Proiektuaren planteamendua

Hasierako ideiak

Hasierako fase honetan, proiektuaren planteamendua aztertuko da. Talde handian egingo da, ikasleak lan-taldetan bildu barik.

1- Irakurketa-ariketa

Lehendabiziko fase honen garrantzia azpimarratu nahi da. Ezertan hasi baino lehen, ikasleei ohartaraziko zaie ondo ulertu behar dutela zein den eskatzen zaien eginkizuna eta zein diren horrek dakartzan baldintza guztiak.

Horixe azalduko zaio taldeari, eta horren ostean, paperean banatuko da ondoko irakurketa-ariketa hau, bost minutuan eta isilean egin dezaten, ezer galdetu barik.

IRAKURKETA-ARIKETA

2- Proiektuaren baldintzak

Arbel digitalean, ikasleek eraiki beharko duten proiektuaren baldintzak azaltzen dituen dokumentua aztertuko da.

Baldintza bakoitza ozen irakurriko da, behar diren xehetasunak emateko eta sortu daitezkeen zalantzak argitzeko. Horrekin bermatu nahi da zer lortu behar duten eta nola antolatu behar duten ulertu dutela.


DORREA - proiektuaren planteamendua

3- Hasierako ideiak

Arazo bati hainbat konponbide eman dakizkioke. Horregatik, behin helburua argituta, ideia-ekaitza egin behar da. Oso garrantzitsua da irtenbideak ikuspegi ezberdinetatik proposatzea eta nork berea.

Asmo horrekin, eta hortaz ikasleek oraindik taldekideak elkar ezagutzen ez dutela kontuan hartuta, ikasleei eskatuko zaie ideiak plazaratzeko. Norberak proposatutakoa nola egingo lukeen azaldu beharko du zirriborro batean. Zirriborro horretan beharrezko marrazkiak eta idatzizko azalpenak agertuko dira.

Horrela, hurrengo saioan, talde bakoitzak kide-kopuru bezainbeste ideia izango ditu. Taldeak ideia horien arteko bat aukeratuko du edo ideia batzuk nahasten dituen irtenbidea proposatuko.