DBH1

1.DBH-ko teknologia?

Garapen teknologikoak gaur egungo mundua itxuratzen du. Une askotan dugu hartu-emana teknologiarekin, ohituta egoteagatik konturatzen ez bagara ere. Testuinguru honetan beharrezkoa da herritarrei prestakuntza ematea prozesu teknologikoekin lotura duten erabakien arloan kritikoak izan daitezen, haiekin lotutako arazoak konpontzeko gauza izan daitezen eta, azken finean, bizi kalitatea hobetzen duen ingurune teknifikatu batean aritzea errazten duten materialak, prozesuak eta objektu teknologikoak ezagut eta erabil ditzaten.

Mendeetan zehar aro bakoitzeko gizartearen premiek gidatu dute garapen teknologikoa, tradizioen eta kulturaren arabera, alderdi ekonomikoak eta merkatukoak ahaztu gabe. Berrikuntzari eta beste irtenbide batzuen bilaketari esker aurrerapenak izan dira, eta aldatzeko premia gizakiaren funtsezko ezaugarria da. Horregatik, gaur egungo gizarteak hezkuntza teknologiko zabala behar du teknologiak eta haien oinarri diren teknikak eta ezagutza zientifikoak errazago ezagutzeko. Garapen teknologikoaren funtsa dira oinarrizko printzipioak eta makina sinpleak, behar bezala gehituta makina berriak eta gure inguruneko errealitatea sortzen dituztenak.

Teknologia irakasgaian gizakiek arazoak edo beharrak konpontzen dituzten sistemak edo inguruneak garatzeko erabiltzen dituzten teknikak sartzen dira, historian zehar eskuratutako ezagutza zientifiko eta trebeziekin batera. Horrenbestez, teknologiei lotutako ikaskuntzei koherentzia eman behar zaie eta haiek osatu, teknologia guztien tratamendu integratua erabiliz, testuinguru bakoitzean behar bezala erabiltzeko, eta zeregin espezifiko eta komunak erlazionatuz. Ikasleek autonomia teknologikorako portaerak eskuratu behar ditu, ingurumenaren eta ekonomiaren arloetako irizpideak erabilita.

Ezin da garapen teknologikoa ulertu ezagutza zientifikorik gabe, eta ezin da zientzia egin teknologiaren laguntzarik gabe; eta biek tresnak, ekipoak eta ezagutza teknikoak behar dituzte. Gaur egungo gizartean, arlo horiek guztiak elkarrekin erlazionatuta daude eta elkar-menpekotasun handia dute, baina, aldi berean, bakoitzak jarduera eremu ezberdina du. Teknologia irakasgaiari esker ikasleek "nola egin" ikasiko dute, zientzia eta teknika bateratzen baitira; hau da, "zergatik egin daiteke" eta "nola egin daiteke". Horrenbestez, teknologiaren funtsezko elementua da zenbait diziplina integratzea, konpartitutako jakintza-erreferente batekin. Erreferentzia horren oinarria ingurunean esku hartzeko modu ordenatu eta metodikoa da.

Irakasgaiak ondoko multzoak ditu:

Problema teknologikoak konpontzeko prozesua: trebetasunak eta metodoak garatu behar dira aurrera egiteko, problema tekniko baten identifikazio eta formulaziotik abiatuta problemaren soluzio eraikitzailea lortu arte; hori guztia, baliabideen eta soluzioen optimizazioa bilatzen duen prozesu planifikatu baten bidez. Prozesu teknologiko hori abian jartzeak osagai zientifiko eta teknikoa eskatzen du, eta irakasgai osoaren ardatza da.

Adierazpen eta komunikazio teknikoa: agiri teknikoak interpretatu eta sortu behar direnez, ikasleek oinarrizko teknikak eskuratu behar dituzte marrazteko eta diseinu grafikoko programak erabiltzeko. Dokumentu teknikoak oinarrizkoak izanen dira hasieran, baina gero eta handiagoa izanen da haien konplexutasuna, berariazkotasuna eta kalitate teknikoa. Eboluzio prozesu horretan, informatikako tresnak erabili behar dira proiektu teknikoaren agiriak prestatzeko.

Erabilera teknikoko materialak: prototipo bat produzitzeko, industrian gehien erabiltzen diren material teknikoen ezaugarriak eta aplikazioak ezagutu behar dira, bereziki materialekin, tresnekin eta makinekin lan egiteko teknikak eta elkarlanari eta segurtasun eta osasun ohiturei lotutako jokaerak.

Egiturak eta mekanismoak: makinak eta sistemak: ikasleei prestakuntza eman nahi die arlo hauetan: egitura batek jasaten dituen indarrak, hura osatzen duten elementuen gaineko esfortzuak eta mugimendua transmititu eta eraldatzeko oinarrizko eragileen funtzionamendua, biak makinen funtsezko zatiak baitira. Ikasleek elektrizitatearekin lotutako egintzak eta gailuak ezagutu eta erabili behar dituzte, makinekin eta sistemekin erabiltzen den energia iturri erabiliena baita.

Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak: ordenagailuen hardwarea osatzen duten elementu nagusiak ezagutzea lortu nahi da. Prozedurako edukiak nabarmentzen dira, bai gailu elektronikoen arteko konexioan, bai dokumentuen kudeaketan eta aplikazioen instalazio, mantentze eta eguneraketan. Halaber, helburu bat da ikasleek tresnak erabiltzeko eta tresnak bilatu, jaitsi eta trukatzeko oinarrizko aplikazioak baliatzeko trebetasunak eskuratzea. Trebetasun horiek estu lotuta egon behar dute informazioa hautatu, landu eta erabiltzeko jarrera kritiko eta gogoetatsuarekin.

Jarduera desberdinen bideoak eta argazkiak:

Tangram

Egurrezko arkua

Paperezko zubia

Paperezko eskulanak

Mirandaolako Burdinola

Erronka