Irratsaioan zer egingo dugun erabaki ondoren aurrera eramateko egin behar diren lanak zerrendatu, partaideen artean ardurak banatu eta bakoitzak bere zatia prestatu dezan epeak markatu behar dira. Lana antolatua izatea komeni zaigu irratsaioa ondo atera dadin.
Ikastetxeko irrati proiektua abiarazteko, lehenik eta behin sarrera jarduerak egitea komeni da. Modu horretan, ikasleek emisioan zehar erabiliko diren testu motak ezagutuko dituzte eta benetako irratsaioa egin aurretik bakoitzaren erabileran trebatuko dira. Hona hemen zenbait ideia:
Galdera sorta: Klasean ikasitako gai batean oinarrituta, ikasle bakoitzak galdera sorta bat sortu eta beste bati eman behar dio. Azken horrek ahalik eta azkarren erantzun beharko luke.
Argudioa: Aurrez proposatzen den gai edo egoera batean oinarrituta, ikasle bakoitzak alde edo kontrako argudioak bilatuko ditu.
Eztabaida: bi eztabaida mota eskain daitezke, prestatuak edo inprobisatuak. Inprobisatzeko, gai bat eta moderatzaile bat besterik ez da behar, behin hori erabaki ezkero eztabaida has daiteke. Prestatutako eztabaidarako, ikasleei eztabaidagai bat proposatuko zaie eta gaiaren inguruko informazioa bilatuko dute eztabaidatzeko.
Elkarrizketa: Ikaslea aditu bihurtzen da berak menderatzen duen gai batean eta gainerako ikasleek gai honi buruz galderak egiten dizkiote.
Hauek egin ondoren benetako sekuentziak ezarri ahal izango dituzte irratsaioan zehar, hala nola:
Albisteak: ikasleek kontatutako informazio sekuentzia bat egin daiteke.
Elkarrizketak: Pertsona bat ekarri dugu eskolara edo kanpoan ikusiko dugu eta elkarrizketatu egingo dugu. Elkarrizketa lan interesgarria da taldean lan egiteko aukera ematen duelako eta, ondoren, lan editoriala egin daitekelako elkarrizketa kontatzeko.
Erreportajeak: elkarrizketen antza handia du baina gaia zabalagoa izango da. Pertsona bat baino gehiago elkarrizketatuko ditugu eta inguruneko soinua ere hartuko dugu... Elkarrizketa bat baino osatuagoa da, gaiaren muinera goaz. Erreportajeak kanpoan egingo dira, noski.
Joxe Juan Ugaldek esaten du eskola irratirako eduki-iturri bikaina izan daitekela: ingurune bizia da eta hizketarako gai asko sortzen ditu. Baina ezin dugu ahaztu irratia informazioa zabaltzeko eta jendea entretenitzeko tresna dela, beraz, irratsaio baten edukiak erabakitzeko unean, hiru galdera hauek izan behar ditugu buruan:
NORI esango diogu?
ZER esango dugu?
NOLA esango dugu?
Mezuak zuzena, laburra, zehatza eta argia izan behar du: esaldi eta idazki motzak, hitz gutxitan ahal den informazio gehien.
Kalitatezko hizkuntza erabili behar dugu; adieraziko duguna ulergarria izan dadila eta euskara egokian esana. Batua ala bertako hizkera erabiltzea eskolaren erabakia da.
Ulergarria dena ez da beti zuzena baina zuzena dena ez da beti ulergarri.
Aukera bat programa bakoitza gai baten ingurukoa izatea da, horrela informazioa transmititu daiteke, aukeratutako gaian sakondu eta elkarrizketa, erreportaje, eztabaida edo ikasleentzat interesgarria izan daitekeen beste edozein baliabiderekin osatu. Esaterako, film jakin baten azterketa zinematografikoa egin daiteke, zaborren kudeaketari buruzko programa bat, rapa ardatz duen musika saio bat edo ikastetxeko albisteak biltzen dituen albistegi bat. Horrela, errazagoa izango da edukiak egituratzea.
Irratia edozein arlotako gaiak lantzeko, ikasitakoa errepasatzeko, ezagutzak sendotzeko eta ikasgaiaren hainbat alderditan sakontzeko ere balia dezakezu. I. Mundu Gerrari buruzko programa kultural bat egin dezakezue, irakurketa-idazketa lantzeko mikro kontakizunen gune bat, ingelesezko albistegi bat, geografiari buruzko irrati-lehiaketa bat.
Arantza Gutierrez Paz irakaslearen iritziz, idazteko orduan hizkuntza-arauak berberak dira bai irratirako bai prentsa idatzirako bai telebistarako, baina komunikabide bakoitzak baditu bere berezko “arauak” edo deitu ahal ditugunak. Irratiaren kasuan, idazkera mintzoari dago lotuta. Izan ere, irratian idazten ditugun testuak “ozenak” dira, hau da, ahots ozenez irakurtzeko edo, are gehiago, esateko testuak dira. Beraz, idazten ditugunean, kontuan hartu beharko dugu norbaitek entzungo dituen testuak eratu behar ditugula, eta berriz irakurtzeko edo entzuteko aukerarik izango ez duela entzule horrek.
