HH5 Mairuak

MAIRUAK

Lesakan (Nafarroa) agertzen dira, igande-inauterian, arratsaldeko zazpietan, 20-25 zakuzaharrekin batera.  

Mairuek koloretako ehun-zatiekin estaltzen dute gorputza; zakuzaharrek, berriz, zakuzko oihalez edo zakukiz. Azpian lastoa izaten dute eta aurpegia zapi batekin estaltzen dute. Zapiek zuloak izaten dituzte begien eta ahoaren parean. Eskuan puxika bat eramaten dute eta banan-banan joaten dira ilaran ie, ie, ie! oihuka.

Herriko kaleetan zehar ibiltzen dira zakuzaharrak eta mairuak. Gaueko hamarretan herriko plazara iristen dira eta zakuzaharrek burdinazko barra bati eusten diote. Une hartantxe, herriko neska-mutikoek zakuzaharren gainera egiten dute salto, lurrera botatzeko. Zakuetatik ere tira egiten dietenez, askori zaku-jantziak hausten zaizkie eta lastoa zabaltzen da plazan. Lastoarekin gustura jolasten dira umeak.