Ikastetxean ikasle-irakasle erlazioak zaintzea funtsezkoa da; egunero eta hasieratik eginbehar garrantzitsuenetakoa dugu hau. Koldo Mitxelenan lehentasuna ematen diogu gure giroari, ikasleekiko harremanak hurbilak, konfiantzazkoak eta errespetuzkoak izan daitezen. Horrela, eguneroko elkarbizitza egokiaz gain honakoa lortu nahi dugu:
Ikasleek eredu argi eta koherentea izatea irakaslearen jarreran eta portaeran. Errespetua, hurbiltasuna, ardura, hitz hutsez ez dira irakasten, eguneroko dinamikan txertatuz baizik. Guk beti errespetua erakusteak izugarri errezten digu errespetuaren eskaria ikasleei egitea.
Ikas-irakas prozesua bultzatu, komunikazioa erreza eta konfidantzazkoa denean hobeto eta gehiago ikas-irakas baitaiteke, guztiontzako modu aberasgarri eta atseginago batean.
Edozein gatazka edota arazo sortzen denean ez da erortzen hutsera, aurretik bilbatutako erlazio sare batean baizik. Gure erlazio sarea kalitate onekoa bada, hartu beharreko aukerak, arazoak eduki dezakeen garapena, askoz egokiagoak izango dira eta konponbide posibleetarako ate gehiago izango ditugu zabalik.
Denok gara desberdinak eta bakoitzak gauzak egiteko modu bat dauka; ezin da zehaztu nola bideratu behar dituen nork bere harremanak, guztion artean giro egokia lortzeko.
Baina, hala ere, irizpide orokor batzuk eman daitezke:
Ongi burutu eginbeharra: ordukotasuna zainduz, lanaren planifikazio egokia eramanez, klaseak garaian bukatuta (ez lehenago) ...
Argi azalduz ikasleei zer egin behar duten eta nola
Agertu beti prest laguntzeko ikas-irakas prozesuan
Entzun ikasleei eta kontuan hartu haien dudak, eskariak eta beharrak. Ikasleen egoera ulertzeko beren lekuan jartzen saiatu: hortik errezagoa izango zaigu gure eskariak eta ikasgaiaren beharrak ikasleei adieraztea
Honen ildotik, galdetu, eskatu iritzia, gaiez eta ikas-irakas prozesuari buruz, bi aldeetako komunikazioa bermatzeko eta helburu komunak bideratzeko
Ez mehatxatu, ez iraindu, ez utzi barregarri ikasleak
Ikasle batek portaera desegokia duenean ere, ohartarazi modu argiz baina beti ere errespetuz, argi utziz zein den portaera desegokia eta horren eragina. Ikasle batek gelan asko haserretzen gaituenean, jendaurreko eztabaida zuzen eta zakarrak ekidinez
Ikasleen arteko diferentziak errespetatu, maila, erritmo, izaera desberdinak dituzte. Konparazioak gutxitan dira lagungarriak.
Ikasleak heziz doazen pertsonak direla ongi barneratzen badugu, errezago ulertuko ditugu eta ikusiko dugu nola lagundu momentu bakoitzean
Hala ere, ikasleren batek geure onetik ateratzen gaituenean hobe genuke lasaitasunari eustea, noski. Hemengo irizpideak egokiak izan daitezke ikasleren baten portaera desegokiaren aurrean:
Gaiaren garrantzia ondo neurtu behar da, ez baitatoz beti bat arazoaren garrantzia eta eragina batetik eta gugan eragiten duen haserrea bestetik.
Momentuan garrasika hasiz gero, nekez konpontzen dira gauzak eta bai, ordea, zeharo konplikatzen zenbaitetan.
Ez da inola ere komeni ikasleekin ika-mika jardutea, eta are gutxiago beraiei modu sarkastikoz edo iraingarriz (barregarri uzteko asmoz) aritzea.
Arazoa sortu duen ikasleari esan behar zaiona berari esan, ez publikoki, beti ere errespetuz.
Klasea amaitutakoan, ikaslearekin hitz egin behar genuke arazoa konpontzearren, eta geroago tutoreari jakinarazi.
Ikasle kanporaketa aparteko neurria da (ez ohikoa); orduan zuzendaritzara eraman ikaslea. Ez dezagun ikaslerik bakarrik zuzendaritzara bidali.
Orduan, kasua aztertuta, dagozkion neurriak erabakiko dira, hartara ikasleek argi eta garbi jakin dezaten hasiera-hasieratik errespetu falten eta, oro har, jokabide desegokien aurrean sistematikoki arazoari heldu eta erantzuna emango diogula.
Ez dezagun problemen aurrean ez-ikusiarena egin
Ikasle baten portaera desegokia denean gure jarrera funtsezkoa da: gure lekuan bagaude, arazoari heltzen eta errespetuz jokatzen, asko dugu irabazia geroko. Ikasleengan gogoeta kritikoa sortu behar dugu beren portaeraz: zer nolako eragina duen gelan, ikaskide(ar)engan, irakasle(ar)engan; hau ez dugu lortuko ikasle horrek autoritate moralik onartzen ez badigu. Autoritate moral hori zaintzen dugu ikaslearekiko errespetuzko jokaera dugunean. Gainontzeko ikasleen aurrean, gainera, oso argi egon behar du nork duen portaera desegokia eta hori ez dute definituko gure hitzek, gure jarrera eta gure jarduna baizik. Bestalde, eskolako arazoen konponbideak askoz errezagoak dira helduok gure lana egoki betetzen dugunean.
Ohiko jarrera hauek lagunduko digute:
Zintzo jokatu ikasleekin, hitz egin argi haiekin
Ez itxuraldatu errealitatea, ez manipulatu, onartu egia, haiek ere egiatiak izan daitezen
Huts egiten dugunean, eskatu barkamena, haiek ere gauza bera egin dezaten
Ez epaitu, ez suposatu aurretik ikaslearen asmoak, kezkak, arazoak, …
Arretaz entzun ikasleei, hartu ikaslea heldua balitz bezala, bera horrela portatzea nahi baduzu