f) Disonantzia kognitiboa
Leon Festinger
Hasi baino lehenago, igarkizun hau edukiko dugu kontuan, geroago erabiltzeko:
“Aita bat eta bere semea autoz ari dira bidaiatzen. Istripu baten ondorioz, aita bertan hil eta semea larriki zauriturik suertatzen da. Ospitalera eramaten dute anbulantzia batean, baina ebakuntza egin behar duen zirujauak oihu egiten du: “Ene! Ezin diot ebakuntza egin, nire semea da-eta!”.
Askotan pentsatzen dugu gizakion eginkizun guztiak arrazoimenak gidatzen dituela. Haren bidez, errealitatea ezagutzen dugu, dedukzioak egiten ditugu, eztabaida batean egia bilatzen dugu, beti ere argumentu arrazional eta logikoak erabiliz. Azken finean, askotan entzun dugun moduan, badirudi gizakia animalia arrazionala dela. Hala ere, mendebaldeko filosofiak ekarri digun gizakiaren irudi hori halakoa izan daitekeen arren, ez da erabat egiazkoa.
Ikuspegi horren arabera, errealitatea gure iritziekin edo sinesmenekin bat ez baletor, iritziak eta sinismenak aldatu beharko genituzke. Era berean, gure portaera-arauen kontra jokatuko bagenu, damutu eta jokabide hori zuzendu egin beharko genuke beti. Egoera askotan, ez da horrela gertatzen, ordea. Groucho Marxek esandakoaren antzera egiten dugu (”Horiexek dira nire printzipioak, eta gustuko ez badituzu, bada, beste batzuk ditut”), eta iritziak aldatu egiten ditugu egindakoa justifikatzeko.
Itxuraz irrazionalak edo funtsik gabekoak diren jokabide horiek azaltzeko, Leo Festingerrek disonantzia kognitiboaren teoria plazaratu zuen. Teoria sinplea da, hain sinplea ezen autolaguntza liburu batetik aterata dagoela ematen baitu. Baina, horrelakotan ez bezala, teoriak fenomeno psikologiko asko azaltzen ditu, esperimentu askoren bidez egiaztatu ahal izan direnak, gainera.
Disonantzia hitza musikatik aterata dago, eta bat ez datozen edo harmonikoak ez diren bi soinu izendatzeko erabiltzen dugu. Era berean, bi kognizio -pentsamendu, iritzi, sinesmen, oroitzapen edo emozio- elkarren aurka badaude, nolabaiteko ezerosotasuna edo tentsioa sortzen zaigu, eta horri disonantzia kognitiboa esaten zaio. Festingerren ustez, disonantzia hori txikitzeko joera handia dugu, eta, horretarako, bai kognizioak, bai jokabidea egokitu egiten ditugu.
Antza denez1, Festingerri disonantzia kognitiboaren teoria sekta bat aztertzen ari zela bururatu zitzaion. Sekta horrek aurresaten zuen 1954 abenduaren 21ean estralurtarrak mundua suntsitzera etorriko zirela. Sektako partaideak suntsitze horretatik salbuetsita zeuden, noski, Lurretik estralurtarren ontzian ateratzekoak zirelako. Hartarako, toki jakin batean bildu ziren seinalatutako egunean. Ez dago esan beharrik tutik ere ez zela gertatu, baina, ordurako, haietako askok lana, ikasketak, dirua edo familia utziak zituzten. Zer pentsatu ote zuten? Engainatu egin zituztela, inozo hutsak izan zirela...? Batzuek bai, horixe uste izan zuten. Baina beste askok erabaki zuten estralurtarrek Lurrari beste aukera bat eman ziotela, eta helburutzat hartu zuten berri hori zabaltzea. Sekta, desagertu beharrean, izugarri handitu zen.
