Saioa egin aurretik
Saioa egin baino lehen zer esan nahi dugun erabaki behar dugu. Askotan hasierako bultzada zerbait kontatzeko beharra da, eskarmentua lortzen den heinean "zerbait" horrek estiloa hartuko du. Hasi baino lehen komeni da ikasleek komunikabide ezberdinak ezagutzea, irratian erabiltzen den hizkuntzan trebatzea eta egin daitezkeen irratsaio ezberdinen ezaugarriak argi izatea.
Komunikabideak ezagutu
Eskolan irrati bat martxan jarri aurretik, ikasleek komunikazioaren prozesua nola burutzen den ezagutu eta informazio hedabidetara hurbiltzea komeni da. Argi izan behar dute zer diren komunikabideak eta zer mota dauden. Oso garrantzitsua da hurbilketa hau modu praktikoan egitea komunikabide bakoitzaren ezaugarriak eta desberdintasunak ulertu ondoren irratiaren berezko gakoak aurkitzeko:
Egunkariak irakurri, paperezkoak edota digitalak, berriak nola kontatzen diren ikusteko eta testu informatiboak nola egituratzen diren aztertzeko.
Telebistako informatibo, erreportaje edota elkarrizketak egiten dituen programa baten jarraipena egin ikus-entzunezko hizkuntzaren gakoak aurkitzeko.
Mota ezberdinetako irratsaioak entzun, bakoitzaren ezaugarriak aztertuz: gonbidatuen parte-hartzea, elkarrizketak, entzuleen telefono bidezko esku-hartzea eta irratsaio bat osatzen duten baliabide guztiak.
Garrantzitsua da edukia aztertzeaz gain, hitz egiteko eta adierazteko moduari erreparatzea. Zer egiten dute entzulearen arreta jasotzeko? Aztertu baita ere irratsaioen bestelako osagaiak: sarrerako kareta, publizitatea, musika eta trantsizioak...
Irratiko hizkuntza aztertu
Ikasleek jakin behar dute irratian ahozko hizkuntza erabili behar dela eta sortzen dutena entzuna izango dela, ez irakurria. Esatariak hizkuntza mintzatua egoki erabili behar du kontuan hartuz irrati kazetaritzaren oinarrizko ezaugarriak:
Argia: Mezu eskuragarria izatea da kontua, mezuak ulertzeko denbora asko behar duten kodeak erabiliz gero, mezuak ulertzeko modua eteteko arriskua dago.
Zehatza: Modu aktiboan eta orainaldian hitz egitea komeni da. Irratian beharrezkoak dira kontakizunak “biziagotzen” dituzten formak. Forma sinpleak konposatuak baino hobeto, orainaldia lehena baino, esaldi aktiboa pasiboa baino.
Ulergarria: Ahalik eta hitz gutxienez, ahalik eta informazio gehien eskaini behar da. Ondo zaindu behar da esatariaren hizkuntz kalitatea. Hedabide profesional askotan zuzentzaileak daude, eskolako irratian lan hori irratsaioaren arduradunak egin dezake.
Laburra: Denboraren eskakizunak eta mezuaren ulermena errazteko beharrak, irratirako testuak aldi eta esaldi laburren bidez eraikitzera behartzen dute.
Egokia: Mezuak ondo antolatua egon behar du, bai egitura eta baita edukiaren aldetik ere. Ziurtasunak sinesgarritasuna emango die esatariari eta ematen ari den mezuari, hori lortzeko bidea aritzea da, beraz esatariak arituz lortuko du ziurtasuna.
Esatariak ondo irakurri behar du. Esaldian garrantzia duena azpimarratzen ikasi behar da. Testua mikrofonoan esan aurretik, hainbat aldiz entsaiatzea komeni da. Irakurketa isila egin behar da lehenengo eta ahoz gorakoa ondoren.
Esataria bera da erritmoa ezarri behar duena mezua ematearekin batera. Esatariak ahotsarekin jokatu behar du, behar den bizitasuna eta abiadura emanez. Irakurketa dinamikoa egin behar du: entzulearekin aurrez aurre balego bezala hitz egin behar du esatariak.
Mikrofonoaren aurrean ozen hitz egitea komeni da baina ez altuegi. Lasai hitz egin, entzuleari ulertzeko denbora emanez baina inor aspertu gabe. Argi ahoskatu, horretarako testua aurrez irakurri eta hitz zailak identifikatu.
Irrati generoak eta irratsaio motak bereizi
Arantxa Gutierrez irakasleak irrati ekoizpenaren emaitza irratsaioa dela dio.
Irratsaioa ez da isolaturik agertzen, beste batzuekin programazio koherentea eratzen saiatzen dira irratietako arduradunak. Eskolaren zeregina ikasleak bizitzako egoera errealei aurre egiteko gaitasuna garatzea bada Eskola Irratiak "benetako irratia" izan behar du eredu zer egin erabakitzean.
Gutierrez Paz, A. (2006). Eskola-irratia, komunikabidea tresna pedagogikoa bihurtuta.Joxe Juan Ugalde irrati esatariaren iritziz irratian dena konta daiteke.
Irratiko generoak, gutxi-asko, asmatuta daude: albistea, kronika, kritika, elkarrizketa, erreportajea, izenburu edo titularrak, zuzeneko emankizuna, flasha, aurrerapena edo abantzea, laburpena, azterketa, azken ordukoa… Genero horietako batzuk erabilgarri izan litezke Eskolako Irratian. Eskolak, ordea, bere generoak ditu. Alde horretatik ere, aberastasun itzela du Eskolak.
Ugalde Ordoki, Joxe Juan (2008). Irratia eskolan: oinarrizko orientabideak.Oso lausoa da genero eta irratsaio kontzeptuak bereizten dituen aldea. Irrati kazetaritzan erabiltzen diren generoak kazetaritza idatziko generoetan oinarritzen dira.
Irrati generoa Irrati-mezuaren duten osagaiak antolatzeko era bakoitza izan daiteke.
Irratsaioa soinu edukien barne antolaketa izango litzateke.
Irratsaio batzuetan, genero bat edo gehiago sartzen dira, eta beste batzuetan generoak eta irratsaioak bat egiten dute, esaterako elkarrizketetan oinarrituriko irratsaioak. Eskola irratiak zer egin erabakitzeko orduan "benetako irratia" izan behar badu eredu badira bertan erabiltzeko oso egokiak diren irratsaioak, besteak beste:
Agenda
Eskolan gertatzen denaren berri irratiz entzutea beti da interesgarrria, bertakoentzak zein etxetik entzuten ari direnentzat: aste horretako irterak, proiektuen martxa edota eskolara etorri diren bisiten berri. Herriko hitzorduak ere aipatu daitezke: antzerki edo musika emanaldiak, zinean dagoen filme interesgarria, festa bereziren bat baldin bada,....
Aurkezpena
Irratsaio guztiek aurkezpena behar dute. Mikrofonoaren beste aldean dagoenari zertaz arituko garen esan behar diogu eta bide batez jakin-mina sorrarazi. Modurik atseginetakoa bi esatariren arteko elkarrizketa izan liteke
Eguraldia
Eguraldia, data eta gisakoak aitzakia paregabea izan litezke irratsaioa abiatzeko. Beti egin liteke aipamenen bat gaurko eguraldiari lotuta edo egunaren inguruan. Eguraldiaren ondoan urtaroari edo egunari buruzko esaera zaharrak ere aipa litezke. Haur Hezkuntzako errutinetan maiz erabiltzen den testua denez eskolako txikiek irratian parte hartzeko aukera ematen du.
Erreportajea
Gelan lantzen ari garenetik abiatuta erreportaje politak egin litezke antenan jartzeko. Edozein gai egokia da erreportaje formatura ekartzeko. Ikasleek taldeka erreportaje bat baino gehiago egin ditzakete, eta bat eraman genezake irratira.
Iragarkiak
Benetako iragarkiak edo asmatutakoak izan daitezke. Umorezko iragarkien tarteak arrakasta handia izan lezake. Garbigarriak, tresnak, autoak… edozein produkturi buruzko iragarkiak egin litezke. Soinuak eta efektuak erabili.
Elkarrizketa
Elkarrizketa irratian askotan erabiltzen den generoa da. Intereseko zernahi duen edonor ekar liteke mikrofono aurrera. Beste aukera, esataria bera elkarrizketatu nahi dugun pertsonarengana joatea eta bertan grabatzea da. Elkarrizketaren formari dagokionez: elkarrizketatuko dugun pertsona aurkeztu egin behar dugu. Eta ondoren hasi galderak egiten.
Lehiaketa
Tarte hau, denbora-pasa soila izateaz gain, aproposa izan liteke gelan jorratzen ari garen edukiak lantzeko. Gai ezberdinei buruzko galderak egiten dira eta entzuleek erantzun behar dute. Horretarako bide ezberdinak erabili ohi dira: e-posta, propio prestaturiko gutunontzia... Lehiaketa tarte honek saria izan lezake eta hurrengo irratsaioan jasotako erantzunen artean zozketa egin daiteke.
Zorion tartea
Urtebetetzeak, eskolako kirol taldeen garaipenak, urteurrenak, goraipamenak… hori guztia sar liteke tarte honetan.
Eta zorionak emateko modu paregabea musika dugu: zorionak zuri, mila kilo zorion, zorionak zure urtebetetzean, …
Albistegia
Eskolako Irratian aparteko tokia izan lezake albistegiak. Albisteak laburra izan behar du. Hamar bat lerrotan, edo gutxiagotan, ondo konta liteke albistea. Xehetasunak eman behar badira, luzeagoa izango da baina irratiak ez du inor aspertu behar. Albisteak jakin beharreko oinarrizko informazioa emango du: Zer gertatu den, non, nori, noiz, nola, zergatik…
Formari dagokionez, bi modu hobetsiko ditugu: esatariek albisteak txandaka ematea (bi edo hiru bakoitzak) edota albistearen sarrera (bizpahiru lerro) esatari batek eta gainerakoa besteak.
Albistegiaren edo irratsaioaren hasieran nahiz amaieran egiten den laburpena sintoniaren baten laguntzaz, izenburu nagusiak emanez. Titularrak motzak izango dira, eta bi ahotsetara irakurriko ditugu.
Monografikoa
Eskolako edo herriko ospakizunak aitzaki hartuz egin daitezken irratsaioak daude: Ikasturte hasiera, Gabonak, Inauteriak,... Hauetan eskolan egindakoari buruz hitz egiten duten ikasleak parte har dezakete edota herriko ohituraren inguruko informazioa jaso eta erreportajeak antolatu daitezke. Pertsonaia ezagunak edota ikasleak lantzen ari diren proiektuak ere izan daitezke saio monografiko baterako gaiak.
Magazina
Informazio orokorrari buruzko saioak. Saio hauetan politikaz, gizarteaz eta kulturaz hitzegiten da, baita kirolaz, eguraldiaz edota trafikoaren egoeraz. Elkarrizketa sakonak eta erreportajeak egiten dira, gaurkotasun albisteak patxadan eta sakon aztertze dituzte. Ohikoa da albistearen protagonisten testigantza soinudunak eskaintzea.