Gaur egun hiri-inauterietako osagai nagusiak mozorroa, musika eta dantza badira ere, inauteri tradizionalek zentzu zabalagoa zuten eta denetik egiten zen: txantxak egin, zarata sortu, eltzeak puskatu, bata besteari ura, zahia eta irina bota, puxikekin eta makilekin jo, txakurren eta katuen buztanei gauzak lotu, oilarrekin jolastu, etxez etxe eskean ibili eta bildutakoarekin oturuntzak egin, iseka egin, irainak bota, sekretuak eta zurrumurruak zabaldu...
Inauteri tradizionalak, euskaraz inauteri edo ihauteri deituak, antzinatik ospatzen dira Euskal Herriko eta Europako landa-komunitate guztietan, eta antzeko ezaugarriak dituzte guztiek (erritoak, janzkera...). Euskal Herriko ia herri guztietan ospatzen ziren inauteriak 1936ko gerra etorri arte.