Zer dira egiturak?

Aurreko saioan, ondoko bideo hau etxean ikusteko agindu zaie ikasleei. Han aztertzen da zer diren egiturak eta teknologia-arloko proiektuetan daukaten garrantzia.

Egiturak 1.mp4

Saioaren hasieran, bideoan agertzen diren detaileak komentatuko dira denen artean. Galdera batzuk egingo zaizkie ikasleei ahoz, azalpena ulertu duten egiaztatzeko:

  • Bideoan, teknologia-arloan jorratuko ditugun 3 gai aipatzen ditu adibide: bakarren bat gogoratzen duzue?

  • Une batean, “hezurdura” hitza erabiltzen da, baina proiektuek ez daukate hezurrik. Zergatik aipatzen du hitz hori?

  • Zer irudi ikusten da egitura malguaren adibidea erakusteko?

  • Bideoaren erdian egituraren definizioa ematen du. Idatzita agertzen da, gainera. Gogoratzen duzue zer esaten duen?

  • Une batean, apurtutako dorre baten argazkia agertzen da. Zergatik?

  • Zer hitz erabiltzen du egiturak ez direla irauli edo erori behar azaltzeko?

Ariketa pare bat proposatuko dira, kontzeptuak finkatzeko.

1 - Natura-egiturak eredu-iturri (Google inprimakia)

  • Ariketa hau ikasleek banaka egingo dute, ordenagailuan.

  • 5 minutu izango dituzte Google inprimakia erantzun eta bidaltzeko.

  • Bitartean, irakasleak pentsatzen lagunduko die zalantzak dituzten ikasleei.

  • Bukatutakoan, ikasleek erantzun zuzenak, akatsak eta puntuazioa automatikoki ikusiko dituzte posta elektronikoan.

  • Geroago, haiek talde handian ere komentatuko dira.

2 - Identifikatu egiturak (autozuzentzen den Google inprimakia)

  • Ariketa hau ere ordenagailuan eta banaka egingo dute.

  • Oraingo honetan, Google inprimakia bidaltzeko, 10 minutu izango dituzte.

  • Bitartean, irakasleak pentsatzen lagunduko die zalantzak dituzten ikasleei.

  • Bukatutakoan, erantzunak arbel digitalean erakutsi eta aztertuko dira.

Etxeko lana:

Saioaren bukaeran, ikasleei eskatuko zaie etxean ondorengo bideo hau ikusteko. Bideoa behar beste aldiz ikusi ahal izango dute. Hurrengo saioaren hasieran, azaldutako kontzeptuak komentatuko dira eta sor litezkeen zalantzak argituko.

Egiturak 2.mp4


Kontrol-galdera:

Ikasleei galdera erraz bat egingo zaie, etxean bideoa ikusi dutela egiaztatzeko. Erantzuteko epea hurrengo eskola-saiora artekoa izango da. Hau da galdera:

“Lehenengo zatian, goiko partean, ‘Egitura formak’ testua agertzen da. Zer koloretako letran dago idatzita?”