Ahozko hizkuntza eskolan

   

Ahozkoa vs Idatzia (edo alderantziz)

Irudia gailentzen den mundu honetan soinuaren balioaz hitz egitea eta hitzak gazteen sozializazioan duen garrantzia aipatzea lekuz kanpo egon daiteke. Irudien munduan bizi gara, irudiek ematen diote zentzua inguratzen gaituen mundua ulertzeari, baina hitzaren balioa ere berreskuratu behar dugu.

Irakurri eta idazten erakutsi digun eskolan ibili garenok idazketa beti jendartearen parte izan balitz bezala jokatzen dugu. Idazketa transmisiorako modu bakar bezala hartu izan dugu, baina oso asmakizun berria da gizakiak hitz egiten daraman denborarekin alderatzen badugu.

Ahozko hizkuntza da gure arteko komunikazio modurik zaharrena: duela 300.000 urte lortu genuen hitz egiteko gaitasuna. Hasierako soinu guturalak hitz bihurtu ziren eta gero, hitz hauek elkartuz, zentzua duten esaldiak osatzen joan ginen.

Esandakoa iraunarazteko beharrak idazketa ekarri zuen, ahozkoaren eboluzio gisa eta hitz mintzatuaren errepresentazio kode bezala. Hizkuntza idatziak erabat aldatu zituen ezagutzaren transmisioa eta pentsatzeko modua baina aldaketa ez zen guk uste bezain azkar gertatu. Urte asko igaro beharko ziren idatzizko kultura herritarren sektore zabaletara iritsi arte. Hala ere, denbora luzez transmisio modu nagusia ahozkoa izaten jarraitu zuen.

Baina ahozkotasunaren benetako itzulera irratiarekin gertatu zen. Liburu baten edukia zabaltzeko hainbat ale inprimatu ondoren irakurle bakoitzak erosi behar zuen. Irratian ahozko hizkuntza erabiltzen zen eta emanaldi bakar batek jende kopuru handi batengana erraz eta merke iristen zen. 

   

Nola ikasten dugu hitz egiten eta idazten?

Ikasleen hizkuntza-komunikazio gaitasuna modu egokian garatzeko, bere erabilera guztiak aintzat hartu behar ditugu: ahozkoak eta idatziak, formalak zein informalak. Hizkuntzaren dimentsioak elkarri lotuta daude: ezin da egoki mintzatu ez bada entzundakoa ulertzen, ahozko egokiak ekoizteko idatzi egin behar dugu, ekoizpen idatziak ezin dira egin irakurri gabe, irakurtzeko hitz egin behar da,…

Ahozko hizkuntza, inguruan dugunaren eraginez ikasten dugu. Hasieratik gure ingurukoekin komunikatu nahi dugu eta entzuten ditugun soinuak erreproduzitzen ahalegintzen gara bideo hauetan ageri diren haurrak bezala. Behin eta berriz saiatzen dira adierazi nahi duten hori bere ingurukoek ulertzea lortu arte. Horrela inguruan erabiltzen den ahozko hizkuntza ikasten dute.

Idatzizko hizkuntza ikasteko beste baten interbentzioa behar da, idatzitakoa deskodetzen eta guk adierazi nahi duguna beste batek irakurtzeko moduan kodifikatzen erakutsiko digun norbait, horretara joaten gara eskolara, guretzat arrotza den komunikatzeko modua erabiltzen ikastera. 

Baina, etxean ikasten dugun hizkuntza, eguneroko bizitzako komunikazio egoeratan moldatzeko nahikoa izango al da?

Joaquim Dolz  irakasleak ahozko hizkuntzaren irakaskuntzari buruz: 

Ez da nahikoa hizkuntza bat erabiltzea; mintzamenak irakasgaia ere izan beharko luke. Orokorrean, eskolaren zeregin nagusia irakurtzen, idazten eta kontatzen irakastea dela uste da. Baina ikuspegi tradizional hori oso mugatua da, eta arazo handiak ematen ditu. 

Eusko Ikaskuntzako SOLASALDIAK atalean Joaquim Dolz Mestre irakasleari egindako elkarrizketa

Ahozko hizkuntza (idatzizkoa bezala) eskolan modu sistematikoan landu eta ebaluatu behar da. Horretarako plangintza egoki eta adostua egitea komeni da. Horretan lagungarri izan daitezkeen bi dokumentu interesgarri: