Irratiko lana

           

Irratsaio "solteak"

Irratsaio bat edo batzuk ekoiztea izan daiteke eskolako irratiaren xedea. Zenbat saio egingo ditugun eta prestaketaren arduraduna nor izango den erabaki beharko dugu.

Gelako taldean egindako irratsaioa

Ikasturte hasieran, irratsaioak zenbatero egin, zein maila edota zein gelak hartuko duten parte eta talde bakoitzaren irratsaio egunak zeintzuk izango diren zehazten da.  Gela bakoitzak badaki bere irratsaio egunak zeintzuk diren, eta gai nagusia zein izango den erabaki dezake. Horrela aste batzuk lehenago irratsaioaren prestaketa hasiko du, eta prestaketa horretan hainbat eduki, helburu eta gaitasun landuko ditu, talde lanean arituta. Taldeari egokitzen zaion egunean irratsaioa emititu edo grabatzen dute.

Adierazpen tailer baten produkzioa

Zenbait eskoletan adierazpen tailerrak antolatzen dira gai ezberdinen inguruan. Ohiko gela-taldeak apurtu eta adin ezberdinetako ikaslez osaturiko talde txikiagoak antolatzen dira. Tailer hauek zenbait asteko iraupena dute eta tarte horretan egindako lanaren emaitza besteei erakusteko aukera izaten dute partaideek. Adierazpen modu ezberdinak lantzen dira tailerretan: dantza, antzerkia, prentsa edo IRRATIA.

           

Eskolako egituran txertatua 

Irratia eskolako egitura didaktikoan txertatu nahi badugu, bertan egiten den lana beste arlo edo txoko guztiak bezala programatu behar dugu, asteko ordutegian eta ikasturteko egutegian lekua emanez. Hori modu ezberdinetan egin daiteke:

Irratsaioa proiektu baten amaierako lana

Metodologia horrekin lan egiten den eskoletan ondo dakiten bezala, proiektu bakoitza ikasleek planteatutako galderak erantzuteko asmoz abiatzen da. Erantzuna bilatzeko informazioa bildu eta aztertzen dute bere ondorioak ateratzeko. Azkenean, ikasitakoaren berri ematen dute ikaskideei egindako lana aurkeztuz. Lan ezberdinak egin daitezke: maketak, mapak, antzerkiak, hormirudiak edo... IRRATSAIOA.

Irratia gelako txoko edo tailer finkoa

Irratia hizkuntza lantzeko funtsezko elementua da eskola batzuetan, Amara Berri eskola sarean lan egiten dutenak esaterako. Erabiltzen duten metodologian jarduera guztiek dute "zertarako" bat. Amara Berri sistemaren aurkezpena egiten duten gune honetan aurkituko duzue eskolako lana antolatzeko moduaren deskribapen zehatza, baita komunikabideek eta, batez ere, irratiak zeregin garrantzitsua dute eguneroko lanean. Irratia eskola zabalik dagoen bitartean dabil, eta Lehen Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailetako ikasleek kudeatzen dute.

Irratsaioa Sekuentzia Didaktiko baten xede

Dolz eta Schneuwly ikerlarien arabera, sekuentzia didaktiko baten eskema orokorrak egitura finko bati jarraitzen dio, ikasleen hasierako gaitasunak ebaluatu ondoren zailtasun berezia duten testu dimentsioak urratsez urrats landuz. Jarduera multzo honen xedea da testu ekoizpen berri bat prestatzea, ikaskuntzan egindako aurrerapenak neurtzeko. 

Dolz, J eta Schneuwly, B. (2006) Per a un ensenyament de l'oral. Iniciació als gèneres formals a l'escola.

Mintzamena lantzeko Sekuentzia Didaktikoak honako egitura du: 

a) Testuingurua azken helburu komunikatiboari begira.

b) Testuratze mekanismoak: edukien antolaketa, koherentzia, kohesioa,...

c) Hizkuntza estrategiak: hizkuntzaz kanpoko baliabideak, gramatika, hiztegia, …

Irratsaioa izan daiteke Sekuentzia Didaktiko baten xedea

EIBZk osatu duen "Ahozko hizkuntza irakastea" gunean Sekuentzia Didaktikoaren egitura atalean, Josune Zabala irakasleak hau guztia azaltzen duen bideoak aurkituko dituzu 

           

Esan gabe doa irratia antolatzeko beste hainbat aukera daudela eta behar bada zuen eskolan beste modu batean egiten duzue, hartu tarte bat eta kontaiguzue. Besteek irratia eskolan nola antolatzen duten ikustea interesgarria izan daiteke, baina besteei ere interesatzen zaie zuek zer egiten duzuen. Zuen egiteko modua partekatu nahi baduzue ondorengo inkesta betez egin dezakezue: