Gehiegizko pisua duten ikasleekin hartu beharreko neurriak

Jarduerak planifikatzerakoan, kontuz ibili behar dugu gehiegizko pisua duten ikasleekin. Komenigarria litzateke jakitea dieta hipokalorikaren bat egiten ari ote diren are eta kontu gehiago izateko (zorabioak, ahulezi orokorra… izan baidezakete). Ondorengo alderdiak aintzat hartu beharko genituzke:

  • Lokomozio aparatua.

Korrika eta jauziak egiterakoan kontuz ibili behar dugu. Jarduera hauek gainkarga handia suposatu dezakete gehiegizko pisua duten ikasleentzako. Intentsitate baxu edo ertainetan erabiltzea gomendatzen da eta etenak eginez.

Zenbait kasuetan, inpaktu txikiagoa duten jarduerak komenigarriagoak izan daitezke, hala nola: oinez, patinetan edo txirriduz ibiltzea, igeriketa, arrauna... Jaurtiketak eta indar ariketak ere erabili ditzakegu.

  • Arnasketarako gaitasuna.

Gehiegizko pisua duten zenbait ikasleek arnasketarako arazoak izan ditzakete. Kasu hauetan, ikasleren batek arnasa hartzeko arazoak dituela antzematen badugu, komenigarria litzateke jarduera etetea eta ikaslea banku batean eseritzea burua bere hanken artean jartzen diogularik. kasu arinetan errekuperatzerakoan jarduerarekin jarraitu dezake.

  • Beroa.

Gehiegizko pisua duten ikasleek beroa okerrago jasaten dute, ondorioz hezetasun eta bero handiko egunetan kontuz ibili behar dugu. Adi mendi txangoetan eta antzeko jardueretan. Bero handiko baldintzetan orokorrean esfortzu arinagoak eginaraziko dizkiegu, errekuperazio tarte luzeagoak eskainiko dizkiegu eta ur gehiago edan dezatela gomendatuko diegu.

  • Gaitasun fisikoak.

Gehienetan, ikasle hauek gaitasun fisiko murritzagoa izaten dute. Eskaera maila neurriz ezarri behar diegu, kontuan hartuz, ohitura osasuntsuagoak dituzten pertsona aktiboak heztea dela gure azken helburua. Eguneroko praktikak bere gaitasun fisikoak hobetuko ditu; ikasleak gure saioetan ariketa fisikoa eginez ondo pasatzea lortzen badugu pertsona aktiboa bihurtzeko aukerak handitu egingo dira. Saioetako jarduerak ikasle hauen ezaugarrietara egokitzen baditugu bere bizipena positiboagoa izango da.

  • Autoestima.

Gehiegizko pisua duten ikasleak, maiz, autoestima arazoak izaten dituzte. Kiroletan, jarduera fisikoak egiterakoan, kontuz ibiltzen ez bagara, bere autoestima are eta gehiago ondatu dezakegu. Bere neurrirako helburuak ezarriko dizkiegu (egia esan, ikasle guztiei), bere gabeziak ez nabarmentzen saiatuko gara (besteen aurrean bera bakarrik zerbait egiten ez utzi…) eta egiten dituen aurrerapausoak nabarmenduko dizkiogu. Bere autoestima hobetzeko motibazioaren atalean aipatutakoak praktikan jartzen saia gaitezke. Bere autoestima oso bajua dela ikusten badugu, agian psikologoaren laguntza beharko dugu.

  • Bukatzeko.

Jarduerak planifikatzerakoan ikasle guztien ezaugarriak aintzat hartzen saiatu beharko ginateke (lodiena, ez oso abilena, gaitasun fisiko kaxkarrekoena…). Ikasle hauentzak gure saioak bizipen positiboak badira, aktiboak bihurtzeko aukerak asko handituko dira. Bestaldetik, ikasle oso abilentzat eta gaitasun fisiko handikoentzat egokitzapenak egiterik izango bagenu ere, hobe.

Gehiegizko pisua duten ikasleak oso abilak izan daitezke jarduera erritmikoetan, jaurtiketetan, igeriketan, patinatzen… Zirkuitoak egiterakoan ikasleak oso erraz egokitu dezakete eskaera maila bere ahalmenetara.

Dena den garrantzi handikoa iruditzen zait ikasleei aniztasunaren ideia askotan azpimarratzea eta honen inguruan behin eta berriz hausnarketa egitea: denok desberdinak gara, batzuk gauza batzuetarako abilagoak, besteak besteetarako, altuagoak, bajuagoak, lodiagoak, meheagoak, hiztunagoak, ixilagoak… eta horregatik ez gara ez hobeak eta ez okerragoak; gure ahuleziak indartzen eta indarguneak elikatzen saiatu behar dugu, elkarri lagunduz eta desberdintasunak errespetatuz.

Hau dela eta, gure kurrikulumak ere anitza izan beharko luke.