HEZKUNTZA PROIEKTUA

PDF-AN DESKARGATZEKO

1.- IKASTETXEKO TESTUINGURUAREN AZTERKETA

ESKOLA BERE TESTUINGURUAN

Otxandio HLHI eskola Bizkaian dago, baina Arabako Aramaioko auzo bat gertu du; beraz, bi lurraldeetako ikasleak jasotzen ditu (Otxandio eta Aramaiotik). Horrek zailtasun administratibo batzuk eragiten ditu: mankomunitateak, gizarte zerbitzuak…

140-180 ikasle inguru ditugu; beraz, ez gara “eskola txikia”, izatez, baina are gutxiago, eskola handia. Urtearen arabera, bi maila elkartu ditzakegu edo maila bera bikoiztu, baina gure izaera lerro bakarreko eskola izatea da. Bertako familia gehienak euskaldunak dira, baina Otxandio kanpotik etorritakoak ere badira; batzuk, euskaldunak eta beste batzuk, ez.

Udalerria maila ertainekoa da alde sozioekonomikotik, eta gaztea; hortaz, herria hazi egin da eta hori eskolako maila txikietan nabaritzen hasi da.

Ingurune guztiz natural batean murgilduta gaude, eta nekazaritza eta abeltzaintza oso gertukoak dituzte hemengo ikasleek.

IRAKASLEEN FINKOTASUN EZA

Eskolako ezaugarrietako bat bere egoera geografikoan datza. Herria altu dago eta Bizkaitik dituen komunikazio-loturak nahiko txarrak dira. Horrek irakasleak denbora oso gutxi geratzea eragiten du. Egonkortasun ezak zaildu egiten du ildo pedagogikoaren eta zuzendaritza-taldearen jarraikortasuna. Bestalde, esan beharra dago etorri diren irakasle ordezko nahiz finkatuen ekarpenek berebiziko garrantzia izan dutela aipatutako egonkortasun faltak ez dezan eragin kaltegarririk izan ikasleen heziketan.

ALDE PEDAGOGIKOA

Irakasleen egonkortasun falta horrek agerian jarri du ildo metodologiko sendo bat izateko beharra. 2013an egindako hainbat hausnarketa sakonen ondorioz, gure ikasleek arteko elkarreeraginetik ikastea lehenetsi genuen. Hasierako urteetan, Talde Elkarreragileen bidez eta 2017tik aurrera, IKASKETA KOOPERATIBOAren bidetik jarraitzea erabaki genuen.

Haur Hezkuntzan ikasleen elkarrekintzan oinarritutako metodologia hau proiektuen bitartez gauzatuko da.

Esparru teknologikoari dagokionez, bultzakada handia eman zaio eskolako egunerokotasunean; bai irakasleak eta baita ikasleak ere guztiz inplikatuta daude prozesu horretan. Dokumentatze-prozesua modu digitalean egiten ari da. Gurasoekin, komunikazio digitala bi era nagusitan gertatzen da: Eskolako web-gunearen bidez eta emailez. Horrek asko erraztu du gurasoekiko komunikazioa.

2.- PRINTZIPIOAK, BALOREAK ETA NORTASUN-EZAUGARRIAK

1.- Gure eskola, eskola publikoa den heinean akonfesionala, konpentsatzailea eta anitza izango da: egon litezkeen mota guztietako desberdintasunek tokia izango dute eta ikasleen artean gertatzen diren desoreka sozialak konpentsatzen ahaleginduko da.

2.- Eragile guztien (guraso, ikasle, irakasle eta ez-irakasleen) partaidetza aktiboa bultzatuko du, kideen arteko errespetuari lotuta, Hezkuntza Komunitate bat osatuz, herriko beste erakundeekin harremanak dituena.

3.- Heziketa ikasleen ezaugarrietan oinarritzen duen eskola bat gara, eta helburua da haiek gaitasun guztiak garatu ahal izatea ezaugarri horiei egoki moldatzen zaien prozesu baten bidez.

