Euskadiko Google Apps Hezkuntza IV. Topaketako egitaraua iada ikusgai

Post date: Feb 24, 2015 6:46:18 AM

Hilaren 13an topaketarako proposamenak jasotzeko epea bukatu ondoren, jardunaldiaren egitaraua finkatuta dago. Ez da erraza izan, izan ere, 16 proposamen jaso ziren eta ezinezkoa izan da denak sartzea. Hala ere, egitarauan sartu ezin izan ditugun batzuk zuzeneko hangout-en bidez edukiko dute bere espazioa, aurki iragarriko dugun egutegi eta ordutegian.

Azkenean jardunaldia apirilaren 16an izango da eta lekua Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeko eraikin nagusia, Donostian.

Izena emateko epea asteartean, hilak 24, zabaldu da eta 240 lagunentzako tokia egongo da, gutxi gorabehera.

Sarrera ekitaldian, Lanbide Heziketako Sailburuordeak, Jorge Arevalo Turrillas, konpetentzia digitalek enplegurako eta bizitzarako duten garrantziaz hitz egingo du. Jarraian, Jorge Campanillas Ciaurrizek, IKT-n espezializatutako abokatua, pribatutasunaz eta erabilpen politikez hitz egingo du, garrantzi handiko gaia, izan ere, ikasleen datuak eta informazio konfidentziala erabili eta zaindu behar ditugu. Sarrera ekitaldi hau Marc Sanz Lopezek, Google Apps Hezkuntzako ordezkaria, itxiko du.

Sarrera-ekitaldia amaitu ondoren, atsedenaldia baino lehenago edo honen ostean hiru gune hautatu daitezke: esperientzien aurkezpenak, Google Apps-en erabilerei buruzko tailer bat edo beste bat Chromebooks-aren inguruan; hemen ekipo horien ezaugarriak ezagutu ahal izango ditugu, Xenon Computer-en lankidetzari esker. Izen-emate orrian hiru aukera hauen artean hautatu daiteke.

Lerro hauetatik gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu proposamenak bidali dituztenei eta ekitaldi hau antolatzeko, modu batean edo bestean laguntza eman dutenei.