Irakurtzen ari garenean, ulertzen ez dugun zerbait ikusten badugu, testuaren hasierara itzuli eta berrirakur dezakegu. Baina irratian ezin da gauza bera egin, entzuten ari direnek lehenengoan ulertu behar dute esaten dena. Gidoia idazterakoan kontuan izan behar dira zenbait jarraibide:
Idatzi hitz egiten duzun bezala: Zehatzago esane, "ia hitz egiten duzun bezala” eta hizkuntza egokia erabiliz idatzi behar da. Entzuleekin hitz egiten ari direla ematen duten irrati esatariak onenak izaten dira. Beraz, idatzitakoa ozen esatean irakurtzen ari zarela ematen badu, hori ez da zuzena.
Esaldi laburrak idatzi: Hobe da bi esaldi sinple idaztea, esaldi luze eta konplexu bat idaztea baino. Zaila da entzuleentzat esaldi luze baten amaieran hasieran esandakoa gogoratzea.
Irakurri ozenki idatzitakoa. Ozen irakurtzean, entzun daiteke, begiek irakurtzean nabarituko ez dituzten arazoak, luzeegiak diren esaldiak edo ahoskatzeko zailak diren soinuak dituzten hitzak.
Hitz laburrak erabiltzea lehenetsi: Hitz berriak ikastea ona den arren, entzuleentzat argiagoa da hitz sinpleak erabiltzea ea zailenak aurkezpen idatziak egiteko uztea.
Nabarmendu gidoiaren alderdirik garrantzitsuena: Idatzitako esaldi bakoitzean, nabarmendu beharreko hitz batzuk egongo dira, ozenago edo kementsuago esateko. Gidoian beste argibide batzuk ere egiten dira, etenaldi bat egin nahi denean edo arnasa hartzeko geldiuneak gogoratzeko.
Irratsaioa egiten dutenentzat ulergarri: Gidoiaren helburua saioa egiteko tresna baliagarria izatea da, beraz erabiliko duten guztiek ondo ulertu behar dute.
Gidoiaren helburua irratsaioa egiteko baliogarri izatea da, beraz erabiliko duten guztiek ondo ulertu behar dute Horregatik, ez da beti gidoi mota bera beharko irratsaio bat egiteko orduan, batzuetan nahiko izango da pauta bat erabiltzea, beste batzuetan gidoi konplexuagoak beharko dira.
Irratsaioaren jarraibidea ezartzen duen lehenengo hezurdura da. Irratsaio orokorrari dagokio, eta etorkizunean aldaketak sartzeko aukera izango dugun arren, egingo duguna baliagarria izateko asmoz eratuko dugu. Horregatik, pautan bertan bi alde bereiziko ditugu: alde literarioa: minuskulaz idatzitakoa eta alde teknikoa: letra larriz edo maiuskulaz idatzitakoa. Bi motatako pautak erabili ohi dira irratian:
Pauta finkoa: pauta berdina erabiltzen da irratsaio guzietan. Egun bakoitzeko pauta aurrekoaren ereduaren gainean eratzen da. Aldaketak aurreikusita daude eta egunez egun edukiak dira ezberdinak baina antolaketa ez da aldatzen. Albistegietan erabili ohi da.
Pauta irekia: eguneroko edukien arabera moldatzen dena. Abantailak ditu eguneroko irratsaioa gaurkotasunari moldatzeko orduan. Pauta irekiak magazinetan erabiltzen dira maiz.
Antzerkiko Scaletta italiar hitzetik hartzen du izena gidoi-mota honek. Pauta irratsaio orokorrari dagokion moduan, eskaleta irratsaio zehatzari dagokio eta, horregatik, aurrekoa baino zehatzagoa da. Izan ere, pautan irratsaioaren egitura osatzen duten osagaiak agertzen dira eta eskaletan, berriz, egun zehatz batean azalduko diren osagai edo sekuentzia konkretuak.
Eskaletan irratsaioaren sekuentziak edo atalak agertzen dira, segundo eta minututan neurtuta eta kronologikoki ordenatuta. Oso sinplifikaturiko gidoia den arren, praktikoa izan dadin gidoian garaturiko edukiak sartzen dira. Horregatik, gidoi osoaren ordez erabili ohi da eguneroko emankizun edo irratsaio batzuetan. Pautan ez bezala, eskaletan, alde literarioa eta teknikoa bereizteaz gain, azalpen teknikoak oso zehatzak izan daitezke.
Gidoi literarioak irratsaioaren alde argumentala edo literarioa soilik azaltzen duen gidoia da, azalpen teknikorik gabea. Esatari edo pertsonaia bakoitzak irakurri —edo esan— behar dituen testu osoak azaltzeaz gain, planoak eta parte hartzen dituzten soinu baliabide batzuk ere jasotzen dira.
Gidoi literarioari azalpen teknikoak gehitzen dizkiogunean, gidoi teknikoa edo osoa dugu. Gidoi teknikoan xehetasun guztiak agertu behar dira: parte hartuko duten baliabide tekniko guztiak eta zein unetan eta ordenatan agertuko diren. Horregatik, gidoi osoa deitzen da batzuetan.
Gidoi teknikoan literarioan azaldutako ohar orokorrei dagozkien datu zehatzak gehitzen dira: soinu-iturria, autorea, non hasi eta noraino, planoak, iraupena…
Ondo bereizi behar dira azalpen literarioak (irakurri edo esan behar den testua) eta ohar teknikoak (kontrolari dagozkionak). Lehenengoak, letra arruntez; eta kontrolekoak, aldiz, maiuskulaz
Eredu gehiago HEMEN ikusgai.