Ahozkoa koronabirusaren garaian


Ikasleen ahozko gaitasuna lantzeko proposamena irakaskuntza telematikoan.

Egoera

Koronavirusa (COVID-19) dela-eta irakasleok ikasleekin ditugun euskarazko aurrez aurreko saioak gutxitu egin dira eskolak eten direlako.

Hipotesia

Egoera horrek ikasleek jasoko duten euskarazko inputa gutxitzea dakar. Kontuan hartuta ikasleen hiztun tipologia pentsa dezakegu eragin kaltegarria izan dezakeela, oro har, ikasle guztien hizkuntza mailan. Are kaltegarriagoa hizkuntzaz jabetzen ari diren ikasle horien kasuan, hau da, Haur Hezkuntzan eta baita Lehen Hezkuntzako hasierako mailetan ere. Gainerakoengan ere, noski, eragina izanen du. Ezin dugu orokortu, beti ñabardurak daudelako, baina joera hori izan daitekeela uste dugu.

Egoera berri honek hizkuntzaren irakaskuntzan lehentasunak beste jarduera mota batzuetan paratzea eskatzen du eta, jarduera hauek ikasleendako lan gehigarria ez daitezela izan gomendagarria litzateke, alegia, jarduera mota hauek beste batzuen ordez egin daitezen.

Lehentasunak

  • Ikasleen euskarazko inputa ziurtatzea.

  • Ikasleei euskarazko outputa eskatzea.

Proposamenak

1. Ikasleen euskarazko inputa ziurtatzea.

  • Zehaztu ikasleek berrogeialdian euskarazko edukiak entzuten, ikusten eta irakurtzen zenbat denbora emanen duten.

  • Euskarazko ikus-entzunezkoak tartean izanen dituzten jarduerei lehentasuna eman. Gaur egun euskaraz baliabide horiek izan baditugu eta eskura daude. Aukeratu baliabide horiek ikasleendako. Hobe da horien artean aukeratzea irakasleak berriak sortzen hastea baino, denbora faktore garrantzitsua delako une honetan.

  • Input jarduerak planifikatu, aste bateko proposamena egin, esaterako.

  • Zenbaitetan, ikasleen gustuen arabera, utzi ikasleei beraiei input horiek aukera ditzaten irakasleak emandako zerrenda baten barruan, esaterako.

2. Ikasleei euskarazko outputa eskatzea, alegia, ekoizpen bat.

Helburua ikasleek euskaraz hitz egin dezaten (eta idatz dezaten) haien hizkuntza maila mantentze eta elikatze aldera. Ikuspegi sozio-diskurtsiboa eta komunikatiboa oinarri hartuta sor ditzaten ahozko eta idatzizko testuak.

Euskara irakasleendako proposamena: ikasleei eskatuko dizkieten jarduerak tankera honetakoak izatea.


Ahozko ekoizpenen baldintzak.

  • Ikasleek burutu behar dituzten ahozko jarduera horiek helburu komunikatiboa izatea.

  • Audioz edo bideoz grabatuta irakasleari bidaliko zaizkion ekoizpenak izatea.

  • Ekoizpen laburrak izatea, adinaren arabera egokitu iraupena, gehienez ere, 2/3 minutukoak.

  • Helburu komunikatibo posibleak ikasleek banaka, binaka edota elkarrekintzan egitekoak. Adibideak:

-Ikaskideei eguneroko errutinak kontatu

-Irakasleari haien etxea deskribatu

-Ikaskideei gertatu zaizkien anekdotak kontatu

-Gurasoei ikusi duten film edo dokumental baten, irakurri duten liburu edo albiste baten laburpena azaldu

-Irakasleari eta ikaskideei arazo bati buruzko iritzia eman

-Senideei gustuko ipuina kontatu

-Gurasoei ahoz gorako irakurketak egin

-Zuei bururatzen edo ikasleei bururatzen zaiena


  • Elkarrekintza sustatu: irakasleak 4 edo 5 ikaslerekin taldeka MEET saioak egitea eta gai bati buruz hitz egiten aritzea, mailaren arabera, irakasleak jar dezake gaia. Adinaren arabera, ez oso luzeak, parte hartzen duten ikasle guztiek hitz egin dezaten. Adibidez, LHko 1. mailan errutina bat aipatzeko, gauza laburrak baina elkarrekintza sustatuko dutenak eta hizkuntzaren erabilera eskatzen dutenak ikasleen aldetik. Edo, DBHko 4. mailan gai zehatz bat jarrita, esate baterako, biologiako gai bat eta 4 ikasle eta bi irakasle egon daitezela (biologia eta euskarakoa), euskara irakasleak ikasleen ekoizpenak aztertzeko (ez nota jartzeko), ikasleen ongi egindakoak eta hutsuneak identifikatzeko… DBHko euskara irakasleek beste irakasleekin batera lan egin dezakete jarduera mota hauetan.

Ahozko ekoizpenen balorazioan aurrera egiteko modua.

  • Ikasleei eskatuko zaien ekoizpen horietan komeni da ikasleek aldez aurretik zer eskatu eta ebaluatuko zaien jakitea.

  • Ikasleei tartea eta baliabideak eman eskatuko zaiena ikasteko, posible baldin baduzue ereduren bat.

  • Ikasleen ekoizpenak malgutasunez ebaluatu, ongi egindakoak nabarmendu lehenengo eta gero hobetu beharrekoak. Esate baterako, hasteko 2/3 baliabide ebaluatzea nahikoa da, eman dezagun, begirada edo gorputzaren jarrera eta baliabide berbal bat-edo.

  • Ez tematu gehiegi zuzentasunarekin.

  • Ahozkoaren ezaugarrietatik eta baliabideetatik abiatu. Hona hemen argibide batzuk: ezaugarriak ; baliabideak.

  • Ahozkoaren ebaluazioa egiteko eta neurria hartzen joateko, hona hemen euskara ikasgaiaren D ereduko curriculuma (LH, DBH eta Batxilergoa).

Baliabideak:

Ikus-entzunezkoak: marrazki bizidunak, ipuinak, filmak, dokumentalak, irakasleen azalpenak...

Non aurkitu: Haur eta Lehen Hezkuntzarako ERA (konfinamendu garairako kultur proposamenak eta baliabide finkoak) EIBZko ikus-entzunezkoen blogean, Teknopolis, ETB1, Euskadi Irratia, Hamaika telebista, ETB3, Berria...

Irakurgaiak: Berria, Argia, Armiarma, Elhuyar Aldizkaria...

Irakurgaiak:

-Hizkuntza-gaitasunen ikaskuntza mikrosekuentzia didaktikoen bidez.