Inauteriak neguaren akaberarekin eta udaberriaren sarrerarekin daude lotuta eta antzinako sinesmen animistan dute jatorria. Beraz, esan daiteke inauteriek mitologiarekin zerikusia dutela.
Inauterietako pertsonaia batzuek elezaharretatik ateratakoak dirudite: sorginak, Akerbeltz... Azken urteotan, pertsonaia berriak sortu dira hainbat herritako inauterietan, eta haietako asko mitologiatik jasotakoak dira (lamiak, jentilak, Basajaun...). Dena dela, inauteriak antzinako euskal sinismenekin batu behar ditugu, kristautasuna ailegatu baino lehen ere egiten baitziren, udaberriko ekinozioa ospatzeko.