4.- Euskaraz biziko den eskola eta ikasle euskaldun eleanitzak prestatuko dituena.

5.- Euskal ohiturak eta herriko ondare kulturala bultzatzen duena.

6.- Herriko errealitatean integratuta dagoen ikastetxea, berriztatzaile eta gaurkotua.

7.- Ondare naturalen transmisioa eta haren jasangarritasunarekiko konpromisoa sustatuko duena.

8.- Ikasle bakoitzari askatasunean aukeratzeko, pentsatzeko, adierazteko, norbera den bezala agertzeko eta bere berezitasunez jabetzeko aukera eman nahi diogu. Pertsonaren garapen integrala sustatuz.

9.- Berdintasunezko harremanak sustatuko dituen ikastetxea izango da, mota guztietako bazterketen nahiz genero-indarkeriaren aurkako jarreretan heziko duena.

10.- Jazarpena onartuko ez duen ikastetxea.

3.- HELBURUAK ETA LEHENTASUNAK

Ondoren formulatuta dauden helburuak Hezkuntza Komunitateak ezarri dituen lehentasunen arabera daude ordenatuta:

1.- Heziketa ikasleen ezaugarrietan oinarritzea, ikasle bakoitzari askatasunean aukeratzeko, pentsatzeko, adierazteko, norbera den bezala agertzeko eta bere berdintasunez jabetzeko aukera emanda.

2.- Berdintasunezko harremanak sustatzea, mota guztietako bazterketen nahiz genero-indarkeriaren aurkako jarreretan heziz. Jazarpena onartuko ez duten pertsonak haztea.

3.- Egon litezkeen mota guztietako desberdintasunek tokia izatea, eta ikasleen artean geratzen diren desoreka sozialak konpentsatzea.

4.- Ikasle euskaldun eleanitzak prestatzea. Euskara, euskal ohiturak eta herriko ondare kulturala bultzatzea.

5.- Eragile guztien (guraso, ikasle, irakasle eta ez-irakasleen) partaidetza aktiboa bultzatzea eta harremanak bilatzea herriko beste erakundeekin.

6.- Ikuspuntu berriztatzaile eta gaurkotua garatzea, herriko errealitatean integratua.

7.- Ondare naturalen transmisioa eta haren jasangarritasunarekiko konpromisoa sustatzea.

4.- CURRICULUMAREN ETA ANTOLAMENDUAREN ESPARRUETAKO AUKERAK

4.1.- CURRICULUMAREN ESPARRUA

4.1.1.- METODOLOGIA-AUKERAK

Oinarrizko Konpetentzietan oinarritutako metodologia izango da eta ikasleen arteko elkarrekintzak duen garrantziaz baliatuko gara:

Haur Hezkuntzan ikasketa esanguratsua izango da oinarria eta gelako lana proiektuen bidez egingo da, batez ere.

Lehen Hezkuntzan “Ikasketa Kooperatiboan” oinarritutako ikasketa da gure abiapuntua. Horretarako, ikasleen taldekatze-ereduak erabiliko ditugu: “Ikasketa Kooperatiboa / Kooperatzen Ikasi”. Ikasleen arteko elkarrizketan oinarritutako hezkuntza izango da. Elkarrekintza horizontalak dituen onurataz baliatuz.

Eskola zabala izanik, herriko beste agenteen esperientziak zabaltzea sustatuko dugu, eskola barruan eta eskolatik kanpo ikasleen hezkuntzan aktiboki parte hartu dezaten.

4.1.2.- EBALUAZIOA

Oinarrizko konpetentzia guztiak, zehar-konpetentziak eta diziplina barnekoak, ebaluatu beharko dira. Disziplinako Konpetentziak arlo desberdinetako irakasleek ebaluatuko dituzte eta Zeharkakoak irakasle taldeak.

