Formak

Aurreko saioan, ondoko bideo hau etxean ikusteko agindu zaie ikasleei. Han ikusten da egiturak nola sailkatzen diren formaren arabera.

Egiturak 2.mp4

Saioaren hasieran, bideoan agertzen diren detaileak komentatuko dira denen artean. Galdera batzuk egingo zaizkie ikasleei ahoz, azalpena ulertu duten egiaztatzeko:

  • Nola deitzen zaio arkuz egindako tunelek edo galeriek osatzen duten egitura motari?

  • Zer egitura mota da pieza luze eta zurrunez osatuta dagoena?

  • Egitura laminatuak azaltzen dituenean, lau irudi agertzen dira. Gogoratzen duzue haietako bat?

  • Bideoan antzinako piramideak aipatzen dira. Zer egitura motatan?

  • Egitura esekiak azaltzen dituenean, azken irudia da futbol-zelai zahar baten harmaila estaltzen zuen egitura famatu batena. Zer futbol-zelai da?

Lau ariketa proposatuko dira, kontzeptuak finkatzeko:

1- Sailkatu egiturak formaren arabera (Quizizz galdetegia)

Bideoan azaldutakoa barneratzeko, ariketa bat egingo dute ikasleek. Helburua da hainbat iruditan agertzen diren egiturak identifikatzea.

Oraingo honetan, Quizizz tresnarekin egindako galdetegi digitala erantzungo dute banaka, arbel digitala erabili gabe. Lortutako puntuazioak Classroom sistemak jasoko ditu automatikoki.

Egiturak formaren arabera sailkatu - Quizizz.pdf

2- Kontzeptu-mapa egin (Google Docs testu-dokumentua)

Ariketa honen helburua da, testu-dokumentuan kontzeptu-mapa sinpleak egiten ikastearekin batera, gaiaren ideiak ordenatzen laguntzea.

Ikasleen zeregina hauxe da: testu-dokumentu batean, eta marrazteko programa erabiliz, kontzeptu-mapa txiki bat egitea, formaren arabera nola sailkatzen diren egiturak azaltzeko.

Aldez aurretik, irakasleak arbel digitalean azalduko du nola erabili behar diren kontzeptu-mapa egiteko tresnak, eta zer egin digitalizatu nahi den eskema lortzeko.

Ondorengo irudi honetan agertzen den moduko kontzeptu-mapa egitea da helburua.

3- Bilatu egitura esekiak (Google Docs testu-dokumentua)

Ikasleei lantxo hau planteatuko zaie, banaka egin dezaten:

Aukeratu munduko eta Euskal Herriko egitura eseki bana. Bilatu haien inguruko informazioa Interneten, eta entregatu testu-dokumentu batean. Gogoratu ohikoena dela egitura horiek zubietan edo kirol-instalazioen estalpeetan topatzea.

Bildu informazio hau dokumentu batean:

  • izena

  • argazkia

  • kokapena

  • neurria

  • eraikitze-data

  • bitxikeriaren bat, historia apur bat...

4- Definizioa (Google Docs testu-dokumentua)

  1. Sortu testu-dokumentu bat eta kopiatu bideoan agertzen den egituraren definizioa.

  2. Azaldu, zure hitzak erabiliz, zer esan nahi duen definizio horrek, lagun bati kontatuko bazenio bezala.

  3. Bukatzeko, txertatu 2. ariketan egindako eskematxoaren irudia.

Etxeko lana:

Saioaren bukaeran, ikasleei eskatuko zaie etxean ondorengo bideo hau ikusteko. Bideoa behar beste aldiz ikusi ahal izango dute. Hurrengo saioaren hasieran, azaldutako kontzeptuak komentatuko dira eta sor litezkeen zalantzak argituko.

Egiturak 3.mp4


Kontrol-galdera:

Ikasleei galdera erraz bat egingo zaie, etxean bideoa ikusi dutela egiaztatzeko. Erantzuteko epea hurrengo eskola-saiora artekoa izango da. Hau da galdera:

“Une batean, piramidea, haize-errota eta indioen tipia ikusten dira. Irudi hartan, hiru hitz daude. Zein dira hitz haiek?”