Juan Antonio Urbeltzen teoria

Juan Antonio Urbeltz folklorista nafarrak beste era batera azaltzen du inauterietako ospakizuna. Haren ustez, solstizioen arteko ospakizunak, inauterietakoak barne, gaitza, izurritea eta gosea uxatzeko egiten ziren eta gaur egun ere hala egiten dira, nahiz eta askok horren kontzientziarik ez izan. Horrela, mozorroek intsektu kaltegarriak irudikatzen dituzte. Zaldikoak, esate baterako, oti deituriko intsektua irudikatzen du, azkenean akabatu egiten den pertsonaia; Miel Otxinek eta sardinak, gosea akabatzea irudikatzen dute; mozorrotuek eskean lortutakoa, lurra emankorra izateko herritarrek eskainitako ordaina... Urbeltzen arabera, mozorrotzen garenean zomorro bilakatzen gara, mozorro eta zomorro hitzen arteko lotura sinbolikoaren bidez.