Atazak
Webquest honetan zehazten diren bi atazak burutzeko, talde osoa bi talde handitan banatuko da, FOTOMEIKERak alde batetik eta BIDEOMEIKERak bestetik. Bi taldeek balloon mapping teknika bera menperatu beharko dute baina bakoitzak helburu desberdina izango du: lehenengoak Ordizia eta bere inguruko argazki-mapa egitearen ardura izango du eta bigarrenk azokaren bideoa grabatuko du Tilt Shift izeneko teknika erabiliz. Bi talde handiak lau ikaslez osatutako lau talde txikiagoetan banatuko dira. Lau azpitaldeek jasotako materialarekin osatuko dira zeregin nagusi biak. Lana modu antolatu eta eraginkorragoan burutzearren, azpitalde bakoitzeko bikote bi definituko dira, funtzio eta zeregin espezifiko desberdinak izango dituztenak.KATXARREROAK: hauek izango dira materiala lortu eta hauen manipulazioaz arduratuko direnak. Euren helburu nagusiak, besteak beste, hauek izango dira:
Material hornitzaileak izango dira: beharrezkoa den materiala bilatu eta lortu beharko dute.
Materiala baldintza egokietan erabili eta amaitutakoan berriro txukun jasotzeko ardura izango dute
Balloon mapping teknika ondo ulertu beharko dute, muntaketa prozesua behar bezala menperatzen dutela bermatuta egon beharko delarik.
Muntaketa zein garatze prozesuan segurtasun baldintzak betetzeaz arduratuko dira.
SALTSEROAK: hauena izango da ekintza planaren diseinua eta lortutako informazioaren postprodukzioa burutzea. Hauek, beraz, hardwareaz baino softwareaz arduratuko dira- Euren helburu nagusiak, besteak beste, hauek izango dira:
Bai bideo baita argazkien bitartez ere, aurretik zehaztutako azalera edo eremu osoa grabatuko dela ziurtatu beharko dute.
Aurrekoaren arabera, azpitalde bakoitzak bere datu bilketa zein kokapen fisikoan egingo duen mapa baten gainean kokatu beharko dute eta, era berean, globoak zein altueraraino igo beharko diren erabaki beharko dute
Lortutako argazki eta bideoen azken muntaia eta ekoizpena burutu beharko dute. Horretarako Tilf Shift teknikarekin bideok nola ekoizten diren eta MapKnitter aplikazioarekin argazkiak nola muntatzen diren ikasi beharko dute datuak biltzen hasi aurretik.
Amaierako materiala argitaratu eta partekatzeko ardura izango dute.
Orain arte azaldutakoa irakurri ondoren, garbi dago planteatutako erronkak bi alderdi desberdinetan bereizten dela; alderdi operatiboa izango da lehena eta informazioaren prozesatzea bigarrena. Bi alderdi hauek ondorengo jarduera sekuentziaren bitartez garatuko dira :
1. jarduera: Informazioa iturriak kontsultatu eta lehenengo erabakiak hartu --- Denbora: 2 saio
Hiru dira ondo lotu beharreko jakintza esparruak: balloon mapping teknikaren oinarria, MapKnitter aplikazioaren funtzionamendua eta bideoari Tilt Shift teknika aplikatzeko modua. Lehen jarduera honetan eskainiko zaizuen informazio iturri desberdinetatik hiru jakintza esparru horiek behar bezala menperatzen ahalegindu beharko zarete. Behin egin beharrekoaren ideia nagusi bat egiten duzuenean, ondorengo bi erabakiak hartu beharko dituzue:
Katxarreroak eta saltseroak nortzuk izango diren erabaki beharko duzue.
Taldeak erabiliko duen argazki kamera zein izango den erabaki.
2. jarduera: Materiala lortu eta talde bakoitzaren kokapena mapa gainean zehaztu --- Denbora: 4 saio
Ezinezkoa da aurrera jarraitzea material guztia lortuko dugula bermatu gabe. Horretarako katxarrero guztiak elkartu beharko zarete eta baliabideen orrian daukazuen material guztia nola eta nondik lortuko duzuen eztabaidatu eta erabaki beharko duzue. Bitartean, saltsero guztiak, bikote bakoitzak bere argazki kamerarekin, honek duen altuera/azalera ratioa neurtu beharko du. Gainera, Google Maps erabiliz, grabatuko nahi dugun eremuaren azalera kalkulatu beharko dugu. Kamerak duen altuera/azalera ratioa aintzat hartuta, azken egunean talde bakoitzak globoa non askatuko duen eta zein altueraraino igo beharko duen zehaztuko du.
3. jarduera: Zergatik egiten dute gorantz heliozko globoek? --- Denbora: 6 saio
Ba al dakizu zer dela heliozko globoek gorantz egiten duten eta ahoz puztutakoek berriz ez? Zenbat globo beharko dituzu kamera gorantz igo ahal izateko, bat, bi... hiru? Jarduera honetan planteatzen zaizkizun galdera eta ariketa sortarekin amaitu ondoren, gai izango zara, alde batetik, heliozko globoen goranzko mugimenduan parte hartzen duen printzipio fisikoa ulertzeko eta, bestetik, kamera gorantz igotzeko beharko duzuen gas bolumen minimoa zenbat izango den kalkulatzeko.
4. jarduera: D eguna eta H ordua heldu da; altxa globo horiek! --- Denbora: behar direnak
Guztia ondo egin badugu, Gabonetako azoka berezirako prest egongo gara bideomeiker guztiak azokaren inguruko bideoa grabatzeko. Ziurtatu behar dugu dena ondo lotuta daramagula ez baitugu izango bigarren aukera bat V. mendeurrenaren azkeneko azokaren irudiak ateratzeko. Fotomeikerrek beste oporretako egun bat aukeratu beharko duzue; eguraldi egokia (haize eta euririk gabekoa) izango dugula aurretik bermatuta egon beharko du. Aurretik, beraz, trebakuntza minimo bat izatea beharrezkoa izango da, egun handian guztia behar bezala ateratzeko.
5. jarduera: Lortutako materialaren postprodukzioa --- Denbora: 6 saio
Lortutako argazkiekin MapKnitter aplikazioaren bitartez lortutako argazkiekin Ordizia osoa jasoko duen argazki-mapa lortu beharko duzue (inguruak jasotzeko aukera badaukagu, oraindik hobe). Eta grabatutako bideoekin, azoka Tilt Shift teknikarekin azaltzen duen azken bideoa muntatu beharko duzue.