Sarrera

Unitate hauetan eta gorputz heziketako saioetan egunero ikusten ari garen bezala, osasuna zaintzeko ariketa fisikoa egitea funtsezkoa da.

Dena den, ariketa fisikoa ez badugu behar bezala egiten, lesioak eta gaitzak sor ditzake ere.

Horregatik da horren garrantzitsua unitate hauetan landu ditugun ideiak kontuan hartzea, besteak beste:

  • Beroketa egitea.
  • Gure neurrirako jarduerak maiztasunez egitea.
  • Jarrera eta segurtasun neurri egokiak hartzea.
  • Atsedena hartzea.
  • Arropa eta oinetako egokiak erabiltzea.
  • Ondo elikatzea, eta abar.

Baino, hau dena kontuan hartzeaz gain, ariketak behar bezala egiten saiatu behar dugu eta lesioak eragin ditzaketenak albo batera utziko ditugu.

Ondoren azalduko ditudan ariketak maiz ikusten dira entrenamendu eta gorputz heziketako saioetan baino guk baino gehiago dakiten ikertzaileak oso egokiak ez direla ikusi dute eta horiek ez egitea eta helburu berdina duten beste batzuk bere ordez erabiltzea gomendatzen dute.

Zuetako batzuk pentsatuko duzue, "ba nik beti egin ditut horrela eta ez zait ezer pasa" edo " ez dakit zein kirolaria ariketa hori egiten ikusi dut". Bai halaxe izan daiteke, baina kontuan hartu denok desberdinak garela eta hemen mina hartzeko arriskuaz ari garela, eta ondorioz, agian zenbait pertsonek gauzak behar bezala egin ez arren ez dute inongo lesiorik jasan eta besteren batek gauzak oso ondo egin arren maiz lesionatu da.

Hau horrela izan arren, ariketa egokiak eta behar den bezala egiten saiatu behar dugu.

Ideia hau hobeto ulertzeko adibide bat jarriko dizuet. Denok ezagutuko duzue gazte-gaztetatik erretzen duen adineko pertsonaren bat, eta itxuraz, ez dio inongo eraginik egin (hala ere, seguraski arnasketarako gaitasuna oso mugatua izango du) eta 80 urte betetzera iritsi da. Bestaldetik, bizitza oso osasuntsua zeraman pertsona gazteren baten gaixotasunak eragindako heriotzaren berri ere izango zenuten, ezta? Denok dakigu erretzea oso kaltegarria dela osasunarentzat eta gaixotasun askorekin lotura zuzena duela (minbizi mota asko adibidez), orduan nola da posible hau gertatzea? Erantzuna oso sinplea da, ezin diegu gertaera bakan batzuei begiratu bakarrik, populazio handiarekin egindako ikerketei begiratu behar diegu eta datu horiei erreparatuta, garbi dago, erretzaile batek gaisotasun ugari garatzeko arrisku askoz ere handiagoa duela.

Ariketa desegoki hauekin berdina gertatzen da, ariketa hauek "beti" egin eta lesiorik izan ez duen norbait ezagutu arren, ez du esan nahi guk ere berak izan duen suertea izango dugunik.