Sarrera
Ziur ez dagoela inor zuen artean Google Maps edo Earth ezagutzen ez duenik. Jakingo duzue ere Google Maps-en bitartez aukera daukagula lurreko edozein punturen gaineko argazkia ikusteko, handitze maila desberdinekin gainera. Google Earth-ek argazki guzti horiekin esfera lurtarrean zehar bidai birtualak egiteko aukera eskaintzen digu. Ez al duzue inoiz izan argazki hauek nola eta nondik lortzen diren jakiteko kuriositaterik?
Argazki bitarteko bista hau "Satelite" izenez ezagutzen bada ere, mapa hauek egiteko beharrezkoak diren argazki guztiak ez dira satelite bitartez jasotzen. Egia da urrutiko mapak, zoom txikiarekin ikusten direnak, bai daudela sateliteetatik zuzenean ateratako argazkiez osatuta. Google-ek bere mapak osatzeko DigitalGlobe eta GeoEye enpresen sateliteek ateratako argazkiak erosten ditu. Azken enpresa honek 2008ko irailean espaziora bidalitako GeoEye-1 sateliteak konkretuki bereizmen eta xehetasun handiko argazkiak jasotzen ditu (0,41 metroko neurrirainokoak). 2013an ipiniko dute espazioan GeoEye-2 satelitea, aurrekoaren "anaia". Honek oraindik detaile eta bereizmen handiagoko argazkiak aterako ditu (0,34 metrokoak) . Azpian daukazue satelitearen orbitaratzea eta honen funtzionamenduaren oinarriak azaltzen dituzten bi simulazio:
Dena den, duela urte gutxi batzuetatik hona Google-ek bereizmen handiko kameraz hornitutako hegazkinak erabili ditu argazki hauek ateratzeko. Eta zergatik erabiltzen ditu Google-ek horrelako hegazkinak sateliteen bereizmena hain handia bada? Bi arrazoi nagusiengatik:
Alde batetik, diru kostu handia suposatzen duelako sateliteen bitartez argazkiak eskuratzea.
Bestetik (eta nagusiki) hegazkinen bitartez bisita gehien jasotzen dituzten zonaldeetako argazkiak eguneratuta mantentzea errazagoa delako, hauekin lurreko eremu jakin eta zehatz baten irudiak maiztasun handiagorekin atera daitezkeelako.
Hala eta guztiz ere, horrelako metodoak garestiak izaten jarraitzen dute. Hori dela eta, Google alternatiba merke eta praktikoagoen bila hasi da. Eta baita bilatu ere. Duela denbora gutxitik hona Google erabiltzaile arruntok ateratako argazkiak erabiltzen hasi da. Bai ondo irakurri duzue; guk geuk ateratako argazkiak erabiltzea erabaki du Google-ek!!!
Eta nola lor daitezke horrelako argazkiak? Bada balloon mapping deitzen den teknika bat erabiliz. Egizu klik esteka honetan teknikaren oinarriak azaltzen dituen bideo labur ikusteko edota botaiozu bistazo azpiko bideoari:
Webquest honen bitartez proposatuko zaizkizuen bi atazak teknika hau erabiliz burutu beharko dituzue. Ez dago esan beharrik, beraz, oso garrantzitsua izango dela heliozko globoekin argazkiak ateratzeko teknika ondo menperatzea ezer egiten hasi aurretik. Horretarako, teknikarekin trebatzen denbora pixka bat hartu beharko duzue. Behin prozesua menperatzen duzuela ikusten duzunean, hauxe izango da burutuko beharko dituzuen atazak:
Bi talde handitan banatu ondoren, balloon mapping teknika erabiliz, lehenengo taldeak Ordiziako Gabonetako azoka bereziaren bideo bat grabatu beharko du eta bigarren taldeak Ordiziako eta Goierriko beste hainbat herrietako argazkiekin mapa bat osatu beharko du, bi kasuetan zehaztuko dituzuen azpizeregin guztien ardura lau azpitaldeen artean banatuz burutu beharko dituzuelarik.
Kasu bietan, lortutako azken produktuak berrerabiltzeko baimen egokiarekin argitaratu beharko dituzue. Baimenaren kontua zer dela eta aipatzen den jakin nahi duzue? Bada gure materiala Google-ek bere aplikazioetan erabiltzea nahi badugu adibidez, gure lanaren berrerabilpena posible egiten duen lizentzia bat ezarri behar diogu. Gauza bera gertatuko litzateke udaletxeak grabatutako bideoa bere webgunean zintzilikatzea nahiko bagenu. Dena den, horren aurretik lan txukuna egin behar izango duzue guztion artean.