Lana ez da amaitzen emisioarekin, ondoren badira derrigorrez egin behar diren zenbait lan eta egin daitezkeen beste lan batzuk ere. Grabatu eta editatu behar dugu irratsaioa Interneten bidez aireratzeko.
Urte askoan, emisora bat eta dagokion baimena izatea izan da eskolako irratia inguruan entzun ahal izateko aukera bakarra. Gaur egun eskolako irrati gutxik dute zuzenean emititzeko aukera, ez baitute antenarik eta horretarako baimenik. Zer egin daiteke?
Irratsaioak grabatu eta editatzea aukera bat da: Esatarien ahotsa grabatu ondoren soinu ediziorako programaren bat erabiliz musika gehitu eta irratsaioa osatzen da. Aireratzeko internetek ematen dituen aukera ezberdinak erabili daitezke.
Beste aukera bat irratsaioak zuzenean emititzea da: Ahotsak eta musika nahasketa mahaia erabiliz elkartu eta emisorearen bidez aireratzen dira. Irratsaioak grabatuak izatea egindako lana aztertzeko aukera ematen digu.
Irratsaioan esan nahi dena grabatzeko tresna ezberdinak ditugu. Grabagailu digitalak, telefono mugikorrak edota ordenagailua bera erabili daiteke. Ondoren ahotsari musika eta soinu efektuak gehitzeko soinu editore bat behar dugu.
AUDACITY soinu editorea doakoa da eta euskaraz erabili daiteke. Erabili ahal izateko saretik HEMEN deskargatu eta ordenagailuan instalatu behar da. Audioak zuzenean grabatu eta editatzeko aukera ematen du eta beste hainbat edizio lan ere egin daitezke. AUDACITY erabiltzeko azalpenak sarean aurki daitezke:
Ahozko testuak ordenadorez grabatzen eta lantzen: Audacity soinu-editorea eta beste zenbait baliabide Irungo Berritzeguneko HN Aholkularia izan den Iñaki Biainek egindako apunteak
AUDACITY nola erabili Gurenda Serrano - Asier Osinalde. Informatika sitesaren atala.
Irratsaioen audioak zerbitzari propio batera igo daitezke baina memoria laster beteko zaigu, sareko zerbitzari batean jartzea aukera hobea da. Kontu bat sortuz aurretik grabatutako programak igotzeko aukera ematen duten atariak dira. Interneten aukera asko ditugu:
Spreaker podcast-ak sortzeko, editatzeko eta emititzeko tresna bat da. Interfazeak irrati-mahai sinple bat simulatzen du, eta hainbat pista, efektu, musika edo parte-hartzaileak gonbida daitezke. Podcast-ak online grabatzeko edo zuzenean emititzeko aukera ematen du. Gainera, ordenagailuko bertsio mugikorra edo mahaigainekoa erabil dezakegu.
SoundCloud edozein motatako audio fitxategiak igo, argitaratu eta entzuteko plataforma da, abestietatik podcastetara, irratsaio baten antzeko zerbait. Musika artisten ekoizpenak publikatzeari lehentasuna ematen dion arren irratsaioak ere bertan publikatu daitezke.
Ivoox Irrati profesionalen podcast saio asko hemen publikatzen dira eta jendeak bertan entzuten ditu. Eskolan ekoiztutako irratsaioak ere publikatu daitezke.
Podomatic Interneteko doako zerbitzu bat da, blog bat era oso sinplean sortzeko aukera ematen duena eta audio artxiboak eransteko aukera ere badu.
Vocaroo aplikazioa. Web orri sinple batean dago eta bertatik audioa grabatu daiteke gure ordenagailuko mikrofonoarekin. Aurrez grabatutako audioak ere "kargatu" ditzakegu. Ez da erregistrorik behar erabili ahal izateko eta doakoa da.
Eskolan egindako irratsaioa sarean erakusten badugu, edonork entzun dezake edonondik. Ikastetxeko webgunean txerta dezakegu edo eskuragarri dauden doako plataformetako bat aukeratu ondoren, kontu bat ireki, blogerako izen egoki bat aukeratu eta audioak txertatu. Haurek dira erabilienak:
Wordpress: Blog bat sortzeko erabil dezakezun software librea da. Erraz eguneratzen da eta argitalpena programa daiteke. WordPress softwarea doakoa eta irekia da. Kode irekiko eredua du, beraz, pluginak erabil ditzakezu nahi duzun webguneko edozein alderdi sortu eta aldatzeko. Hala ere, gune guztiz funtzionala izateko, beste elementu batzuk ordaindu behar dituzu.
Blogger: Google-n jabetzakoa den plataforma bat da eta bere doako tresnen multzoan sartzen da. Blogak sortzeko plataforma erabilienetako bat da, edukiak sortzeko munduan sartzen hasi direnentzat oso egokia. Blog berri bat sortzea oso prozesu erraza da, sarean tutorial asko aurki daitezke.
Irratsaioak zuzenean emititzen baditugu ere grabatzea komeni zaigu gero aztertu ahal izateko.
Irratsaioaren grabazioa gelan entzunez egindako lana aztertu daiteke hobetzeko proposamenak jaso eta hurrengo programa egiten denean kontutan hartzeko. Irratsaioaren ebaluazioa sakonagoa ere egin daiteke, horretarako errubrikaren bat erabiliz. Iruñako Sanfran Irratiko ikasleek beraien saioak egin ondoren autoebaluazioa egiten dute.
Egindako programaren grabazioa entzuten dute gelan.
Bakoitzak egin duena baloratzen du, behaketa erregistroa erabiliz, hobetzeko proposamenak ere apuntatzen dituzte.
Behaketa erregistroen laguntzaz, irratsaioaren zenbait aspektu orokor baloratzen dituzte taldean eta gelan duten kartulinan apuntatzen dituzte.
Hurrengo irratsaioa prestatzeko aurrekoaren behaketan jasotako balorazio eta iradokizun kontuan izaten dituzte.
Hauxe da helburua: egindakoa balortzea hurrengoan hobetzeko.
San Francisco HLHIP, Iruña (2015). “Sanfranirratia”: hitzak airean. Berrikuntza proiektuak 2016-17, or. 75-80.