Hasierako ebaluazioaren edo diagnostikoaren helburu nagusia da jakitea ikaslea zer egoeratan dagoen irakasteko eta ikasteko prozesua abiatu aurretik, horrela, hezkuntzako esku-hartzea ahalik eta egokien diseinatu ahal izateko.

Prozesuaren ebaluazioaren edo ebaluazio hezigarriaren helburua da ikaslearen ikasteko prozesu osoak duen garapenari eta bilakaerari buruzko informazioa eskuratzea, edukiak eskuratu dituen eta haiek egoera jakinetan erabiltzen dakien jakiteko. Informazio hori eskuratuta, ikaslearengan hautematen diren indarguneen eta ahulguneen arabera doituko da ikasteko prozesua, eta oztopoak gainditzen lagunduko zaio oztopo horiek hautematetik laster, autorregulazioko prozesuak indartzeko. Ebaluazio mota honek du eraginik handiena ikaslearen ikaskuntza-emaitzetan, haren xedea baita prozesu horretan behar diren zuzenketak egitea, azken ebaluazioa gogobetegarria izan dadin laguntzeko, hura egin baino lehen.

Amaierako ebaluazioa edo ebaluazio batutzailea egitean, kalifikazio bat jartzen zaio ikasleari; hala, estandarizatutako eta arauz ezarritako eskalaren arabera kodetuta adierazten da kalifikazio hori. Hortaz, egiaztatzeko eta, batzuetan, ziurtatzeko izaera du, eta objektiboa izan behar du. Ez da amaierako ebaluazioa ikaslearen ikasteko prozesutik aparte edo isolatuta ulertu behar; aitzitik, prozesu horrek une jakin batean adierazten duen emaitza dela ulertu behar da. Ikastetxeak berak edo, noizbait ere, kanpoko erakunderen batek egin dezake amaierako ebaluazio hori. Amaierako ebaluazioari erreparatuta hartzen dira zenbait erabaki administratibo, hala nola mailak edo etapak gainditzearen, promozioaren eta titulazioaren gainekoak. Ikasleei egindako ebaluazio batutzaileen emaitza guztiak bildu behar dira, eta beste elementu batzuekin batera kontuan hartu. Era berean, hurrengo ikastaldiaren plangintza orientatzeko diagnostiko-elementua da amaierako ebaluazioa.

Ebaluazio irizpideak objektiboak eta publikoak izango dira. Adierazle neurgarriak izango ditu.

Ikaslearen ebaluazioari buruzko informazioa ikasturte bakoizean hiru bider emango zaie gurasoei, baita ikasleei ere.

4.1.3.- HEZKUNTZA-ESKAINTZA

2 urtetik 12 urterarteko D ereduako hezkuntza eskaintza izango dugu. Hau da 2 urtetan hasten den Haur Hezkuntza eta Derrigorrezko Lehen Hezkuntza.

4.1.4.- ANIZTASUNARI TRATAERA

Gure ikastetxeak aniztasunaren trataerarako neurriak egunerokotasunean aurrera eramango ditu ikasle guztiek kalitatezko hezkuntza eskuratzeko eskubidea dutelako. Aniztasunaren trataera dugu, planteamendu inklusibo batetik abiatuta, hezkuntzaren kalitatea balioesteko irizpideetan giltzarrietako bat eta inklusioa bera, ikastetxeko hezkuntza-sistemaren ardatza izango da, ikasle guztien garapen pertsonala eta soziala bermatzeko orduan.

Ikasle bakoitzaren izaera errespetatuko dugu, bakoitzaren lan-erritmo ezberdinak, ezaugarriak, motibazioa, interesa, beharrizanak eta abar kontutan hartuz; bakoitzari egokitutako erantzuna eskaintzea beharrezkoa da eta honetarako, beharrezkoak diren neurri desberdinak hartuko ditugu, bai banakoak, taldekoak, metodologiari dagozkionak, antolakuntzazkoak, materialen ingurukoak etab.

