Bostehun-seiehun ikaslek disziplina arazoak sortzen dituzte noizbehinka. Irakasle edo ikasleekin gaizki portatzen diren ikasleak badira. Zer egiten dugu ikasle horiekin? Hezitzaileak garen heinean, portaera desegokia aukera bat da ikasleak hezitzeko; baliabide eta balore pertsonalak lantzeko bidea irekitzen digu egoera honek. Horregatik, gure helburuak hauek dira:
Portaera desegokiari buruzko gogoeta ikaslearengan sortu
Egindakoa onartzetik elkarbizitza egokia berreraikitzeko bidea jarri
Konpentsatu, ahal den neurrian, egindako kaltea
Zuzendaritza eta tutoretzatik erabiltzen ditugun estrategiak, hori guztia lortzeko, honakoak dira:
Hitz egin, behin eta berriro, ikasle horiekin. Elkarrizketa horien helburuak honakoak dira:
Ezagutu honelako portaeren arrazoiak/atzean legozkeen arazoak
Egindakoaren larritasuna eta beste pertsonengan dituen horren ondorioak ikasleari azaldu; institutuko elkarbizitzan, gelako lanean, ... honelako porterak onartezinak direla ulertarazi
Enpatia landu, beste ikasle/irakaslearen lekuan jarriz
Egoerari irteera emateko ikaslearen proposamenak eta asmoak bideratu
Idatzizko gogoetak eskatzen zaizkie, eduki duten portaera azalduz eta horren inguruko balorapena eginez
Eginiko kaltea konpondu edo leuntzeko egin dezaketena eskatzen diogu kaltea sortu duen ikasleari:
Kalte materiala izan bada, dagokien ordainketa eskatzen zaie apurketaren eragileei
Institutuaren mesederako beste lanak (garbiketa, adibidez) eskatzen zaizkie, egindako kaltea konpentsatzeko
Pertsona bat sufritu edo mindu bada, azalpena eta barkamen eskaera (idatziz zein ahoz) eskatzen zaio ekintza desegokiaren eragileari
Gelatik baztertzea ordu batzuetan, aparteko gela batean bidalitako lana betez. Kasurik larrienetan beste baztertze neurriak ere erabiltzen dira
Konpromezuak erabiltzen ditugu, portaera eta jarduera zehatzak eskatzen dizkiegu, bete beharrekoak eta noizero ebaluatuko direnak. Prozedura hauek idatziz zein ahoz burutu ditzakegu.
Portaera bat zuzentzen denean edota aurrerapausuak ematen direnean onartu eta baloratu egiten dizkiegu ikasleei
Espedienteen prozedura disziplinarioa salbuespena litzateke gure institutuan. Edozein kasutan Eskola Kontseiluak onartu beharko luke espedientea hasteko. Azken urteotan ez da honelakorik egin.
Disziplina zaintzeko ardura guztiona da:
Hasteko, irakasleak zuzendu eta bideratuko ditu eguneroko arazo(txo)ak eskola jarduera arruntean, betiko moduan.
DBHn honelako arazo larria gertatzekotan Orientatzaileari eta Tutoreari idatziz pasatuko zaie oharra. Lehen Ziklokoen kasuan, gainera, Zikloko liburuan idatzi beharko da gertatutakoa.
Arazoak errepikatzen badira edo larriagoak badira, tutorearen parte hartzea beharrezkoa izango da. Honek hitz egingo du ikasle eta gurasoekin konponbidea bilatzeko.
Kasua bereziki larria bada, Zuzendaritza Taldeak jasoko du, eta tutore eta irakasleekin batera beharreko bideak eta neurriak hartuko dira .