HARRERA 20-21

20-21eko ikasturtea hasteko harrera-jarduerak eta proposamenak

Pilar Etxebarria, Leioako Berritzegunea

COVID-19 pandemiak eragindako osasun-larrialdiak hezkuntza-erronkarik handienean jarri gaitu. Ez dakigu ziur, 2020-21 ikasturtea nolakoa izango den, zein eszenatokian kokatuko garen, baina bai, jakin badakigu, ikasturtearen hasierak une garrantzitsuak direla beti, are gehiago, ikasturte honetan.

Normalean egiten diren jarduerak (elkarezagutza, talde-kohesioa, hasierako ebaluazioak...), osasun-neurriak direla eta, nahiko baldintzatuta daude. Ohiko dinamikak, taldeka, orain bakarka egin behar dira, osasun-alderdiak lehendabiziko planoan kokatzen. Gainera, konfinamendua bizi izanda, gure ikasleek ongi izate sozio-emozionala agerian jartzeko eta lantzeko beharra dugu.

Era berean, konfinamenduan zehar erabilitako estrategia didaktikoak eta esperientziak kontuan hartuta, bai konpetentzia digitala, bai haien kabuz ikasten ikasteko ahalmena prestatzeak garrantzi handia hartzen du.

Eta guzti hau, euskara sustatzen, lehenengo momentutik, modu positiboan eta bizitzarako hizkuntza bihur ditzaten.

Hobe da beharrezkoa den denbora ematea antolakuntza ona izateko eta osasun-kontzientzia ondo hartzeko, kurrikuluma garatzen hasteko baino. Garai hauetan "gutxiago gehiago da".

Irudia: Freepick