Prestatu ondoren irratsaioa emititu edo grabatzeko unea dator. Modu batean zein bestean erabiliko dugun hizkuntza zaindu behar dugu eta hitzari lagunduko dioten baliabideak ere eskura izan.
Irratian, hitzak bezain garrantzitsuak dira musika, hotsak eta isiluneak.
Irratiak, entzuten dituzten pertsonen belarrietara iristen diren mezuak eraikitzeko balio duten hizkuntza eta kode bereziak ditu. Ahotsak, musikak eta beste soinu batzuk etengabe txandakatzen dira. Nahaspila dirudien horrek ordena jakin bat du: ahots bat agertzen da beste bat isiltzen denean, albistegi baten hasieran agertzen den musika-pasartea desagertu egiten da kazetaria albisteak kontatzen hasten denean, esatari batek abesti bat aurkezten du hasierako doinuak bolumen txikiagoan entzuten diren bitartean...
Zentzumen guztiek eman dizkioten sentsazioen bidez jasotzen dugu mundua. Irratiak entzumen soilaren bidez eskaintzen digu mundu hori, hala ere entzuleoi osotasunean jasotzen ari garela iruditzen zaigu. Pertzepzio hau lau elementuz osatua dago: ahotsa, musika, soinuak eta isiluneak.
Gutierrez Paz, Arantza (2000). Irratirako idazketa eta gidoigintzaAhotsaren bidez, irratiaren soinuak gorputza hartzen du. Irratian, ahotsa da hitz egiten, arnasa hartzen, mugitzen edo hunkitzen duen gorputz bat kanporatzeko bidea. Ahotsa esatari gisa lan egin nahi duen pertsona ororen lan-tresna da; pertsona horrek informatu, kontatu, hitz egin, lagundu, azaldu egiten du. Ahots guztiek ez dute berdinak izan behar, pertsona bakoitzaren subjektibotasuna adierazten baitute. Ez dago ahots on edo txarrik irratian hitz egiteko.
Irratian ahozko hizkuntza erabili behar da, entzuna izateko sortua. Idatzitako testua oinarri izan arren, entzuleak hizkuntza naturalean eratutako mezu bezala jaso behar du, esataria irakurtzen ari dela nabaritu gabe. Hizkuntza mintzatua egoki erabili behar da.
Esatariak ondo irakurri behar du. Esaldian garrantzia duena azpimarratzen ikasi behar da. Testua mikrofonoan esan aurretik, hainbat aldiz entseiatzea komeni da. Irakurketa isila egin behar da lehenengo eta ahoz gorakoa ondoren.
Esataria berak ezarri behar du erritmoa mezua ematean. Ahotsarekin jokatu behar du, dagokion bizitasuna emanez, irakurketa dinamikoa eginez eta entzulearekin aurrez aurre balego bezala hitz eginez.
Mikrofonoaren aurrean ozen hitz egitea komeni da baina ez altuegi. Lasai hitz egin, entzuleari ulertzeko denbora emanez baina inor aspertu gabe. Argi ahoskatu, horretarako testua aurrez irakurri eta hitz zailak identifikatu.
Ez da erraza imajimatzen zer izango zen irratia musikarik gabe, programazioaren parte autonomo bezala ager daiteke baina baita hitzarekin edota hotsekin lotuta. Musika irrati-diskurtsoaren erritmoa ezartzeko erabiltzen da batzuetan, beste batzuetan hitzen bidez azaldutako mezua azpimarratu, iruzkindu edota kontrajarri dezake.
Irratiaren hasierako emanaldietan musika entzuleak entretenitzeko erabiltzen zen. Garai hartako irratien baliabide tekniko mugatuekin, musika emititzeko aukera bakarra mikrofonoak emanaldia zegoen lekura eramatea zen. Denborarekin irratietako instalazioak hobetzen joan ziren eta estudio zabalagoak eraikitzen, horrela orkestrak, ganbera taldeak, abesbatzak eta bestelako musika taldeak irratietara sartu eta musika emisioak egiten ziren. Hala ere, urratsik esanguratsuenak diskoa iristean gertatu ziren, eta, batez ere, XX. mendearen erdialdean grabatzaileak irratiko ekoizpen eta errealizazioan sartu zirenean. Asmakizun horiei esker, musika-espazio gehiago sortu ziren, musikan espezializatutako irratiak sortu ziren eta ingurunerako bereziki pentsatutako piezak sortu ziren.
