Mikroipuina istorio minimo bat da, kontatzeko lerro gutxi batzuk baino behar ez dituena, eta ez ipuin luzeago baten laburpena.
Mikroipuin bat ez da anekdota bat, ez da haiku bat, ezta burutazio bat ere. Kontakizun guztiek bezala, mikroipuinak planteamendua, korapiloa eta amaiera ditu, eta bere helburua aldaketa bat kontatzea da, nola konpontzen den lehen lerroetan planteatzen den gatazka.
Normalean, kontatzen den denbora-tartea txikia izango da. Hau da, ez da denbora asko igaroko istorioaren hasieratik amaierara bitartean.
Pertsonai gutxi izaten dira. Oro har, mikroipuin batentzat hiru pertsonaia jendetsuak dira.
Mikroipuina eszenatoki bakar batean gertatzen da, gehienez ere bitan. Oso bakanak dira agertoki anitzak dituzten mikroipuinak.
Espazioen eta pertsonaien aurkezpenak eta deskribapenak oso bakanak eta motzak izaten dira. Ongi aukeratutako xehetasun batek dena esan dezake.
Mikroipuin batean izenburua funtsezkoa da: gehinenetan istorioaren parte izaten da eta zerbait garrantzitsua argitzen du.
Motza izan arren eta gertakari txiki bat kontatzen duen arren, mikroipuinen esanahia kontatzen denetik haratago doa. Hau da, oso gauza txikia kontatzen dute, baina esanahi handikoa.
Mikroipuinak kontatzea hitzekin margotzea da, irakurlearen begien aurrean eszenak marraztea, irakurlea haiekin hunkitu dadin (edo ez).
Ipuinaren amaiera klabea da, irakurlea harritzea bait du helburu.
[Egilea: Belen Mateos Blanco]