Euskal Herriko eskola ezberdinetako antolaketen azalpenak dituzu hemen. Batzuetan bere irratsaioak entzuteko loturak ere aurkituko dituzu.
Irratiko teknikariak 3. zikloko lau geletako ikasle bana izaten dira. Hala, egun batean egon den ikasleak berria iristen den ikasleari irakasten dio. Ikasleak txandaka eta bikoteka aritzen dira teknikari lanetan. Denek, gutxienez egun bat, albistegian eta irratsaioan ere parte hartuko dutela ziurtatzen da.
Bi emanaldi mota egiten dituzte:
ALBISTEGIA: Astean bitan (astearte eta ostiraletan) emititzen da, goizeko 9:00tatik 9:30tara.
Saio honetarako aldez aurretik, LMH5 eta LMH6 mailetako ikasleek, txanda begiratuz, tokatzen zaien albistea prestatzen dute eta emisioa baino lehen irratiko irakasle arduradunarekin errepasatzen dute. LMH3 eta LMH4 mailetako ikasleak ere, launaka, parte hartzen dute. Menua, Zenbaki sarituak eta Eguraldia saioekin. Berri hauek eredua duen koaderno batetan LMH5 eta LMH6 mailetako ikasleek albisteak ematen duten bitartean prestatzen dituzte.
IRRATSAIOA: Ostiraletan emititzen da 9:30tatik 10:30tara.
LMH5 eta LMH6 mailetako ikasleak bakarrik aritzen dira teknikari, kontrolatzaile eta esatari moduan. Irakasle bat izaten da gelatik kanpo entzuten, emisioa egokia den ziurtatzeko. Irratsaioan geletan egindako lanak aurkeztuko dituzte.
Irratsaioan dauden ikasleen artean, ardurak banatuko dituzte: Teknikaria alde teknikoaz arduratzen da, kontrolatzailea irratiko funtzionamendu orokorraz arduratzen da eta esataria airean irtengo denaz arduratuko da.
2018ko Urola Kostako Jardunaldi Pedagogikoetan Zestoako eskolak irratian egiten duten lana azaltzeko bideo hau erabili zuten.
Irratiko teknikariak 2. zikloko bi geletako bi ikasle izaten dira. Bat, 3. mailakoa, eta bestea, 4. mailakoa. Egun osoz aritzen dira txandak katean eginez, horrela goizean aritu den ikasleak arratsaldekoari irakasten dio. Irratian hasten denak teknikari lana egiten du, eta besteak –irakasle lana egiten duenak– kontrolatzaile-lana.
Teknikaria alde teknikoaz arduratzen da. Soinu-mahaian egiten du lana: bolumena doitzen eta musika egokia jartzen (programa tartean edo isiluneetan)
Kontrolatzailea irratiko funtzionamendu orokorraz arduratzen da. Egunean zehar egiten diren programen izenak eta egileak apuntatzen ditu kontrol-fitxan. Ordu berean programa bat baino gehiago iristen bada, txanda ere ematen du. Aurreko arratsaldean edo goizean lanean aritu denez, teknikariari lagunduko dio bere lana betetzen. Egunaren bukaerean balorazioa egiten dute horretarako duten fitxa betez.
Irratira inor ez badator, prentsan argitaratutako idazlan batzuk irakurriko dituzte. Orokorrean ziurtatu behar dute hamabost minutuz behin programa bat emititzen dela.
HELBURUAK:
Planifikatzeko gaitasuna garatzea.
Kritika garatzea.
Informatikaren balioa aurkitzea eta bere aukeretara irekitzea.
"Hemen eta orain"-arekin konektatzea
Eskola-komunitatea gizarte antolatutzat hartu eta haren egiturak eskola-kolektibitatearen zerbitzura jartzea.
Mundu hurbileko gertaerak albiste bihurtzea.
Ikaslea gizarte ireki eta anitzari begira jartzea ikuspegi zabaleko gizarterantz apurka gerturatzeko.
Otsoa irratiaren bitartez Ataungo J. M. Barandiaran eskolako ikasleek herri guztiarentzak bertako kontuak aireraretzen dituzte. Historia luzea du eskola irrati honek, 1985eko irailean egin zuten lehenengo emisioa.
