Ituren eta Zubietako (Nafarroa) Inauterietan agertzen dira joaldunak.Urtarrileko azken asteko edo otsaileko lehenengo asteko astelehenean eta asteartean ospatzen dituzte inauteriak. Bi herrietako biztanleen artean aukeratzen dituzte egunak.
Joaldunak, gaur egun, bi herri horietako neska-mutilen taldeak dira. Gerrian zintzarri handi parea eramaten dute, zintzarria baita inauteri horietako elementu nagusia. Joaldunek, gerria astinduz, izugarrizko hotsa ateratzen diete zintzarriei. Binaka joaten dira, ilara banatan.
Astelehen eguerdian Zubietako joaldunak joaten dira Iturenera, eta, asteartean, Iturengoak Zubietara. Bide erdian egoten dira Zubietakoak zain, eta elkarrekin egiten dute handik aurrerako bidea. Etengabe entzuten da joareen hotsa. Eguerdiko ordu biak aldera heltzen dira joaldunak Zubietara eta hango kaleak eta plaza zeharkatzen dituzte, kontzentraturik, serio-serio.
Antzina, festak bizpahiru egun irauten zuen. Garai hartan, ospakizunak irauten zuen bitartean, joaldunek ez zituzten zintzarriak kentzen, eta, ondorioz, ahuspez lo egin behar izaten zuten. Gainera, salda bakarrik har zezaketen, zintzarriak gerrian estu-estu izaten zituztelako. Janzkera egungoaren antzekoa izaten zen, baina aurpegia oihal beltz batekin estaltzen zuten.
Aipatu behar da janzkera desberdina dutela Iturengo eta Zubietako joaldunek: Iturengoek ardi-larru doblea eta zapi gorriak janzten dituzte, eta Zubietakoek ardi-larru bakarra eta zapi urdina. Dena den, guztiek eramaten dute isipua eskuineko eskuan eta kapela dotorea buruan. Kapela horri ttuntturroa esaten zaio, eta horregatik dute joaldunek ttuntturroak izena. Zintzarriak joareak dira bertako hizkeran, eta joareak astintzen dituztenak, berriz, joaldunak. Zanpantzarrak ere deitzen zaie.