Ikasleen arteko aniztasuna, talderako aberasgarria den heinean, balore gisa bultzatu behar dugu. Desberdintasunak aintzat hartuta, ikasleengan, bakoitzak bere egoera soziokulturala, pertsonala, ikaste prozesua eta erritmoa izango duela jakinik, gaitasun eta trebetasunak garatzen saiatuko gara. Emaitzak ezberdinak izango direla onartuko dugu eta horiek konpentsatzea izango da gure betebeharra. Horrela, afektibitatea, autoestima, errespetua, askatasuna, elkarrizketa, jarrera kritikoa, berdintasuna, osasuna, jakinmina, sormena, lana eta aisialdi aberats, osasuntsu eta egokiak bultzatuko ditugularik.

Bakoitzaren hezkuntza-premiei edo berariazko interes pertsonalak edozein direla medio, guztiontzako eskola dela ziurtatzea ezinbestekoa da eta aukera berdintasunean oinarrituriko kalitatezko hezkuntza eskaini nahi dugu, baztertuak izateko arriskua duten kolektibo eta banakoei ikasteko aukera errealak emanez.

Guztiontzako eskola garatu nahi dugu, komunitate seguru bat eta lankidetzazkoa sortuz, inklusio-balioetan oinarrituko dena hain zuzen ere, politika inklusiboak landu eta jarduera inklusiboak gauzatuz.Irakasle, ikasle, eskola kontseiluko kide eta familia guztiek konpartitutako trataera eta balioak garatu nahi dira, eta horiek hezkuntza-zentroko kide berri guztiei trasmititu.

4.1.5.- ORIENTABIDEA ETA TUTORETZA

Tutorea ikaslearen oinarrizko erreferentea izango da aspektu guztietan: Akademikoa, emozionala eta harremanetan lidergoa eramaten duen figura.

Akademikoa: Tutoreak dagokion ikasleen jarraipena egingo du. Jarraipen hau irakasle taldeak emandako datu objetiboetan oinarrituko da. Ikasketa Burua eta Aholkulariarekin adostuko dituzte behar diren moldaketak, bai kurrikularrak, bai kurrikulumera gerturatzea.

Emozionala: Tutorea ikasleen lidergo emozionala izango du. Nola dauden eta zer gertatzen zaien jakingo du. Bakarkako eta taldeko solasaldiak sustatuko ditu aldian behin eta behar diren neurriak kudeatuko ditu.

Harremanetan: Otxandioko eskolan konpromiso berezia dugu elkarbizitzarekin. Jazarpen egoerak detektatu eta kudeatzeko batzorde bat dugu. Genero ikuspegi ez binarioa aldarrikatzen dugu gure jarduera eta materialetan eta “heteronormaren” aurrean beste eredu batzuk ematen ditugu.

4.1.6.- HIZKUNTZEN ERABILERA ETA TRATAMENDUA

Euskara izango da ikastetxeko hizkuntza nagusia. Ikasleekin, irakasleen artean, herriko nahiz erkidegoko erakunde guztiekin eta gurasoekin lehentasuna emango zaio . Gurasoei oharrak euskaraz bidaliko dizkiegu eta behar izanez gero elebitan.

Hizkuntzen presentziari, erabilerari eta ikas-irakaskuntzari dagozkion alderdi guztiak hobetzeko, esku-hartze didaktikoa ez ezik, hizkuntzen arteko bizikidetza eta kohesioa garatzen saiatuko gara.

Guk, persona euskaldun eleaniztunak hezi nahi ditugu. Hartara, beste hizkuntzen beharrezko ezagutza eta erabilera ere sustatuko dugu. Eskolan gaztelera eta ingelesa ere bideratuko ditugu eta hizkuntza aniztasuna aberasgarri ikusten dugunez, ikasle guztiek duten ama hizkuntzarekiko errespetua eta interesa ere erakutsiko dugu.

Euskararen normalkuntza sustatu eta ziurtatzeko, eskolan batzorde bat egongo da.