Hasieran irratsaioak ostiral eguerditan egiten zituzten. Ikasleek beti, irakasleen laguntzarekin gelan prestatutako gidoiaren arabera. Pertsonai ospetsu asko igaro da Otsoa irratitik baita herriko jendea baita Joxemiel Barandiaran bera ere. Gordailu oparoa osatu dute urte hauetan guztietan.
1987ko maiatzaren 9an hamabi orduko irratsaio berezia egin zuten, 9:00tan hasi eta 21:00etan bukatuz. Pertsonaia pila ekarri eta irratiaren inaugurazioaren ospakizuna egin zuten.
Irratsaioak herri guztian entzuteko modua egiteko ahaleginean eskolako teilatuan dago seinalea bidaltzeko gailua. Eskolan OHOko goi zikloko ikasleak zeuden bitartean eurak izaten ziren irratsaioen arduradunak baina beste mailetako ikasleek ere euren irratsaioa prestatu eta emititzen zituzten. DBH egitera herritik kanpora joan behar izan zutenetik ikasle gazteagoak dira irratiaren gidariak.
LMH2 mailatik gorako ikasleak txandaka prestatzen dute irratsaioak. Ikasturte hasieran kurtso osoko egutegia antolatzen da eta denon artean zehazten da maila bakoitza noiz arduratuko den irratsaioa prestatu eta emititzeaz.
2015-16 ikasturtetik aurrera Frantzisko Deuna Ikastetxe Publikoan aurrera eramaten den proiektu honen bidez, eskolako haurrek irratsaioak egiteko eta antenan jartzeko aukera dute.
Hasiera batean, Iruñeko Eguzki Irratiak luzatutako gonbidapenari esker irratiaren funtzionamendua nolakoa den ezagutu dute: gidoia, irratsaioaren atalak, doinua, entonazioa... eta, zailena, ikusten ez den entzulea kontuan hartzea.
2016-17 ikasturtetik aurrera, hartutako esperientziarekin, ikasle eta irakasleen ilusioa eta helburua eskolako irratia martxan jartzea da. Seguraski, ikasi dutenak lagunduko die beren nahia lortzen.
Eskolak irratiaren inguruan duen proposamen didaktikoa edozeinentzat eskuragarri dago baita irakasle zein ikasleentzat proposatzen diren jarduerak. Horren ondorioz sortutako irratsaioak ere entzungai ditugu sarean.
2014-15 ikasturtean sortu zen Ràdio Joanot, ikasleen komunikazio-gaitasuna hobetzeko eta, aldi berean, hizkuntzaren adierazpen- eta jolas-aukerak sustatzeko. Hala, zentroan beste gune bat sortu zen entzuteko, hitz egiteko eta ikus-entzunezko edukia sortzeko.
Irrati-proiektua, gaur egun, DBHko 1. eta 2. mailako hautazko ikasgaietatik lantzen da. Modu praktikoan ikasten da irrati gidoi bat idazten, informazioa bilatzen eta musika egokitzen mezuaren edo gaiaren arabera. Grabazio-estudioan, produzitutako gidoiak grabatzen dira, eta, hala, lokuzioa, adierazkortasuna eta intonazioa hobetzen dira, programaren edukiaren arabera.
Ikasleek modu sortzailean lantzen dituzte idazmena eta mintzamena, eta, gainera, irrati baten funtzionamendu teknikoan murgiltzen dira, ikus-entzunezko hizkuntzaren baliabideak erabiliz.
Ràdio Joanot institutuaren egunerokotasunean presente dago, hainbat gai eta esparrutan kolaboratuz, eta ospakizun berezien berri ematen du, adibidez, Martxoaren 8a, Bitartekaritzaren Nazioarteko Eguna (urtarrilaren 21a), Indarkeria Matxistaren aurkako Nazioarteko Eguna (azaroaren 25a) edo Internet Seguruaren Astea.
Egindako programa guztiak institutuaren webgunean argitaratzen dira podcast formatuan eta baita esteka honetan ere.
Hemen Euskal Herriko zenbait eskoletako irratiak aurkituko dituzu: kokapena, entzuteko esteka eta ikastetxeekin harremanetan jartzeko modua.
Zuen eskola-irratia ez ageri? Agertzea nahi duzue? Bidali irratiaren izena eta kokapena joigofra@gmail.com helbidera eta laster jarriko dugu mapan.
Beste leku batzuetan dauden eskola irratietatik ere asko ikas dezakegu. Hemen dituzue Galizia-Portugal aldean eta Catalunyan dauden irratien mapak.