjektu guztiei galdetegi bat bidali zien, bizitakoa balioesteko. Gehiengo handi batek erantzun zuen pozik zegoela parte hartu izanagatik.
1980ko hamarkadatik aurrera, egin nahi diren esperimentu guztiek onartze-prozesu zorrotz bat pasa behar dute. Milgramena, gaur egun, ezin liteke berriro egin. Hala eta guztiz ere, esperimentu hori bera egin dute orain dela urte gutxi, baina ez zientzialariek, kazetariek baizik. Frantziako telebista kate batean izan da, lehiaketa-programen formatuarekin.
..........................................................
Milgramen esperimentuari kritikak
Oinarrizko artikulua: http://goo.gl/MvHz1d
Milgramen esperimentuaren helburua autoritatearekiko obedentzia ikertzea izan zen. Bere aurkikuntza hau izan zen: esperimentuan parte hartutako boluntarioen %65ak karga gero eta handiagoko shock elektrikoak eman zizkioten oso modu argian minduta zegoen pertsona bati.
Momentuan lotura handia izan zuen Holokaustoa eta nazismoarekin, eta horrek Milgramek esperimentuaren emaitzak txarto interpretatzea eragin zezakeen.
ZENBAKIAK eta ZIFRAK
Batetik, %65 zenbakia ez da guztiz fidagarria. 24 bariazio ofizialen estadistiken konbinazioak sortzen du zenbaki hori. Gainera, Gina Perryren aurkikuntzen arabera, bariazio horien erdia baino gehiagotan boluntarioak EZ zituen aginduak jarraitu.
Bestetik, arazo metodologikoak zeuden. Milgramek deskribatutako kontrol handiko ikerkuntzan inprobisazio eta aldakuntza handia egon zen, bai kondizioetan bai subjektuetan.
GIDOIAREN ALDAKETAK
Esperimentu originalaren grabazioan argi geratzen da Milgramen esperimentatzailearen (John Wilson) interakzioak boluntarioekin asko aldatzen zirela pertsona batetik bestera. Milgramen baimenarekin, Wilsonek modu asko inprobisatu zituen boluntarioak behartzeko.
Shock-ak jasotzen zituen pertsona bisitatzera joaten zen (eta boluntarioari ondo zegoela esaten zion), 4 esaldiko gidoia baztertzen zuen (25 aldiz ordenatu zion jarraitzeko bati), eta boluntarioak geldiarazten zituen beste pertsona ea ondo zegoen begiratzera joan nahi zutenean (edo beraiekin lekua aldatu nahi zutenean).
Argi dago derrigortze elementu handi bat egon zela.
BOLUNTARIOEN SUSMOAK
Argitaratu ez ziren Yale unibertsitateko artikulu batzuetan argi geratu zen bolondresek susmo handiak zituztela esperimentu honi buruz.
Amaitzean Milgrami deitu edo idatzi egiten zioten, haien susmoak azalduz. Ahotsa grabazioa zirudiela, esperimentatzailearen ardura falta, etab. Batzuek esperimentatzailea konturatu gabe karga gutxiagoko botoiei ematen zieten, baina hala ere ahotsaren larritasuna nola igotzen nabaritzen zuten.
Boluntarioen sinesmena esperimentuaren oinarrizko elementua da, eta erreakzio hauek kontuan hartu beharko liratekeen esperimentuari buruz konklusioa sortzean.
Hala ere, esperimentuak arazoak izan arren, kontribuzio handia izan zen psikologia sozialaren arloan, batez ere kontuan hartuta esperimentuaren errepikapenen arrakasta.
[Ikerkuntza batean, Smith & Bond (1998) zientzalariek nabarmendu zuten Jordanekoa izan ezik (Shanab & Yahya, 1978), esperimentua Mendebaldeko herrialde industrializatuetan egin zela, eta beraz kontuz ibili beharko zela portaeraren ezaugarri unibertsal bat aurkitua zela esan baino lehen]
Gehiago jakiteko:
Milgramen hasierako artikulua. Geroago, liburu bat eta berak grabaturiko dokumentala argitaratu zituen.
Esan bezala, esperimentua hainbat aldiz egin da, debekatua izan arte. Bilatu aldagai horien inguruko informazioa Interneten, “Milgram”, “variations” eta antzeko hitzak idatziz. Ikertu baino lehenago, aurreikusi eta esan nola aldatuko diren emaitzak aldagai hauek kontuan hartuta:
Munduko toki guztietan emaitzak antzekoak direla uste izatea.
Jatorrizko esperimentuan gizonek hartu zuten parte. Emakumeak ere antzera obeditzeko programaturik daudela pentsatzea.
Esperimentua egitean, ikaslea irakaslearen gela berean egotea.
Deskarga emateko, irakasleak fisikoki lagundu behar izatea.
Irakaslearekin batera beste irakasle batzuk (aktoreak) egon eta mementoren batean jarraitzeari uko egitea.
Beste esperimentatzaile bat egotea; mementoren batean, esperimentua gelditu behar dela esan eta alde egitea.
Unibertsitatearen xarmarik ez egotea; esaterako, esperimentua bulego zahar batzuetan egitea.
“Le jeu de la mort”. Milgram esperimentua telebistako show formatuan. Helbide honetan: http://goo.gl/jW0H5R