Proiektua bukatzea eta neurketak egitea

Diploma-banaketa eta balorazioak

1- Eraikuntza bukatzeko tartea

Proiektuaren baldintza garrantzitsuenetako bat denbora-muga da. Dorrea diseinatu eta eraikitzeko talde bakoitzak 2 orduko tartea izango duela zehaztuta dago. Baina aurreko bi saioetan taldeak sortzeko eta gela batzeko erabili den denbora kontuan izanda, 15 minutu inguruko tartea eman behar zaie oraingoan eraikuntza bukatzeko.

2- Dorreen argazkiak eta neurketak

Behin eraikuntzak bukatuta, irakasleak talde bakoitzari eskatuko dio dorrea denek ondo ikusteko moduko puntu batera eramateko. Bertan argazki pare bat egingo zaizkio dorreari, eta, taldeko lekuko baten laguntzaz, irakasleak neurketak egingo ditu. Ondoko hauek dira nota jartzeko kontuan izango diren alderdiak:

  1. Altuera: zinta metrikoaren laguntzaz neurtuko da dorrearen altuera cm-tan.

  2. Egonkortasuna: 12 neurketa egingo dira, eta dorreak ezarritako proba bakoitzari eusten dion ala ez jasoko da:

    • Haizea: metro bateko distantziatik ile-lehorgailu baten haizeari eutsi behar dio dorreak, aurretik, atzetik, ezkerretik eta eskuinetik.

    • Desplazamendu txikiak: dorrearen puntu altuena 5 cm desplazatuko dugu. Gero askatu, eta bere onera bueltatu behar du erori gabe. Aurrekoan bezala, lau aldeetara mugituko da puntu hori.

    • Desplazamendu handiak: aurrekoak bezalako probak egingo dira, baina oraingo honetan puntu altuena 10 cm desplazatuko da.

    • Proba guztiei ondo eusten dieten bi dorre edo gehiago baldin badaude, gero eta desplazamendu handiagoak neurtzen jarraituko dugu (20 cm, 30 cm…) diploma merezi duen dorrerik egonkorrena zein den argitu arte.

  3. Estetika: neurtzen ari garen taldearen dorreari, beste talde guztiek 1etik 5erako puntuazioa emango diote, dorrea zenbateraino gustatzen zaien adierazteko. Puntuazioen batura jasoko da.

3- Diploma-banaketa

Dorrerik altuena, egonkorrena eta politena zein taldek lortu duen erabakiko da, eta, hurrengo saioan, agindutako diplomak banatuko zaizkie taldekide guztiei.

4- Proiektuen balorazioa

Proiektuak kalifikatzeko honela jokatuko da:

  • Paperean emandako diseinua eta aldaketen azalpenak baloratuko ditu irakasleak, argitasuna eta egokitasuna kontuan izanik. Atal honen ponderazioa % 10 da.

  • Neurketak: hiru alderdien (altueraren, egonkortasunaren eta estetikaren) kalifikazioen bataz bestekoa egingo da. Atal honen ponderazioa % 70 izango da.

    • Altuera: erreferentzia moduan, 170 cm-ko altuera hartuko da. Altuera horri 10eko balorazioa dagokio, eta hortik gorako altuerak diploma zehazteko balioko du bakarrik. Altuerari dagokion kalifikazioa lortutako altuera zati 17 eginez zehaztuko da. Esate baterako, 150 cm-ko altuerari 150/17 = 8,8ko kalifikazioa dagokio.

    • Egonkortasuna: dorrea laguntzarik gabe zutik mantentze soilak 4 puntuko balioa dauka kalifikazioan. Hortik aurrera, bigarren atalean egindako 12 probetan, dorreak eusten dion bakoitzeko 0,5 puntu gehituko dira. Guztiei eutsiz gero, kalifikazioa 10 izango da atal honetan, eta hortik gorako puntuazioak diploma norentzat den zehazteko bakarrik balioko du.

    • Estetika: kalifikazioa kalkulatzeko, kontuan izango da gelakideek emandako puntuazioa. Kalifikazioaren balioa kalkulatzeko, ondorengo formula hau erabiliko da:

  • Txostena: proiektua egin eta gero, taldekideek egingo duten txostena baloratuko du irakasleak. Ponderazioa % 20 da.