https://youtu.be/2sCV2auTJMo
Festingerrek esperimentu batean2 frogatu zuen disonantzia kognitiboaren indarra. Subjektuek ataza zeharo aspergarria burutu behar izan zuten: ordu batez gurpil bati buelta erdiak ematea. Amaitzean, esperimentatzaileak mesede bat eskatu zien, alde egin behar zuelako: hurrengo parte-hartzaileari (neska bat, esperimentatzailearen kolaboratzailea) azaldu behar zioten ataza, eta buruan sartu oso interesgarria eta entretenigarria zela. Batzuei 20 dolar eman zieten (gaurko 100 euro inguru), eta besteei, dolar bakarra; kontrol-taldekoek, berriz, ez zuten inor konbentzitu beharrik. Gero, subjektuei gurpilaren ataza baloratzea eskatu zieten, -5etik (oso aspergarria) +5era (oso interesgarria). Emaitzak taula honetan3 daude:
Taularen lehen lerroan, kontrol-taldeak (inor konbentzitu behar ez zuena) ataza aspergarritzat jotzen duela ikus daiteke. Beste taldekoek, 20 dolar kobratu zutenek, ez diote irizten hain aspergarria denik: disonantzia kognitiboa dute, zeren neskari ataza oso interesgarria dela esan baitiote. Disonantzia txikitzeko, ustez merezi duen baino interes handiagoa ezartzen diote atazari. Dolar bakarra kobratu zutenek oso positiboki balioztatzen dute ataza, eta prest daude errepikatzeko (azken lerroa).
Agian espero genezake 1$ eta 20 $ kobratu zituztenen emaitzak alderantzizkoak izatea, baina azalpena disonantzia kognitiboaren intentsitatean bilatu behar dugu. Nolabait gure ekintzek justifikaturik egon behar dutela sentitzen dugu. Hogei dolar kobratu zutenek izango dute disonantzia, baina txikia, ekintza justifikaturik ikusten dutelako. Bazuten neska engainatzeko kanpoko arrazoi bat: dirutza kobratzea. Ostera, dolar bakarra kobratzea nonbait ez da nahikoa engainua justifikatzeko, eta, horregatik, haiek barne-justifikazio bat asmatu behar dute: ataza benetan interesgarria izatea. Horri gutxiegizko justifikazioaren efektua esaten zaio.
Erabakiak hartzerakoan ere nabaria da disonantzia kognitiboaren eragina. Askotan, zalantza asko ditugu erabakitzerakoan: aukera guztiei alde onak eta txarrak ikusten dizkiegu, eta nekez hautatu ahal izaten dugu haien artean. Baina, behin erabakia hartu ondoren, zalantzak desagertu egiten zaizkigu: hautatu dugun aukeraren alde onei garrantzi berezia ematen diegu; era berean, baztertutako aukeraren alde txarrak lehen baino txarragoak irudituko zaizkigu. Azken finean, argi dago oso azkarrak garela: beti aukeratzen dugu ondo. Badirudi hautua goresteko efektu hori bereziki eraginkorra dela jokalari konpultsiboen artean.
Itzul gaitezen arestian aipatu dugun igarkizunera. Nor zen zirujaua? Arin asmatu ez badugu, sexistatzat har dezakegu geure burua, batez ere galdera jendaurrean egin badigute. Horrek gure buruaz dugun irudiari eragin diezaioke, eta disonantzia sortu. Egun batzuk barru, sexismo- egoera bat epaitzeko eskatzen badigute, nabarmenki joko dugu emakumearen alde, nolabait geure buruari sexistak ez garela frogatzeko. Esperimentu hau Sherman eta Golkin psikologoek burutu zuten, 1980an, eta frogatu zuten emakume feministen artean efektua areagotu egiten zela4.