4.1.7.- PRESTAKUNTZA ETA BERRIKUNTZA

Irakasleen etengabeko prestakuntza ahalbidetuko da, ikasturte bakoitzeko beharrei lehentasuna emanez. Aurreko ikasturteko memorian islatu den balorazioa eta iradokizunak aztertuz diseinatuko da.

Komunitateko beste eragileen (batez ere, familien) beharretara egokitzen diren formazioak sustatuko ditugu, Guraso Elkarteko balorazio eta iradokizunak aintzat hartuta.

4.2.- ANTOLAMENDUAREN ESPARRUA

4.2.1.- IKASTETXEAREN ANTOLAMENDUA, FUNTZIONAMENDUA ETA KUDEAKETA

IKASTETXEKO ORGANOAK

Barne Erregimeneko Arautegian zehazten dira ikastetxeko organoen betebeharrak eta konpetentziak.

Eskola Kontseiluak

Ikastetxeko organu gorena da.

Bertan hartzen dute parte hezkuntza elkarteko sektore desberdinek (ikasleek, irakasleek, gurasoek, zuzendaritza taldeak, udalak, irakasle ez diren langileek).

Eskola Kontseiluaren ardura da plangintza guztiak, hala gestio mailakoak nola administrazio eta ekonomia alorrekoak, onartzea, eta zentruko jarduera orokorra ikuskatzea.

Zuzendaritza Taldeak

Ikastetxeko zuzendaritza funtzioak betetzen ditu.

Taldeko partaideak dira:

● Zuzendaria: Gestioa, zuzendaritza eta ikastetxeko koordinazio orokorra.

● Ikasketa Burua: Pedagogia alorreko arduraduna.

● Idazkaria: Administrazioa eta gestio ekonomikoa.

Partaide guztien arteko talde-lanaren alde egiten dugu apostu, zuzendaritza koherente, koordinatu eta eraginkorragoa lortzearren, aholkularia ere zuzendaritzako partaidetzat jotzen dugu erabaki estrategikoetan.

Klaustroak

Ikastetxeko irakasle guztiak partaide diren organoa da. Klaustroak prestatu eta gauzatzen ditu irakaskuntza mailako jarduerak.

Lan teknikoa eraginkorragoa izan dadin, Zikloen egituran oinarritutako antolabidea dugu. Bertan biltzen dira zikloko tutoreak eta irakasle espezialistak, zikloko koordinatzailearen ardurapean. Zuzendaritza taldearen (zuzendaria, ikasketa burua eta aholkularia) gidaritzapean antolatzen dira zikloetako koordinatzaileak Batzorde Pedagogikoaren barruan. Zikloetan jorratzen dira Batzorde Pedagogikotik bideratutako gaiak eta baita batzorde ezberdinetakoak ere.

Gurasoen Elkarteak

Ikasleen gurasoak dira Ikastetxeko Gurasoen Elkarteko bazkide. IGEko (Ikasleen Gurasoen Elkartea) partaideek OOG-ean eta batzorde ezberdinetan parte hartzen dute eta proposamenak aurkezten dituzte OOG-an hauek erabaki beharreko gaien inguruan. Guraso Elkarteak ematen duen laguntza ekonomikoari esker, ikasleek aukera dute eskolaz kanpoko ekintzetan eta ikastetxeko ekintza osagarrietan parte hartzeko.

Elkarbizitza Asanblada

Lehen Hezkuntzako gela bakoitzeko ordezkari bi, zuzendaria, jantokiko arduraduna eta aholkularia batzen den asanblada da.

Batzordeak

Hainbat egitasmo aurrera eramateko batzordeak daude. Alde batetik irakasleak osatutakoak, eskolako proiektuak gauzatzeko eta, bestetik, guraso eta irakaslez osatutako batzorde mistoak (pedagogia batzordea, komunikazioa batzordea, jai batzordea…).

