Kristautasunaren eragina

Kristautasunak jaiak bereganatu zituen eta denbora-mugak ezarri zizkien. Elizak gizartean eragin handia zuen garaian, Garizuma penitentzia- eta barau-aro gogorra izaten zen. Hori dela eta, Garizumaren aurreko aldia inauteriekin ospatzen zen, ohiko giza arauei alaitasunez muzin eginez. Elizak moldatutako ospakizun horietan garbi ageri dira kristautasunaren aurreko ohituren zantzuak.

Inauteriek gaur egun baino garrantzia handiagoa zuten gizarte-arauak itogarriagoak zirenean. Inauterietan dena libre izaten zenez, gizarte-molde guztiak aldatzen ziren: eskalea aberats bilakatzen zen, gizonezkoa emakumezko, apaiza apezpiku... Iraultza hori ez zen beti agintarien gustukoa izaten; horregatik, behin eta berriro debekatzen saiatu ziren eta zigor galantak ere ezarri zituzten. 1601eko Iruñeko inauterietan, adibidez, apaiz bat zigortu zuten kardinal janzteagatik. Isuna ordaindu behar izan zuen eta bi urte egon zen hiritik erbesteratua soldatarik gabe.