EGINDAKO IBILBIDEA

Urte mordoxka bada ikasleen ahozko hizkuntz gaitasuna hobetzeko asmoz lanean hasi ginela. Hasteko irakasleei galdetu genien ea ahozko hizkuntza gelan lantzen ote zuten eta ea nola lantzen zuten. Egia esan irakasleen aldetik ere kezka handia zegoen gai honekin eta geure buruak prestatu eta irakasleei prestakuntza eskaintzen hasi ginen 2010/11 ikasturtean. Ordutik hona hainbat ikastaro eskaini ditugu bai ikastetxeko egitasmo bezala lantzeko bai Nafarroako irakaskuntzako irakasle solteei. Esperientzia horiekin batera ikasi dugu eta guk ikasitakoa erabili nahi duen edonoren esku jarri nahi dugu.

250 irakaslerekin gai honen inguruan hitz egin ondoren nagusitzen den erantzuna paradoxikoa da:

"Beharrezkoa da gure ikasleekin gelan ahozkoa lantzea, eta zenbaitetan denbora eta tartea dugunean, zer edo zer egiten dugu, baina ia ezinezkoa da horrek gure curriculumarekin bat egitea".

Jarraian dituzue irakasleekin batera egindako hausnarketak:

Halaber, jaso dugun inpresioa, (inpresioa esanen dugu, nahiz eta datu dezente izan) ataka batean gaudela, eta irakasleok ia ezinezkoa sentitzen dugula ataka horretatik ateratzea. Bai, ahozkoa landu landu nahi dugu; baina ezinezko zaigu prestakuntzarik, betarik, materialik, eta abar ez dugulako. Halako etsipen kutsua jaso ondoren, ba egokia eta komenigarria da tarte bat hartzea pentsatzeko eta ahalik eta datu objektiboenetara jotzea. Eta planteamendu horretatik abiatuta ekin genion, ekiten diogu egitasmo honi.

Bestalde, prestakuntza jaso ondoren ataka horretatik ateratzeko bidea hasten dela ere ikusi dugu eta horrek animatu gaitu aurrera egitera eta bide onetik goazela sinistera.