Motibazioa

Motibazioa gizakiok egiten ditugun ekintza guztien motorra da. Motibazio egokirik gabe oso zaila da inongo jarduera behar bezala burutzea.

Guk gure esku dagoen guztia egingo dugu ikasleak ariketa fisikoa eta ohitura osasuntsuak bere eguneroko bizitzan txerta ditzaten, baina haiek dira hori egiteko giltza eta erabakia dutenak.

Ondorengo ideiak ikasleen motibazioa handitzeko bide horretan lagungarri izan daitezkeela pentsatzen dut.

  • Motibazioa hobetzeko hainbat estrategia.
    • Feed back positiboa erabili. Ikasleei zuzenketak egiterakoan mezu positiboak erabili: mugimendu horretan hankak oso ondo kokatu dituzu! Jauzia oso ondo egin duzu, hurrengoan saia zaitez bizkorrago egiten!; Ez! oso mantso sartu zara! erabili beharrean ("mezu positiboa - zuzenketa - animo edo beste mezu positibo bat" otarteko moduko hau erabiltzen saiatu behar dugu). Ondo egin dena azpimarratu eta hurrengo saiakeran jarduera hobeto egiteko zer egin behar den adierazi. Errefortzu positibo asko erabili (ez dira zergatik beti ahozkoak izan beharrik irrifarra, begirada, bizkarra ukitzea… ere erabili ditzakegu). Dena den, errefortzuen gai honetan ikaslearen nortasun eta autoestimuak badu zerikusia: orokorrean, autoestimu bajuko ikasleak eta barnerakoiak errefortzu positibo gehiago behar izaten dituzte, aldiz, autoestima altuko ikasleak gutxiago behar izaten dituzte (eta besteekin sartzeko joera duten ikasleak badira, bere portaera zensuratzeak mesede egingo die).
    • Saio guztietan ikasle guztiengana zuzentzen saia zaitez eta ikasle guztien izenak lehen bait lehen ikasi eta erabili.
    • Ikasteko giroa norbanakoaren abilezien hobekuntzan oinarritu behar dugu. Helburua norberaren (edo taldearen) hobekuntza izan behar du eta ez taldekideen arteko konparazioa. Ikasleak bere ikasteko jarrera, ahalegina eta hobekuntzen arabera baloratu behar ditugu eta ez ikasleen arteko konparazioekin (denok desberdinak gara eta aurrekari desberdinak ditugu; hori ezin dugu aldatu. Gure esku dagoen bakarra, gauden tokitik hobetzeko lana eta ahalegina egitea da). Gure arloan gai hau oso garrantzitsua da, ondorengo loturan gaiari buruz zerbait gehiago irakurri dezakezu: teoria de metas de logro y clima motivacional. Gai honen inguruan aurkezpen bat duzu (eskola kirola) erantxitako artxibategietan.
    • Neurriko helburuak ezarri. Ikasleak proposatzen dioguna egiteko gai izango dela pentsatu behar du, baina era berean erronka txiki bat izan behar du berarentzat. Ideia hau oso garrantzitsua da; ikasleari proposatzen dioguna oso erraz egiten badu ez da asko motibatuko, baino era berean, proposatutakoa oso zaila egiten bazaio eta behin ere ez duela lortuko pentsatzen badu motibazioa galduko du baita ere. Horregatik, proposamen eta progresio egokiak egitea oso garrantzitsua da. Bide honetan, helburuak ezartzeko prozesuan ikasleak inplikatzea interesgarria izan daiteke (adibidez, cooper testa egiten dugun hurrengorako berarekin adostea zein izan zitekeen osatu beharreko distantzia egokia berarentzat).
    • Gaiarekin jarraituz, ikasleak gai delako sentsazioa izan behar du. Lanaren bidez lortu ditzakeen helburuak ezarriko dizkiegu. Ikasleak erronka pertsonal horiek gainditzean bere gaitasunen gaineko uste hobea izango du (autoefikazia sentimendu hobea eta autoestimu hobea). Ikasle guztiak "arrakastararen" zaporea dastatu behar dute. "Gai zara " edo "egin dezakezu" bezalako mezuak ematerakoan norbanakoari zuzenduak izango dira, hau da, behar dutenei eta behar duten unean. Bestaldetik, ez da oso komeniagarria "hau oso erraza da" bezalako mezuak ematea (baten bati ez bazaio oso erraza iruditzen…akabo).
    • Jarduerak aukeratzeko prozesuan ikasleen partehartzea bultzatu. Hau ezin da beti egin eta ezin da edozein eran egin, baina helburu bera lortzeko ariketa ezberdinen artean aukeratzeko bidea eman diezaikegu. Adibidez: erresistentzia lantzeko helburua duen saio batean, taldeka, lana zein metodoarekin egin nahi duten aukeratu dezakete (lasterketa jarraia, zirkuitoa, soka saltoa...).
    • Aurrekoarekin lotuta, ikasleei autonomia maila handiagoa ematen joan eta erabakiak hartzen utzi eta lagundu (mailaka egin behar dugun prozesu bat da hau). Horrela, bere aisialdia, bere ikasketak eta azken finean bere bizitza planifikatzen ikasten joango dira. Ikasleei ardurak ematen saiatu behar dugu.
    • Helburu berdina lortzeko jarduera ezberdinak egin. Saiatu jarduera anitzak eskaintzen eta monotonian ez erortzen.
    • Jardueren nondik-norakoak eta helburuak azaldu. Zer egiten ari garen eta zertarako egiten dugun eta adibide errealak jartzen badizkiegu motibatuagoak egongo dira.
