LH3 Txatxoak

 TXATXOAK

Lantzeko inauterietan (Nafarroa), txatxoek herriko biztanleak irudikatzen dituzte. Oihuka joaten dira, kalean daudenak xaxatzen dituzte eta bisitariei oldartzen zaizkie. Jantzi koloretsuak izaten dituzte, animalia-larruz egindako arropa zaharrak. Aurpegia estalita izaten dute, eta buruan kono-itxurako kapela koloretsuak.

Astelehen- eta astearte-inauterian izaten da festa Lantzen. Pertsonaia nagusiak Miel Otxin, Ziripot, Zaldiko, txatxoak  eta ferratzaileak dira.

Miel Otxin lastoz egindako hiru bat metroko panpina da eta txatxo batek eramaten du sorbalda gainean festak dirauen bitartean. Ziripotek Lesakako zakuzaharren itxura du, eta Zaldiko zentauroa da: gizon batek armazoia jantzi eta zaldi-itxura hartzen du. Armazoiak aurrealdean du zaldi-burua, eta atzealdean zaldi-buztana. Ferratzaileak, bestalde, hiruzpalau izaten dira, zaku-oihalez janzten dira eta eskuan lan-tresnak eramaten dituzte.

Festa hastean, Miel Otxin joaten da jendetzaren buruan. Ziripot traketsa oinez egin ezinik ibiltzen da eta txatxoek oihu eta dantza egiten dute. Zaldiko etengabe saiatzen da Ziripot lurreratzen eta Ziripot traketsa behin eta berriro erortzen da. Ziripotengana hurbiltzen den bakoitzean, txatxoek Zaldiko defendatzen dute eta Zaldiko berriro saiatzen da Ziripot lurrera botatzen. Halako batean, txatxoek Zaldiko harrapatu eta ferratu egiten dute.

Asteartean ez dira Ziripot eta Zaldiko ateratzen, Miel Otxin baita egun horretako protagonista. Txatxoek inguratu eta plazara eramaten dute, epaitzeko. Tiroz hil eta lurrera botatzen dute erraldoia. Ondoren, zatitu eta sua egiten dute haren gorpuarekin. Zortzikoa dantzatzen da suaren inguruan.