LH5 Kotilungorriak

 KOTILUNGORRIAK

Lau egunetan ospatzen dituzte Uztaritzeko (Lapurdi) inauteriak. Lehenengo hiruretan eskean ibiltzen dira (ikus kaskarotak), desfilean, kaskarotak, ponpiera eta kotilungorriak.

Kotilungorriak ikusgarriak dira eta normalean bi izaten dira. Itxura garbia eta dotorea izaten dute: praka zurien gainetik gona gorria, artilezko jaka zuria eta koloretako amantala (poltsikoan errautsa eramaten dute, jendeari botatzeko). Eskuan makila, behi-buztana puntan duela, eta buruan piramide-itxurako kapela luzea. Gerrian, berriz, zintzarri ugari, eta aurpegian ehun gorriko maskara. Umeak izutzen ibiltzen dira eta eskean jasotako dirua batzen dute.

Sei-zazpi ordu ibiltzen dira etxez etxe janari eske, eta ondoren, txokoren batean elkartzen dira bildutakoa jateko.

Antzina, bi talde ateratzen ziren kalera: zirtzilek arropa zahar eta zarpailak janzten zituzten eta algaraka, garrasika eta abesten ibiltzen ziren. Barre eragiteko dantzak egiten zituzten. Beste taldekoek itxura garbia eta dotorea izaten zuten (kotilungorriak, ponpiera, Jaun, Anderea eta Hartza, besteak beste).

Astearte-inauterian Zanpantzar (Saint Pansart) agertzen da, gurdi gainean, Uztaritzeko kaleetan. Lastoz betetako panpina handia da; herrian ibili ondoren, epaitu, kondenatu, fusilatu eta erre egiten dute.