“Erretzea oso kaltegarria da osasunerako” ohartarazten dute osasun-agintariek. Herritarrek mezua jaso eta ia aho batez onartzen dute. Are gehiago, oro har, gizarteak begi onez ikusten du erretzaileentzat gune bereziak jartzeko ideia.
Kontrako neurriak hartuta ere, tabakoa begi-bistako eta eguneroko osagaia da gizarte-esparru gehienetan, etxean eta kalean, eskolan eta enpresan, aisialdigunean eta lantokian, ospitalean eta kartzelan; edonork lor dezake, erraz, eta hamaika lekutan salerosten da.
Tira! Eta zein da orduan lotura estu horren erantzule nagusia? Hau da, zerk sortzen du behar hori? Tabako-kea milaka konposatuz osatutako nahaste konplexua da, baina nikotinak sortzen ditu erretzailearen gorputzean eraginik berehalakoenak, eta, aldi berean, baita menpekotasuna ere, garunean nahiz portaeran. Nikotinarekiko menpekotasuna ulertzeko, beharrezkoa da jakitea garunean nola jokatzen duen.
Nikotina (C 10 H 14 N 2 ) alkaloide likido bat da. Eta alkaloideak karbonoz, hidrogenoz, nitrogenoz eta, batzuetan, oxigenoz osatuta dauden konposatu organikoak dira. Konposatu kimiko horiek ondorio bortitzak dituzte gizakiaren gorputzean.
Nikotinarekiko adikzioa ulertzeko, beharrezkoa da jakitea nola jokatzen duen.
Nikotinak menpekotasun handia sortzen du. Nerbio-sistema zentralaren bizigarria nahiz lasaigarria da. Nikotinaren ondorioak minutu gutxian desagertzen dira, eta, ondorioz, erretzaileak egunean zehar sarritan hartzeko beharrizana du drogak eragiten dion plazerrari eutsi eta abstinentziaren ondorioak saihesteko. Bizigarria nahiz lasaigarria. Nola liteke hori? Paradoxikoa dirudien arren, nikotinak erretzailea pizten eta, aldi berean, lasaitzen du, zenbat eta zer maiztasunekin erretzen den. Alkoholarekin bezalatsu gertatzen dela esan daiteke. Lehenengo tragoxkarekin guztiok pozik sentitzen gara, baina neurriz kanpo edaten denean izaten dira komeriak.
Batzuetan, jendea ez da ohartzen zigarroa nikotina eskuratzeko sistema oso eraginkor eta mekanizatua dela. Erretzaileak, inhalazio bakoitzarekin, azkar eraman dezake nikotina garunera. Ohiko erretzaileak bost minutuan (zigarroak irauten duen denbora) 10 zupada ematen dizkio zigarroari. Hortaz, egunean pakete eta erdi (30 zigarro) erretzen duenak eguneko 300 dosi nikotina ematen dizkio garunari. Tabakoa kontsumitzeko modu horren bitartez, nikotinak menpekotasun handia sortzeko berez duen gaitasuna indartzen da.
Zigarroaren keak 3.500 substantzia kimiko baino gehiago ditu.
Zigarro bakoitzak, gutxi gorabehera, 8-20 mg nikotina du, eta erretzaileak batez beste miligramo bat nikotina arnasten du erretzen duen zigarro bakoitzeko. Eta horixe da, hain zuzen ere, nikotina gorputzean barneratzeko biderik zuzenena, inhalazio bidezkoa, alegia.
Birikak milioika albeoloz osatuta daude, eta albeolo horietan gas-trukea gertatzen da. Eta horrek nikotina eta beste konposatu batzuk sartzea errazten du. Nikotina berehala pasatzen da odoletik garunera, eta handik eragiten ditu gorputzeko eragin bizigarri nahiz lasaigarriak.
Neuronek garuneko informazioa antolatzen dute, eta azken horiek neurotransmisoreen bidez komunikatuta daude. Neurotrasmisore bakoitzak bere errezeptore-familia du. Eta nikotinaren kasuan azetilkolinaz ari gara. Hain zuzen, errezeptore horrek bideratzen du seinalea garunetik muskuluetara, horrek kontrolatzen ditu oinarrizko funtzioak (energia-maila, bihotz-taupadak...) eta garrantzi handia du ikasketa-prozesuan eta memorian, besteak beste.
Erretzearen ondorioz, biriketako minbizi-kasuek gora egiten dute.
Nikotinaz gainera, zigarroaren kea alkitranez eta dozena bat gasez osaturik dago (batez ere, karbono monoxidoa). Zigarro arruntak gutxi gorabehera 15 mg alkitran ditu, eta alkitran gutxiko zigarroak 7 mg. Tabakoaren alkitranaren ondorioz, erretzaileak biriketako minbizia, enfisema edo bronkioetako arazoak izateko probabilitate handia du. Kearen karbono monoxidoak, bestalde, gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua handitzen du. Oso gas toxikoa da. Berehala igarotzen da odolera eta odol fluxuan oxigenoa ordezten duenez, gorputzeko zelulei ez zaie behar adina oxigeno iristen.
Duela berrehun urte baino lehenago aipatu zen lehen aldiz tabakoa erretzearen eta minbizia agertzearen arteko erlazioa. Eta, ordutik, esandako hori guztia sendotu egin da urtetik urtera. Gai horren inguruko ikerketak ere etengabe ari dira egiten.
2005/05/01 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia
A) Testuingurua:
Tabakoa droga legalen sailean sartzen da, baina saltzen diren zigarro pakete eta tabako poltsa guztiek osasun arazoak edo/eta heriotza sor dezakeela iragartzen duen iragarki bat eman beharra daukate legez. Zigarroek 4.00 mila substantzia kimikotik gora dituzte eta asko eta asko kaltegarriak dira osasunerako. Adibidez haurdunaldian erretzea oso arriskutsua da, honek oxigeno emaria murrizten baitio garatzen ari den fetoari eta ondorioz:
haurra denbora baino lehen jaio daiteke edo emakumeak aborto bat izan dezke
haurra behar baino pisu gutxiagorekin jaiotzen da
B) Arazoa:
Zerk sortzen du sortzen da tabakoarekiko adikzioa? Ze nolako substantziak aurkitu ditzakegu zigarro batean? Zeintzuk dira erretzeak sor ditzakeen ondorio kaltegarri batzu? Erretzeak ze gaixotasun sor ditzake? Urtero urtero zenbat jende hiltzen da tabakoa erretzearen ondorioz?
C) Helburua: Testua irakurri ostean tabakoa erretzeak osasunean eragin ditzakeen kalteetaz ohartu araztea.
AZKEN ZEREGINA:
Behin testua irakurri eta gairen inguruan hausnartu ostean tabakoak eragin ditzakeen ondorio kaltegarrietaz ohartaraziko duen poster bat osatu ezazu.