4.2.2.- PARTE HARTZEKO EREDUA

Otxandio eskolako ikas-irakas prozesuaren oinarria ikasketa esanguratsua eta dialogikoa da, pertsonen arteko interakzio dialogikoan ematen den ikasketan, hain zuzen. Ikuspegi honetatik, eskola barruko (ikasle, irakasle, zein eskolako beste langile-hezitzaileak) eta eskola kanpokoak (Hezkuntza Komunitatekoak diren gurasoak eta beste herritarrak) diren eragileen parte hartze aktiboa sustatuko dugu. Batzuetan esperientzia desberdinen protagonista bezela eta beste batzuetan hainbat ekintzetan boluntario bezala.

Eskolako antolakuntzako hainbat erabakietan ikasleen iritzia jasotzeko estruktura ziurtatuko dugu: Elkarbizitza Asanblada.

4.2.3.- BIZIKIDETZA

Aurretik esan bezala, eskolako identitatearen zutabeetako bat bizikidetza da. Ikaslea bere osotasunean ulertzen dugulako eta bere ikasketak besteekiko dituen harremanen eraginez osatzen direlako.

Berdintasunezko harremanak sustatuko dituen ikastetxea garenez, mota guztietako bazterketen nahiz genero-indarkeriaren aurkako jarreretan heziko ditugu gure ikasleak, beraz ez dugu inolako jazarpenik onartuko..

Jazarpena

Jazarpena gizaki-gizartearen baitan dagoen fenomeno bat izanik eskola gehienetan gertatzen da. Guk dugun ikasle kopurua kontutan hartuta, jazarpenaren fenomenoari ezin dugu ukatu. Honen kudeaketa JABETU batzordeak egingo du eta ondorengo funtzioak edukiko ditu:

1.- Ustezko jazarpen eta jazarpen kasuen tramitazioa egingo du.

2.- Hezkuntz komunitatearen inplikazioa ziurtatuko du.

3.- Prozesuaren gidaria izango da eta kasuen jarraipena egingo du.

Generoa gainditzen

Generoaren ikuspegitik erabaki batzuk hartu ditugu eskolan, azken urteetan, eta ikuspegi zabalago batetik ekiteko konpromezua hartu dugu.

Sexua genitalitatearekin lotzen dugu, baina generoa ez. Generoa ikuspegi malguagotik aztertuta, gure ikasleak edota edozein komunitateko partaide, zein generokoa sentitzen den errespetatuko dugu, baita definizio hori egin nahi ez badu ere. Norbera sentitzen dena eta berau adierazteko modua ere errespetatu eta onartuko dugu.

Heteronormatik at dauden pertsonak eta jokabideak gizartean, eta eskolan bertan ere, zigorturiko joerak dira besteak beste. Horregatik, aniztasunaren ikuspegitik bideratuko ditugu bai programazioak eta baita eskola emateko era eta esku hartzeko modua ere.

Egoera honi aurre egiteko asmoz, ikas materialen errebisioa eta egokitzapena egingo ditugu eta pertsona edota harreman eredu anitzak eskeiniko dizkiegu bai ikasle, baita hezkuntza komunitateko partaideei ere.

Elkarbizitza Asanblada

Ikasleen hitza kontutan hartzen dela ziurtatzeko organoa da. Hilean behin elkartuko dira Lehen Hezkuntzako gela bakoitzeko bi ordezkari, jantokiko arduraduna, aholkularia eta zuzendaria. Tutoretza saioekin lotura zuzena izango dute, informazioaren joan-etorria ziurtatuz. Hauek izango dira batzordearen helburuak:

    • Eskolako giroa hobetzea.

    • Eskolaren inguruan dauden arazo anitzak eztabaidatu eta ahal den neurrian akordioak hartzea.

    • Ikasleen akordioak diren neurrian hartutako erabakiak errespetatzea

5.- INDARRALDIA ETA MANTENTZEA

Dokumentu honen indarraldia 2017ko ekainaren 8an hasten da eta beste berriztapen bat Ordezkaritza Organu Gorenak onartu arte.