Erresistentzia eta egonkortasuna

Aurreko saioan, ondoko bideo hau etxean ikusteko agindu zaie ikasleei. Han ikusten da nola sailkatzen diren egiturak formaren arabera.

Egiturak 5.mp4

Saioaren hasieran, bideoan agertzen diren detaileak komentatuko dira denen artean. Azalpena ulertu den egiaztatzeko, galdera batzuk egingo dira ahoz:

  • Bideoan, une batean, mailua eta hostoa agertzen dira. Zer irudikatzeko? Nolakoak izan behar dute egiturek?

  • Zergatik hobesten dira profilak barra barne-beteen ordez? Nolako formak izan ditzakete?

  • Barrak lotzeko zer irudi geometriko aholkatzen du bideoan, egiturak forma mantentzen duela bermatzeko?

  • Nola deitzen dio elementu guztien pisua biltzen duen irudimenezko puntuari?

  • Ba al dago zerikusirik grabitate-zentroaren eta objektuaren arteko orekan?

Hiru ariketa proposatuko dira, kontzeptuak finkatzeko.

1- Triangelatzea (Google Docs testu-dokumentua)

Classroomen irudiak dituen ondoko testu dokumentu hau eskainiko zaie, ikasleek editatu eta eskatutakoa marraztu dezaten. Honela aurkeztuko zaie:

Artikulatutako barra-egitura hauek ez dira deformaezinak. Marraztu kolore berdez hori lortzeko gehitu beharko liratekeen barrak.

Oharra: barra horiek marraztu ahal izateko, irudia editatu egin behar duzu. Horretarako, egin klik irudian bi aldiz.

2- Egonkortasuna neurtzeko irizpideak (Google Docs testu-dokumentua)

Ariketa honen asmoa da objektu arruntak aztertu eta ondorioak ateratzen laguntzea ikasleei, euren diseinuak egin behar dituztenean kontuan izateko. Honela aurkeztuko zaie:

Ordenatu objektu hauek ezarritako irizpideen arabera. Geroago, ondorioztatu zein den egonkorrena.

3- Azaldu egonkortasun-irizpideak (Google Docs testu-dokumentua)

Irizpideak aplikatu eta arrazoiak azaldu beharko dituzte ikasleek.

Irudian dagoen objektuaren bi posizio horien artean, zein da egonkorrena? Azaldu zergatik erantzun duzun hori.


Etxeko lana: Osatu gaiaren eskema (Google Docs-eko marrazkia)

Kontzeptu teorikoak biribiltzeko, ikasleei eskatuko zaie ikusitako atal guztiak eskema batean biltzeko. Eskema egiteko, Google Docs-eko marrazkia erabiliko dute. Aurreko ataletan egindako zatiak kopiatu eta erabil ditzakete lan honetan.

Hona eskema bat, adibide: