Euskal Herrian, askotan, inauteriak ereite-jaiekin lotu dira. Izan ere, uste izan da zaratarekin lurra esnatzeko deia zegoela inauterien ospakizunetan. Horren adibide dira Sakanako inauteriak: Olaztin simaurra botatzen da gurdi batetik eta Altsasuko momotxorroek goldea erabiltzen dute lurra esnatzeko. Iturenen eta Zubietan, berriz, joaldunak ateratzen dira, zarata eginez, erritmo jakin bati jarraiki.
Landa-eremuko inauterietan, urtero pertsonaia berberak agertzen dira. Inauterien bukaera ere beti berbera izaten da, pertsonaietako baten hilketaren eta ehorzketaren antzezpena. Pertsonaia horrek lastozko panpina edo txotxongilo baten itxura izaten du, doilorra eta mespretxagarria izan ohi da, eta bere gain hartzen du erru kolektiboa. Horrelakoak dira, esaterako, Lantzeko Miel-Otxin, Zalduondoko Markitos, Uztaritzeko Zanpantzar, Eibarko Sardina eta Salcedoko Porretero, zeina epaitu ondoren teilatura botatzen duten putreek jateko.
Askotariko itxura hartu arren, guztiek irudikatzen dute igarotako urtea. Kontuan izan behar da, antzina, urtearen hasiera udaberrian kokatzen zutela; beraz, inauteriak ez ziren bakarrik neguaren amaierako ospakizunak, urte bat bukatzea eta hurrengoa astea ere ospatzen baitzen, errautsetatik lur emankorra berpizteko.