Rol Abentura Jokoa

Asko eta asko saiatu dira Asmakizunen Erresuman sartzen, baina bat bera ere ez da atera. Batzuk Sugeen Amildegietan desagertu badira, beste batzuk Armiarmen Kobazuloan. Basamortuko Mamuen artean ere bat baino gehiago bukatu ditu bere abentura egunak.

Gaur egun inor ez da sartzera ausartzen, baina behar bada zuek…

…ez, ez dut uste, ala… bai?

Jakin dezazue sartuz gero ezingo duzuela etorri zareten tokira bueltatu. Asmakizunen Erresumaren azkenengo froga egin arte egon beharko zaretela bertan. Gainera bertako lurralde misteriotsu guztietatik pasatu beharko zarete taldean eta zuetako bakoitza pertsonai berezi bat izango da.

Bidea egitera ausartzen bazarete ondorengo lerroak irakurri…

5-6 laguneko taldeak izango zarete eta bakoitza mota bateko izakia izango da:

MOTXOREGIKO ARKEROAK

Izaki oso trebeak dira. Arku eta geziagaz 100 m-tik euli bati emateko modukoak. Izaera serioa dute, baina beren lagunen lagunak dira. Ahots barik jaiotzen dira eta keinuen bitartez komunikatu ohi dira.

ILUNTXUKO EXPLORATZAILEAK

Mapa eta planoen kontuetan oso onak dira. Taldeari beti laguntzeko prest daudenez lehenengoak izan ohi dira terrenoa zapaltzen. Gutxi hitzegitekoak badira ere, beti irribarretsu egoten dira.

AMETSEN ZALDUNAK

Jaiotzetik zaldi baten gainean. Familia aberatsa izanik irakurtzen oso jaioak. Txikitan hainbeste irakurrita, beren abenturak, apur bat, puztu egiten dituzte (izugarrizko grazia dute gauzak kontatzen!). Oso alaiak eta kantariak dira. Inoiz ez du lagun bat atzean utziko.

BALTZOLAKO GENTILAK

Baltzolako mendietan saltoka ipiltzen dira. Oso indartsuak. Egunero 10Kg patata jaten dituzte eta edozein pisu altxatzeko gai dira. Euskal Herriko mendi gehienak beraiek egin dituzte.

BIHOTZEN ZAINTZAILEAK

Izaki kementsuak dira. Izugarrizko bihotz onekoak. Beren bihotzaren taupada bakoitzarekin basoko animalia guztiak dantzatzen ipintzen ditu. Ez dituzte injustiziak ulertzen. Arauak betetzea atsegin dute.

ERREKAKO LAMIAK

Erreka ertzean kantari egotea espero baduzu, jai daukazu! Erreketan zehar igeri egiten mundu guztitik zehar bidaiatzen ohitutak daude. Han-hemen gauzak saldu eta erosten altxor izugarriak pilatu dituzte. Urjauzi azpiko zuloetan hainbat eta hainbat urrezko tramankulu dituzte, baina kontuz ibili kentzen badizkiezu!

Bakoitza zer izango den taldean adostu beharko duzue, baina azkenengo frogararte ezin izango duzue pertsonaia aldatu.