    • Ikasleen arteko harremanak indartu eta hobetzeko jarduerak egin, jarduera kooperatiboak, denon partehartze aktiboa eskatzen duten jarduerak … (hau ez da beti erraza izaten).
    • Aurreko puntua indartzen lagundu dezakeen estrategia taldekatzeak egiteko era izan daiteke. Taldekideen kopuru ezberdinak erabili saioan zehar (binaka, hirunaka, launaka, bosnaka…) eta taldeak egiteko estrategia ezberdinak erabili (kolore berdineko kamiseta, lehendabizi taldekatze bat eta ondoren taldean bakoitzak zenbaki bat har dezala eta zenbaki berdina dutenak talde berria osatuko dute, beraiei taldeak egiten utzi, guk erabaki…). Garrantzitsua da denak denekin lana egin dezatela eta ez beti pertsona edo talde berarekin.
    • Kontuz jarduera konpetitiboak egiten ditugunean, batez ere taldeko kiroletakoak (konpetizioaren gaia oso lotua dago motibazioaren giroarekin). Irabazteak ezin du arrakastaren lehen adierazlea izan; gauzak ondo egitea, taldekide eta lehiakide ona izatea, esfortzua… aurretik egon beharko lukete. Taldeak egiterakoan kontuz desorekekin. Lehiaketa erabiltzerakoan ikasleak batzuetan erosoago sentitzen dira bere abilezi antzekoa duten ikasleekin jolasean (adibidez futbola lantzen ari bagara eta desoreka handia badago taldearen barruan ikasle batzuk ez dute baloia ikutuko eta giroa kaxkartu daiteke. Abilezia gutxien dituztenak bere artean jolasten dutenean motibatugoak sentitzen dira batzuetan). Tarteka horrela egitea komeni dela iruditzen zait. Talde heterogeneoak erabiltzen ditugunean berriz, komeni da taldekideen arteko kooperazioa indartuko duten aldagaiak sartzea (taldekide guztiak baloia ikutzea, hainbat pase egitea puntu bat…). Zenbait kirol lantzerakoan (frontoikoak, bolei, tenis, badminton…) tanto egin beharrean kolaborazioa bultzatu, "ea zenbat aldiz kolpatzen dugun pilota norbaitek txarra egin arte".
    • Ikasleei garbi adierazi behar diegu abileziak eta gaitasunak hobetu daitezkeela eta horretarako esfortzua eta ikasteko ahalegina lagunik hoberenak direla. Ikasleren batek nik hori ez dakit egiten esaten duenean ahaleginaren eta esfortzuaren bidez gauza asko lor daitezkeela adierazi behar diegu. Eskaraz badugu esaera zahar oso egokia honetarako: ezina ekinez egina! Ideia hau neurriko helburu eta progresioak proposatzerekin oso lotua dago.
    • Zigorrak erabiltzen baditugu, sariak ere erabili. Gauzak ondo egiten dituzten ikasleak saritzeko bideren bat asmatu. Komeni da arau hauek ikasturte hasieratik garbi azaltzea.
    • Aurreko ideiarekin lotuta, garrantzi handia du oso adi egotea eta ikasleren batek ohikoa ez den jarrera positiboa duenean edo ekintzaren bat ondo egiten duenean azpimarratzea eta zoriontzea (gehienetan errietak jasotzen dituen ikasleei noizbehinka hitz goxoak entzutea oso ondo etortzen zaie). Honekin lotuta, komeni da ikasleren bati errieta egin behar badiogu aztertzea denon aurrean egin nahi ote diogun (besteak ere kontura daitezela nahi dugulako) edo bakarka egitea egokiagoa iruditzen ote zaigun (ez dugulako ikasle edo egoera hori nabarmendu nahi).
    • Ondorengo ideia ez da beti erraza praktikara eramaten baino merezi du presente izatea eta aurrera eramaten saiatzea. Irakasten duguna eta proposatzen ditugun jarduerak gogo biziz aurkeztuko ditugu, bere garrantzia azpimarratuz, adibide errealak jarriz, ikasleei galderak eginez eta bere aportazioak entzunez eta gure azalpenera bilduz. Irakasten dugun horretan benetan sinesten dugula sentitu behar dute ikasleek. Irakasleok motibatuta gaudela ikusi behar dute ikasleek.
    • Saiatuko gara ikasleek gure saioak sentsazio onekin lotu ditzaten. Ondo pasatzearekin, gauza interesgarriak ikastearekin. Ariketa fisikoak, mugimenduak, jokoak, sentimendu atseginak sortarazi behar dizkie. Ez gaizki ulertu mesedez; honek ez du esan nahi esfortzu eta ahaleginik egin behar ez dutenik, noski egin behar dutela! Baino ahal den neurrian gustora egon daitezela.
    • Ez egin balorazio kategorikoak ikasleei buruz, jarrerak eta portaerak baloratu ez pertsonak. Hau adibide batekin hobeto ulertuko da: ez esan ikasle bati "ze txarra zaren!" edo ume bati "ze gaiztoa zaren!", horrelako esaldiak erabili beharrean "hau edo beste gaizki egin duzu" (dena den gogoratu feedback positiboaren puntua) edo "zure portaera ez da egokia izan" edo "txarra izan da". Ñabardurak badirudite ere, garrantzi handia dute.
    • Ikasleak guretzat inportanteak direla sentitu dezatela ahalegindu beharko ginatekeen. Eskolatik kanpora zein kirol eta jarduerak egiten dituzten, zein zaletasun dituzten eta horiei buruz galdetzeak horretan lagundu dezake.