Beste arlo askotan ikus dezakegu disonantzia kognitiboaren eragina. Esaterako, lurrikara baten ostean, berehala zabaltzen da lurrikara handiago bat etorriko den zurrumurrua, baita horren arriskurik ez den tokietan ere. Zergatik zabaltzen da ondoeza eta antsietatea sortzen duen zurrumurrua? Agian ulergarriagoa egingo zaigu disonantzia kognitiboa ikusteko betaurrekoekin begiratuta: zurrumurruak ez du ondoezik sortzen; aitzitik, lehendik zegoen ondoeza eta beldurra justifikatu egiten du.
Disonantzia kognitiboak eraginda, askotan gure jarrerak eta iritziak egokitu egiten ditugu, lehenagoko jokabideak justifikatzeko. Ikus ditzagun adibide batzuk:
Jendea berenganatzeko, sektek edo bestelako talde itxiek ekintza txiki bat egitea eskatzen digute hasieran; ekintza txiki horrek geroko eskakizunak baldintzatzen ditu. Gure taldearekiko jarrera positiboagoa izango da hurrengoan, eta prest egongo gara beste konpromiso bat gure gain hartzeko; orduan, ekintza ez da hain txikia izango.
Jai batean haize-erroten aurkako pegatina bat ipintzen badigute eta jaian gauden bitartean aldean eramaten badugu, egun batzuk geroago haien aurkako jarrera nabariagoa izango dugu, aurkako hamaika txosten irakurrita baino nabariagoa.
Demagun arrazistak garela eta, egoerak bultzatuta, mesede bat egin behar diogula beste arraza bateko pertsona bati. Gerora, jarrera arrazista txikitu egingo zaigu.
Gerran edo gatazka-egoeretan, oso ohikoa da biktima gutxiestea eta mesprezatzea; horrela justifikatzen ditugu egiten ditugun gaiztakeriak. Askotan, gizatasuna ere ukatu egiten zaio biktimari. Etsaiak txerri horiak, deabru gorriak edo txakurrak” izaten dira, ez pertsonak; horregatik hil ditzakegu.
Biktima berak ere justifika ditzake jasandako erasoak. Genero-biolentzia pairatzen duten emakume askok ez dute denuntziarik jartzen, eta aitzakiekin estaltzen dute senarraren erantzukizuna; tratu txarra merezi dutela ere pentsa dezakete.
Ideia edo sinismen oso sendoak eta egonkorrak -nortasunean errotuak- baditugu, nekez aldatuko ditugu. Halakoetan, beste bide batzuk bilatzen ditugu disonantzia txikitzeko:
Gurekin bat datozen pertsonekin bakarrik izaten ditugu harremanak. Bestelako informazio-iturriak (egunkariak, sare sozialetako ezagunak eta lagunak) gure sinesmenetara ekartzen ditugu. Ondorioz, entzuten, ikusten eta irakurtzen dugun guzti-guztia bat dator gure usteekin, eta, hartara, uste horiek ez daude inoiz mehatxaturik. Horrela sortzen da berreste alderako isuria eta akordio faltsuaren isuria.
Gertaerei garrantzia kentzen diegu, edo ezikusiarena egiten dugu. Eskalea jipoitu duten gazteen gurasoek umekeria bat izan dela esango dute; ustelkerian harrapatutako politikoak “guztiek egiten dute” esanda argudiatuko du.
Oharrak:
1 FESTINGER, Leon, W RIECHEN, Henry eta SCHACHTER, Stanley: When prophecy fails,1956.
2 FESTINGER, Leon eta CARLSMITH, James M: "Cognitive consequences of forced compliance" in The Journal of Abnormal and Social Psychology, 58.2 (1959), 203.
3 Festinger eta Carlsmith (1959)
4 SHERMAN, STEVEN, J eta GORKIN, Larry: "Attitude bolstering when behavior is inconsistent with central attitudes" in Journal of Experimental Social Psychology, 16.4 (1980): 388-403. Helbide honetan: Abstract.
Gehiago jakiteko:
Azter itzazu politikari ustelaren edo erretzaile porrokatuaren justifikazioak, disonantzia kognitiboaren ikuspegitik.