Kanpoko geodinamikak kanpoko eragile atmosferikoek Lurreko gainazalean duten ekintza aztertzen du: haizea, ur kontinentalak, itsasoak, ozeanoak, izotza, glaziarrak eta grabitatea. Fenomeno horiek paisaia harritsuaren eta erliebearen suntsipen eta modelatze motela eragiten dute, eta horien jardueran behin metatutako materialak askatzen dira arroka sedimentarioak eratuz. Era berean, erliebearen, bilakaeraren eta modelatze prozesuaren formetan sortzen diren ondorioak geomorfologiak ikertzen ditu.
Itsasoa. Olatuak dira, bereziki, itsasoaren higadura lana egiten dutenak. Olatuek itsasertza higatzen dute: haitzak zulatu, labarretatik arrokak erauzi, arroka horiek joan-etorrian higatu eta biribildu… Hortik sortutakoak dira itsasertzetako haitzuloak, itsaslabar higatuak, arroka biribilezko harritzak, hondartzak…
Euri-ura. Euriak, batez ere euri-jasa handiak direnean, lurra soiltzen du, lur-partikula ugari, eta zenbait arroka (indarraren arabera) erauzi eta garraiatuz. Euriak bezala, euri asko denean sortzen diren uhar, erreka eta ibaiek ere higatzen dute lurrazala. Ur horrek erauzten duen materiala urak berak garraiatzen du, distantzia gehiagoan edo gutxiagoan, uraren indarraren arabera, eta batzuetan itsasoraino. Ibaiek garraiatzen dituzten materialak ibaiaren hondoan eta ertzetan pilatzen dira, batez ere ibaiak indarra galtzen duenean, hau da, ibaiaren beheko ibilguan. Esate baterako, ibai handiak inguru lasaietan itsasoratzen direnean, deltak sortzen dira ibaietako bokaletan.
Glaziarrak. Glaziarrek haitz handiak garraiatzen dituzte, eta beren ibilbideetan sakon higatzen dituzte glaziarrak jaisten diren haranetako hondoa eta hegalak. Bestalde, hainbat material garraiatzen dituzte glaziar horiek eta glaziar-mihiaren amaieran (morrena terminalak) edo alboetan (alboko morrenak) pilatzen dituzte.
Haizea. Haizeak erliebea higatzen du, eta materialak garraiatzen. Zenbat eta indartsuagoa izan haizea, orduan eta indartsuago eta urrutirago garraiatuko ditu materialak, eta abiadura mantsotzean eta haizearen indarra txikiagotzean, materialak lurrera erori eta han pilatzen dira. Era horretan, harea-lautadak eta dunak sor daitezke. Eskualde lehorretan askoz handiagoa da haizearen eragina (eragin eolikoa), eta haizea izan ohi da higaduraren eragile handiena. Haizeak arroketatik erauzten dituen harea-partikulek marruskadura lana egiten dute, eta haitzak karraskatzen eta formazio bitxiak sorrarazten dituzte.
Prozesu hau jatorrizko materiala apurtzean hasten da; apurketa hori bi modutara edo bi bidetatik gerta liteke: higadura edota meteorizazioa.
Higadura eragileren batek jatorrizko harria marruskadura bidez apurtzean gertatzen da. Urak eta haizeak, mugitzean, hainbat materialen kontra talka egin lezakete eta, horretan gertatzen den marruskaduraren ondorioz, apurtu egiten dute materiala.
Meteorizazioa gertatzen denean, aldiz, eragileak ez dira mugitzen, inguruko baldintzak aldatzen dituzte, baizik, eta horien ondorioz apurtzen da harria. Meteorizazio-prozesu nagusiak tenperatura-aldaketa bortitzengatik eta uraren disolbagarritasunagatik gertatzen dira. Tenperatura-aldaketa bortitzak gertatzen direnean, bi eratara gerta daiteke meteorizazioa:
Harriak jasaten dituen tenperatura-aldeek leherrarazi egiten dute harria (hori basamortuetan gertatzen da gehienbat).
Ura harri barruan izozten da, zulo eta arrakaletan, eta uraren bolumena, izoztean, handitu egiten denez, harria zarta dezake.
Uraren disolbagarritasun handiak ere eragiten du meteorizazioa: meteorizazio kimikoa, zehazki. Izan ere, urak material askotarikoak disolbatzen ditu; adibidez, kareharria.
Materialen garraioa eta sedimentazioa
Harria higatu edo meteorizatu ondoren, higakinak garraiatu egiten dira. Garraiatzaile aipagarrienak lehen aipatu ura eta haizea ditugu. Garraio-materialak pausatzean gertatzen da sedimentazioa, garraiatzaileek (ura eta haizea) energia galdu ahala, materialak sedimentatu egiten baitira. Garraiatzailearen energia gero eta txikiagoa denez bidean, sedimentuak pisuaren arabera jalkitzen dira: higakin astunenak dira lehenengo sedimentatzen direnak, eta arinenak dira, berriz, garraiatze horretan urrutien iristen direnak.
Mapa topografikoa, Lurrazaleko erliebearen gorabeheren adierazpen bat da, sestra kurben bidez egina. Ekidistantzia, ondoz ondoko bi sestra kurbaren artean dagoen altitude desberdintasuna da. Profil topografikoak lurralde batek norabide jakin batean duen erliebearen adierazpen bat da, koordenatu ardatzak erabiliz egina.
https://www.alicanteturismo.com/alicante-cota-cero/
https://www.ecured.cu/Nivel_del_mar
Murumendi inguruko mapa topografikoa
Aizkorriko maratoia, profil topografikoa
T3T, profil topografikoa
Testuingurua: Zure herritik gertu eta egin dituzun bidaietan zehar paisaia ikusgarri asko ezagutzeko aukera izan duzu ziurrenik. Horietako asko bitxiak dira eta gizakiok eginak ematen dute. Baina ez da horrela. Atmosferak eta eragile geologikoek mila urtez landutakoak izaten dira paisaian ikusten ditugun horiek. Geologoek urteetan zehar aztertu dituzte, eta asko ikasi dute haien eraketaz.
Arazoa: Agente geologiko bakoitzak modu berezi batean egiten ditu meteorizazio-, higadura-, garraio-eta sedimentazio-prozesuak. Horrela erliebe-mota desberdinak eratzen dira, baina berdinak ote dira ibaiek eta haizeak egiten dituzten lanak? Erliebe forma berdinak sortzen ote dituzte? Ezagututako paisaia oso desberdinak dira planetako leku desberdinetan. Zerk baldintzatzen du leku eta paisaia hain desberdinak egotea? Zein prozesuren ondorioz ari da aldatzen etengabe Lurraren gainazala? Nolakoak dira munduko paisaia desberdinak? eta Euskal Herrikoak?
Ataza: Udako oporretan Euskal Herriko txoko ezberdinka ezagutzeko Hirunaka kanpo eragile geologiko batek Euskal Herriko erliebe bat modelatuz sortutako paisai ikusgarri baten inguruko informazioa bilduko du.
Transferentzia: Ondoren informazioa web gune batean zintzilikatuko da ingurunea ezagutu nahi duen edonork informazioa eskuragai izan dezan.