Gaur egun musikaren erabilera ez da beti berdina, egin nahi den programaren, igorlearen asmoen eta, batez ere, musikaren testuinguruaren araberakoa da. Bere esanahia aldatu egin daiteke irratian, ahotsarekin edo soinu-efektuekin duen erlazioaren arabera. Irratiko musikak hainbat modutan joka dezake eta une bakoitzean agertzen denaren arabera funtzio desberdinak betetzen ditu:
Antolatzailea: Musikak horrela jokatzen du edukiak eta atalak antolatu eta banatzeko erabiltzen denean. Funtzio hori oso ohikoa da albistegietan, eta iraupen laburreko hainbat tartetan aurkezten da musika.
Programatikoa: musika irrati-kate, programa edo atal jakin baten programazio osoa eraikitzeko objektu/eduki nagusia denean agertzen da. Funtzio hau hainbat egoeratan eman daiteke: Musika estilo desberdinen inguruko berariazko programetan, musika-gaiak bestelako programetan emititzean edota emanaldi jakin bat transmititzen denean.
Deskribatzailea: Entzulea leku edo espazio jakin batera mentalki eramaten duen musika erabiltzen da. Melodia bat entzutean hartzaileak automatikoki erreferentzia jakin batekin lotzen duelako sortzen da translazio hori. Adibidez, saltsa Kubarekin erlazionatzen dugu, sardana Kataluniarekin, Strauss bals bat Austriarekin edo karrusel musika festa batekin.
Apaingarria: Entzuten den lekuan sentsazioak eta emozioak pizteko erabiltzen da. Ikusten ez direnak deskribatzeko tresna gisa ere erabiltzen da, eragiten dituen egoera emozionalak irudikatzeko.
Creative Commons lizentziapean musika eskuratzeko gune asko daude sarean. Gune hauek era askean musika zabaltzen uzten dute, hainbat abesti jaitsi era legalean entzun ahalko dituzu. Guztiek musika doan eskuratu eta zabaltzen uzten dute. Horietako batzuk aipatzearren:
Jamendo: 500.000 abesti baino gehiago dituen bilduma du. Kanta hauek 150 herrialdeko 40.000 artistak partekatu dituzte. Musika doan entzun eta zure ordenagailura jeitsi ahalko duzu. Irratiz musika entzuteko zerbitzua dauka.
Souncloud: kalitate handiko webgune ospetsua da, eskola irrati batzuk bere saioak sareratzeko erabiltzen dute. Artista ezagunek ere beraien lanak partekatzen dituzte konektatzen direnekin. Musika berria eta abesti bildumak aurkituko dituzu bertan.
Pixabay: Plataformak erabiltzen duen komunitateak partekatutako 80 000 musika-pista baino gehiago, dohainik deskargatzeko eskuragarri.
Artikulatu gabeko soinua dira. Informaziorako oztopoa badira ekiditen saiatzen da irratilaria, baina hotsa errealitatearen dokumentu informatiboa ere izan daiteke: naturako hotsak esaterako. Errealitatean jasotzen diren hotsez gain soinu efektuak ere erabiltzen dira irratian, norberak sortuak edota eskura dauden hainbat biltegietakoak.
Irratian ahotsak eta musikak duten nagusitasunak soinu efektuek irrati produkzioan betetzen duten eginkizun garrantzitsua maskaratzen du. Informaziorako oztopoa badira ekiditen saiatzen da irratilaria, mezua argi helaraztea helburu duelako baina hotsa errealitatearen dokumentu informatiboa ere izan daiteke.
Musikarekin gertatzen den bezala, soinu-efektuek hainbat funtzio bete ditzakete, betiere integratzen diren testuinguruaren eta igorlearen asmoen arabera:
Ingurua deskribatzea: Soinu-efektua toki edo giro bat deskribatzen laguntzen duen euskarri gisa aurkezten da. Entzulea kokatzeaz gain, efektuak mezuaren sinesgarritasuna handitzen laguntzen du. Hori gertatzen da, adibidez, itsasoari buruz hitz egin bitartean, olatuen soinuak eta kaioen garrasiak entzutenen direnean.
Emozioak adieraztea: Soinu-efektuak, entzuten duenean entzulearengan sentsazioak eta emozioak piztu ditzakeelako. Hori izango litzateke, adibidez, trumoi efektuaren kasua, eztabaida baten une gorena adierazteko edo lehoi baten orroa pertsonaia baten haserrea irudikatzeko.
