HEZKIDETZA

Eskolan, egunerokoan txertatu beharrekoa da hezkidetza. Gure eskolak berdintasunaren alde egiten du, aniztasuna onartuz eta errespetatuz.


Sozializazio prozesua genero-mugetatik aske izateko, ​hezkuntza morez ​jantzi behar dugu eta ​genero-analisia ezinbestekoa da prozesu hezkidetzaileak eraikitzeko, pertsona askeak eraikitzeko. Hori da hain zuzen ere eskolatik bermatu nahi duguna.


Hezkidetzak, betaurreko moreak eskainiko dizkigu, jendartean indarrean dauden bazterkeriak eta indarkeriak identifikatzeko.

Betaurreko moreak jarri behar ditugu gure komunitatean: hezitzaileok, langileak, ikasleak, familiak, herritarrok…

Zergatik moreak?

Feminismoa delako ikuspegi hori ematen diguna eta hezkidetza feminismoaren alaba delako.

Beraz, heziketa-eremuetan ere, betaurreko moreak dira sexu eta genero analisia egiteko ikuspegia ematen digutenak, hau da, egunerokoan sexismoa agerian uzten digutenak.


Hezitzaile moduan, hezkidetzak gakoak ematen dizkigu indarkeriaren prebentziorako, horien aurrean esku-hartzeak diseinatzeko, eremu presentzialetan nahiz birtualetan bizi esparru guztiak aztertzeko eta esku hartze berdinkide eta berdinzaleak sustatzeko.


Proiektuen lanketan eta egunero egiten ditugun jardueretan, zeharka, hezkidetza lantzen dugu gure eskolan.

Komunitateak ere jaso behar du eskolan egiten dena eta ahal izanez gero elkarrekintzan lan egin behar dugu hezkidetza alorrean, familiekin, langileekin, ikasleekin eta herriarekin. Gizartean ematen diren ereduak, gure ikasleek barneratzen dituztelako.

TXOKO MOREA