Zerbait kontatzea: Badira beste osagairik gabe ekintza bat gogorarazten duten soinu-efektuak: ate bat irekitzea, auto bat abiaraztea edo harearen gaineko urratsak. Efektu horiek funtzio narratiboa betetzen dute, ez baita beharrezkoa irrati-hizkuntzako beste osagairik egotea soinu horiek adierazten dutena azaltzeko.
Irratian, deskribatu nahi den soinu-paisaia errealetik zuzenean jasotako soinuekin lan egiteko aukera dago edo artifizialki sortutako soinuekin. Soinu artifizial hauek norberak sortuak izan daitezke edota eskura dauden hainbat biltegietakoak. Hainbat gune daude hori egin ahal izateko, batzuek ordaindu behar dira baina hemen soinuak dohain hartzeko aukera ematen duten batzuk aipatuko ditugu:
Hezkuntza Ministerioko baliabide biltegia: Hemen aurkituko dituzuen baliabideak Creative Commons lizentziari lotuta daude. Zuek sortutakoak bertan konpartitu ditzakezue.
Catalunyako XTEC-ren soinu biltegia: Soinu baliabide bilduma dotorea, lau taldetan sailkatua: soinu efektuak, emozioen arabera sailkatutako musikak, irratirako zenbait audio katalanez eta beste fonoteka batzuetarako sarbidea.
Free Sound Effects: Bilatu, aurreikusi eta deskargatu soinu-efektuak doan, zure multimedia-proiektuan berehala erabiltzeko. Eskubiderik gabeko kalitate handiko soinu-efektu horiek soinu-ingeniari onenek aukeratzen dituzte.
The Recordist: Irratirako soinu-efektuen banku txiki bat du. Erabilera pertsonalerako doakoak diren arren, 5 dolar eskatzen dituzte bakoitzak erabilera profesional edo komertzialerako baldin badira. Aurreko aukerak baino zertxobait garestiagoa da.
Pixabay: 90.000 soinu-efektu baino gehiago partekatzen ditu plataformak erabiltzen duen komunitateak, eta doan deskargatzeko eskuragarri daude.
Isiltasuna mezuaren elementu bat gehiago gisa sartzen da irratiaren adierazpenean, soinurik ez dagoenean agertzen da, hau da, ahotsik, musikarik edo soinu efekturik ez dagoenean. Isiltasunaren benetako esanahia soinu faltak bere aurreko edo ondorengo elementuekin duen harremanetik soilik uler daiteke. Irrati mezuan isilunea sartzea hautu bat egitea da eta hautu horretan dago adierazpen artistikoa bihurtzeko aukera.
Isilunea egoera askotan erabil dezakegu, esaterako elkarrizketan parte hartzeari uztea erabakitzen duen pertsona baten egoera emozionala irudikatzeko edota gai eztabaidagarri baten aurrean entzuleengan hausnarketa suspertzeko. Batzuetan, isiltasuna soinu baten laguntzarekin eraiki daiteke, esate baterako, "minutu bateko isilunea" kanpaien soinuaz irudika daiteke.
Irratsaioa egiteko ikasle bakoitzak lanpostu bat bete beharko du. Urtean zehar lan ezberdinak egiteko aukera izan dezakete edota ikasleen adina eta gaitasunen arabera ardurak banatu. Horrela, eskola ibilbidean zehar ikasle bakoitzak eginkizun guztietan egiten den lana ezagutu dezake. Irratsaio batean, besteak beste honako lanpostuak bete behar dira:
Teknikaria: askotan irakasleak hartzen duen lana da baina ikasle nagusiek erraz ikas dezakete eta modu egokian bete.
Errealizadorea: Gaiak bildu ondoren irratsaioaren gidoia prestatzen du eta emisioaren hari gidaria ezartzen du.
Aurkezle-bideratzailea: Saioaren bide orria ondo ezagutu behar du, gonbidatuak eta ikuskizunean landuko diren gaiak aurkeztuko ditu.
Kronista: Gai bati buruzko kronika prestatzeko informazioa aurkitu behar du. Bere lana bideratzailearekin koordinatu behar du.
Berri-emailea: Ikastetxeari, herriari edota auzoari buruzko informazioa aurkitu ondoren irratian horri buruz hitz egiten du.
Edozelan ahalik eta lan gehien ikasleen esku uztea da egokiena.